Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 'Gipuzkoa Digitala' programak indartuko du industriaren eraldaketa

'Gipuzkoa Digitala' programak indartuko du industriaren eraldaketa

2,3 milioiko laguntza programa bat onartu du, batez ere enpresa txiki eta ertainentzat, eta 3 laguntza lerro ezarri ditu.

Aldundiak indartu egin du Gipuzkoako industriaren eraldaketa digitalaren aldeko apustua. Horretarako, "Gipuzkoa Digitala" laguntza programa integrala jarri du abian. Programa horrek hiru laguntza lerro ezartzen ditu, 2,3 milioi euroko balioarekin, enpresa aurreratuenak eta garapen digital txikiagoa dutenak kontuan hartuta, baina gehienbat ETEei laguntzera bideratuta. "Digitalizazioa gure lehiakortasuna eta gure industriarena neurri handi batean baldintzatuko dituen prozesua da. Gure enpresak aldaketa teknologiko garrantzitsu eta gero eta azkarragoek markatutako egoera bati aurre egiten ari dira. Bermeekin egokitzea ezinbestekoa da gure industriaren indarra sendotzeko, erresilientzian sakonduz, eta gure etorkizuneko ongizatea bermatzeko", azpimarratu du Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak.

Deialdiaren informazioa www.gipuzkoa.eus/dirulaguntzak webgunean dago eskuragarri, eta eskaerak Internet bidez aurkez daitezke, Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez. Laguntzen programa Gipuzkoako ehun ekonomikoa lagundu eta eraldatzeko planaren (Ekonomia indartuz) egituraren barruan sartzen da. "Gure ongizatea, gaur egungoa eta etorkizunekoa, ekonomia indartsu batean oinarritzen da, eta horren barruan ezin dugu ahaztu industriaren garrantzia. Ezinbestekoa da gizarte arretaren ereduari eusten dioten baliabideak sortzeko eta Europan desberdintasun mailarik txikiena duten lurraldeetako bat izaten jarraitzeko. Horregatik, uztartzen ari gara, batetik, jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustera bideratutako neurri koiunturalak, sektore eta pertsona ahulenak babestuz, eta bestetik, honako hau bezalako beste neurri batzuk, etorkizunerako prestatuta egotera bideratutakoak".

Neurri handi batean, industria arloko ETEei zuzendutako laguntza programa bat da, Gipuzkoako industria enpleguaren ia erdia sortzen baitute. 1.200 inguru dira, eta erdiek 20 langile edo gutxiago dituzte. "ETEetan berrikuntza digitala sustatu eta orokortu nahi dugu, arrakala nabarmena dagoelako enpresa traktore eta handiekiko, horiek biltzen baitute berrikuntzaren zatirik handiena", adierazi du diputatuak. "ETE horietako asko beste enpresa handiago batzuen enpresa osagarriak dira, balio kate zabalago baten zati, eta eraldaketa digitala funtsezkoa da etengabe hobetzeko eta berrasmatzeko. Horregatik, laguntza horien beste ardatzetako bat da enpresen arteko lankidetza lehenestea, baita beste eragile batzuekiko lankidetza ere".

Gainera, 'Gipuzkoa Digitala' programak eraldaketa digitalaren alderdi ez-teknologikoak ere azpimarratu nahi ditu, "ziur aski, hobetzeko daukagun alorretako bay", diputatuaren arabera. "Gure industria sarea ekoizpenera bideratu izan da, eta bikaintasun mailak lortu ditu. Nahiko indartsuak gara teknologiari dagokionez, baina enpresa baten eraldaketa digitalerako beste elementu batzuk ere landu behar dira, hala nola arinagoak diren antolamendu era berriak, erabakiak modu deszentralizatuagoan hartzea edo berrikuntza prozesu irekiak. Ikuspegi zabalagoa behar dugu, lehiakortasuna hobetzeko, gero eta aldakorragoa den merkatura egokitzeko edo balio erantsia sortzeko eraldaketa digitalak eskaintzen dizkigun aukera guztiak baliatzeko".

4.0 produktua

Lehenengo lerroak milioi bat euro izango ditu, eta fabrikazio aurreratuaren eta 4.0 industriaren merkaturako produktu eta aplikazio berriak garatzera bideratutako proiektu esperimentalak lagunduko ditu, berrikuntza dakartenak. Zehazki, eremu hauekin lotutakoak: ekoizpen prozesuaren kudeaketa eta kontrola, konektibitatea, konputazioa eta cloud, errealitate areagotua eta errealitate birtuala, robotika aurreratua, gauzen Internet (IoT), ikuspen artifiziala, 3D ikuskapena eta neurketa aurreratua, fabrikazio gehigarria eta 3D inprimaketa, eta prozesuen eta produktuen trazabilitate teknologiak. Enpresa txiki eta ertainen proiektuak lehenetsiko dira, baita ETEak nahiz enpresa bultzatzaileak eta/edo ikerketa-zentroak barne hartzen dituzten lankidetzazko proiektuak ere.

Lerro honek babesa eman nahi dio Gipuzkoako enpresari, 4.0 produktuaren prozesua bizkortzeko; izan ere, informazioa sortzeko, jasotzeko edo denbora errealean aztertzeko gai da, eta horrek aukera emango die bere enpresa bezeroei edo erakundeari berari kudeaketa aurreratua, datu fidagarrietan oinarritua eta, beraz, eraginkorragoa egiteko. Gipuzkoako industria fabrika-eredu adimentsu, oso eraginkor eta balio-katean gero eta integratuago baterantz eraldatzen lagundu nahi da, teknologia berrien ahalmena aprobetxatuz ekoizpena malgutzeko, eskariaren aldaketei azkarrago erantzuteko eta produktuak pertsonalizatzeko.

Datekin

Bigarren lerroak 650.000 euroko zuzkidura du, eta 'Datekin' du izena. Enpresaren eta bere negozio ereduaren eraldaketa digitala lortzeko datuen balorizazio prozesua bizkortu nahi du, datuak erabakiak hartzeko informazio garrantzitsu bihurtzen adituak diren eragileen kanpo-kontratazioa lagunduz. "Kontua ez da prozesu analogikoak digitalizatzea, ezta eraldaketa 'tailerrera' mugatzea ere, baizik eta enpresa prozesu guztietan balio-aktibo gisa datuak eskaintzen dizkigun aukera guztiak ustiatzea, hala nola hornikuntzan, langileen hautaketan, kalitate kontrolean, ekoizpen prozesuen monitorizazioan, produktuaren diseinuan, marketin digitalean edo bezeroentzako arretan", azaldu du Larrañagak.

Horregatik, laguntza lerro hau heldutasun digitaleko maila ertaina edo altua duten industria enpresei zuzenduta dago, zeintzuek, beren produktuak eta prozesuak sentsorizatzeko hainbat ekimen garatu ondoren, aztertu gabeko potentziala duten hobetzeko beren banaketa edo hornidura prozesuak, merkataritza praktikak, lantokiaren antolaketa eta kudeaketa, edo produkzio prozesua, baina baita zerbitizaziotik eratorritako negozio eredu berriak sortzeko ere. "Datuak dira industriak bizi duen iraultzaren motor nagusia, eta aukerak ematen dituzte gure enpresek beren jarduera dibertsifikatzeko balio erantsi handiko zerbitzuak eskainiz, eredu tradizionalenen osagarri", adierazi du diputatuak.

Hemen ere ETEek laguntza ekonomiko handiagoa izango dute. Lerro honetan aurkeztutako proiektuek laguntza aditua izan beharko dute, enpresatik kanpokoa, ahal dela Oinarri Teknologikoko Enpresa Berrien (OTEB) bitartez. "Gipuzkoan eta Euskadin 'start up' ugari ditugu, irtenbide digital aurreratuen eskaintzan nabarmentzen ari direnak, eta ezagutza hori aprobetxatu eta industria-sektorearekiko lankidetza sustatu nahi dugu, eraldaketa bultzatzeko".

‘ETE digitala’

Azkenik, programak beste lerro bat du, "ETE digitala" izenekoa, eta 650.000 euro bideratuko dira horretara. Etorkizuna Eraikizen barruan, Gipuzkoako lurralde garapenari laguntzea du helburu, ETEen lehiakortasuna hobetuz, garapen agentzien sarearekin lankidetzan. Aldundiak indartu egin du deialdi horren zenbatekoa, eta, horri esker, enpresa onuradunen kopurua handitu ahal izango da, bai eta eragile adituen kontratazioa erraztu ere, enpresei zuzenean laguntzeko, egin nahi dituzten proiektuak definitzen eta ezartzen.

Programa horren bitartez, garapen agentzia guztiek laguntza eskainiko diete eraldaketa digitalaren bidez beren negozio prozesuetan berrikuntza txertatu nahi duten ETE berriei, 4.0 Industria/enpresa adimenduna eredura hurbilduz. Sentsibilizazioko lehen fasea 100 enpresa ingururekin egin ondoren, horietako 40-50 baten (erdiak gutxienez industria alorrekoak) eraldaketa digitalerako ekintza plan bat zehaztuko da, ondoren hedatzeko.

Larrañagaren arabera, "kasu honetan, garapen digital txikiena duten ETEei lagundu nahi diegu, horiek baitira zailtasun handienak dituztenak, ezagutza eta baliabide faltagatik, eta hori, gainera, eskualde guztiak kontuan hartuta egin nahi dugu, agentzien ezagutza eta hurbiltasuna aprobetxatuz, eta beste eragile batzuk tartean sartuz, hala nola LHko zentroak, zentro teknologikoak eta zerbitzu aurreratuen enpresak".

Azken bi urteetan, 85 enpresarentzako ekintza planak zehaztu dira, eta horietan guztietan alderdi teknologikoa landu da, eta 73 enpresatan ere, 4.0 eredua integratzeko baldintza ez-teknologikoak.Automatizazioko teknologiak izan dira nagusi eta, horien atzetik, sistema horizontalak eta bertikalak integratzeko teknologiak. Oso gertutik jarraitzen die big datak eta datuen analisiak, 2020an gora egin duenak.Integrazio teknologikoaren helburu nagusiak izan dira, batetik, eragiketa-fabrikazioko datuen analisia edo babesa hobetzea eta, bestetik, fabrikazio prozesuen kostuak hobetzea. Integrazio teknologikoaren eremu nagusia ekoizpen prozesua da.

Erreferentzia zentroak

Eremu horretan, Foru Aldundiaren estrategiak barne hartzen du erreferentziako zentroak hedatzea Gipuzkoaren etorkizunerako estrategikoak diren sektoreetan, hala nola zibersegurtasuna, elektromugikortasuna, zahartzearen arreta, klima aldaketa, gastronomia digitala edo euskarazko ikus-entzunezkoen sorreran. Horiek guztiek digitalizazioaren sustapena dute komunean, ia jarduera ekonomiko guztietan eta etorkizuneko erronka guztietan eragina duen zeharkako palanka gisa. Aipamen berezia merezi du ZIUR zibersegurtasun industrialeko zentroaren jarduerak, ibilbidearen lehen urtean 300 enpresa baino gehiago artatu baititu jada; izan ere, segurtasuna da eraldaketa digitalaren prozesuak dakarren erronka gehigarria. Gainera, gaur aurkeztutako laguntzei gehitu behar zaizkie dirulaguntza espezifikoen deialdiak, besteak beste SukalBerri (gastronomia digitala), Smart Mobility eta zibersegurtasuna, guztien artean aurten 1,75 milioi osatzen dutenak.

  

3276