“Euskararen biziberritzea bidegurutzean dagoen honetan, egitasmo berritzaileak izango dira aurrera egiteko gakoa”
“Euskararen biziberritzea bidegurutzean dagoen honetan, egitasmo berritzaileak izango dira aurrera egiteko gakoa”
“Euskararen biziberritzea bidegurutzean dagoen honetan, egitasmo berritzaileak izango dira aurrera egiteko gakoa”
Euskara 4.0 jardunaldia
Euskalgintzako, euskal erakundeetako eta, oro har, gizarteko 90 lagunen aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskara 4.0 estrategia aurkeztu du gaur Orona Ideon egindako jardunaldian. Ikerketari eta berrikuntzari lehentasuna ematen ari zaio Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendaritza azken bi urteotan eta bide horretan sakonduko du egitasmo honen testuinguruan, beti ere aldundiko gainontzeko zuzendaritzekin eta gizarte erakundeekin lankidetzan.
“Euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean dago. Eta arriskua badugu bertan etsita geratzeko. Horregatik, egitasmo berri eta berritzaileek behar dute izan aurrera egiteko gakoa”, laburbildu du diputatu nagusiak, jardunaldiaren irekiera hitzaldian. Izan ere, “azken urteotan izugarrizko lana eta aurrerakada” ezagutu badu ere euskararen erabilerak, “okerreko bidea hartzeko arriskua” ere hor dago. “Irlandan gertatutakoa gerta ez dadin: ofizialtasuna eta babes juridikoa, erabatekoa, baina herritarren atxikimendua, eskasa”, osatu du.
Hori dela eta, diputadu nagusiak gogorarazi duenez, “euskaltzale askok” konpartitzen duten diagnosi horretatik abiatuz, erakundeok eta gizarteak berak bidegurutzetik “aurrerabidea” bilatzeko unea dela iritzi dio. “Argi geneukan lankidetza behar genuela bi esparruon artean. Dagoeneko bi urte pasatu dira eta ibilbide bat egiten ari gara. Elkarrekin egin dugu hainbat urrats, bide berrien bila. Gaur bide horren argazki korala atera nahi izan dugu. Gipuzkoak apustu sendoa egiten du hizkuntza berdintasunean gizarte gisa sakontzeko. Esplorazioan gabiltza, oraindik ez dago dena argi, baina arrakastarako baditugu bi giltza: berrikuntza eta lankidetza”, adierazi die Olanok bertan bildutakoei.
Amaitzeko, diputatu nagusiak azpimarratu du determinazio eta helburu horiekin lanean jarraituko duela Foru Aldundiak datozen hilabeteetan, elkarlanerako eta ekimen berritzaileak sustatzeko espiritu hori oinarri gisa hartuta. “Sinetsita nago bide egokia aukeratzen jakingo dugula, euskara guztion artean arnasberritzen jarrai dezagun”, amaitu du.
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, bide berriak urratzeko premia eta determinazioa azpimarratu ditu gaur Oronan egindako Euskara 4.0 jardunaldiaren irekieran
Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Mikel Irizarrek, gidatutako jardunaldian, Euskara 4.0 estrategiaren testuinguruan kokatzen diren hainbat egitasmo aurkeztu dira Orona Ideon. Besteak beste, tokiko aktibazioa, euskara ez dakienari ulermena berariaz garatzeko sistemen ikerkuntza, euskal administrazioen kudeaketa eredu berritzaileak, euskara oinarri izango duen ikus-entzunezko sorkuntza faktoria eta Jendaurrean Erabili jarduera gisako egitasmoak aurkeztu dituzte. Aurkezpenen ardura izan dute lan-ildo bakoitza gidatzen duten erakunde zein gizarte eragileetako ordezkariek.
Mikel Irizarren hitzetan, “estrategian eta antolakuntzan” eraldaketa premia “nabarmena da euskararen biziberritze prozesuan. “Hasitako lankidetzarekin jarraituko dugu legealdi osoan, eta traktore bereziak jarriko ditugu, eraldaketa erraztu dezaten”, gaineratu du.
“Gakoa da eragile euskaltzaleon pisua eta eragina handitzea gizartearen esparru guztietan: erabakiguneetara iristea eta hizkuntzaren aldagaia ardatzean kokatzea; deialdi eta kontratuetan lehiakorrak izatea; euskarazko erreferentzia indartsuak eraikitzea; harreman pertsonaletan hizkuntza hautuari eustea; norbanakoaren ahaleginari babes kolektiboa ematea; baldintza sortzea aurreko guztia egingarri izan dadin”, proposatu du Irizarrek.
2791