"Fiskalitatea da Aldundiak desberdintasun sozial eta ekonomikoei aurre egiteko duen tresna nagusia"
"Fiskalitatea da Aldundiak desberdintasun sozial eta ekonomikoei aurre egiteko duen tresna nagusia"
Diputatu nagusiak gogorarazi du foru erakundea lanean ari dela Gipuzkoa desberdintasun maila txikienak dituzten Europako lurraldeen artean kokatzeko.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur adierazi duenez, fiskalitatea da Foru Aldundiak desberdintasun sozial eta ekonomikoei aurre egiteko duen “tresna nagusia”. Bere ustez, desberdinkeriaren afera “gaur egun aurre egin behar diogun eta etorkizunean aurrean izango dugun erronkarik handiena” da. Olanok gogorarazi duenez, desberdinkeriaren aurkako borroka da, hain zuzen ere, Foru Aldundiaren helburu estrategiko nagusia, Gipuzkoa desberdintasun ekonomiko, sozial, lurralde, genero eta linguistiko gutxien dituen Europako lurraldeetako bat izan dadin. Gipuzkoako foru Ogasunak antolatutako eta Donostiako Miramar jauregian egindako ‘Desberdintasuna, fiskalitatea eta eredu produktiboa’ ikastaroaren irekiera ekitaldian egin ditu adierazpen hauek foru arduradunak.
Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, desberdinkeriari aurre egiteko, Gipuzkoa gobernantza ireki eta elkarlanekoaren aldeko apustua egiten ari da, “betiere etorkizunean finkatutako ikuspegiarekin”. Etorkizuna Eraikiz foru proiektua da estrategia honen ardatz nagusia, eta agenda berri bat zabaltzen ari da, “hamar urte barru are lurralde sozialagoa, berdeagoa eta lehiakorragoa izan gaitezen, ekonomia indartsuagoan eta gizarte kohesionatuagoan oinarritua”.
“Ekonomia sendo bat eta gizarte kohesionatu bat txanpon beraren bi aldeak dira. Ezin dugu gure gizarte ongizatearen mailari eutsi industria aurreratuan oinarritutako ekonomia lehiakorra izan gabe. Eta, era berean, gizarte ongizateari lotutako balioak, hala nola hezkuntza, gizonen eta emakumeen berdintasuna eta gizarte kohesioa, beharrezko balioak dira ekonomia indartsu eta lehiakorra garatzeko. Gipuzkoaren etorkizunerako, binomio horren garapena ezinbestekoa da, herrialde osoarentzat bezala”, azpimarratu du Olanok. Ildo horretan, gogorarazi du Gipuzkoak eskumen fiskal “oso indartsuak” dituela, eta horiek funtsezko tresnak direla desberdintasunaren aurkako lan horretarako. “Berretsi nahi dut Foru Gobernuak konpromiso sendoa duela Gipuzkoako Foru Ogasuna garatzen ari den lana bultzatzen eta zabaltzen jarraitzeko”, defendatu du.
Azkenik, diputatu nagusiak UPV/EHUren udako ikastaroen antolaketari ere gorazarre egin dio. “Gogoeta eta hezkuntzarako leihoa da, udaz uda Donostian irekitzen zaiguna. Ahalegin horrekin, lurralde eta herrialde irekiagoa, aurreratuagoa eta berdintasunezkoagoa eraikitzen laguntzen duzue, ekarpen oso garrantzitsua egiten diozue Gipuzkoaren etorkizuna eraikitzeari”, nabarmendu du. Ondoren, unibertsitateak eta udako ikastaroetako lantaldeak egindako lana eskertu eta aitortu ditu, bai eta gaur egindako topaketaren antolaketan inplikatutako Foru Ogasuneko taldeari ere.
Ikastaroa
Ikastaroak fiskalitateari lotutako hainbat arlotan adituak diren pertsonak elkartu ditu. Hitzaldi nagusia Graeme Nuttall ingelesak eman du, Fieldfisherreko aholkularia eta enpresako langileen parte-hartzearekin lotutako gaietan aditua dena. Ondorengo hitzaldi eta mahai-inguruetan honako hauek izan dira: Antonio Gonzalez eta Josune Razkin (ImpactHub), Lucía Gorjón (ISEAK), Raquel Sebastián (Madrilgo Complutense Unibertsitatea), Joxean Lapiera (Foru Ogasuna), Joseba Zalakain (SISS), María Pazos Morán (matematikaria eta aktibista feminista) eta Xabier Labandeira (Vigoko Unibertsitatea).
Azkenik, Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak eman dio amaiera ikastaroari. Bere hitzaldian, ekonomia indartsu bat eraikitzen jarraitzearen aldeko apustua egin du, desberdintasun sozial eta ekonomiko baxuak dituen gizarte baten oinarri gisa. Horretarako, elkarlanean jarraitzearen aldeko apustua egin du, Etorkizuna Eraikizek defendatzen duen errezeta. “Foru Aldundia gizartetik gertu egoten saiatuko da, epe laburreko arazoei erantzuten eta epe luzeko erronkei erantzuteko lanean jarraitzen dugun bitartean, betiere jarrera proaktibo eta komunitario batekin”, azaldu du.
3258