Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Prest gaude, aitzindariak gara eta tresna eraginkorrak dauzkagu egungo desafio eta eraldatzeei aurre egiteko”

“Prest gaude, aitzindariak gara eta tresna eraginkorrak dauzkagu egungo desafio eta eraldatzeei aurre egiteko”

Markel Olano diputatu nagusiak lurraldean garatutako lankidetzazko gobernantzaren norabidea aldarrikatu du, guztion artean zailtasunei erantzuteko, “herritarren ongizatea babestuz eta etorkizuna bermatuz”.

Markel Olano eta foru gobernua.

Markel Olano diputatu nagusiak Gipuzkoaren “aitzindaritza” nabarmendu du gaur egungo munduan bizi ditugun “desafio eta eraldatze nagusiei” aurre egiteko garaian eta lurraldeak bere buruari elkarlanaren bitartez markatu dion “ibilbide orri sendoa” aldarrikatu du, “herritarren ongizatea babestu eta etorkizuna bermatzeko”. “Ziur gaudelako transformazio teknologikoan, sozialean eta ekologikoan eraginez, aitzindariak izanez, herritarren oraingo eta etorkizuneko beharrei erantzuten ari garela, pertsonak jartzen ditugulako eraldatze horien erdigunean”, ziurtatu du.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin ditu adierazpen horiek Olanok, politika orokorraren inguruan urtero egiten den osoko bilkuran. “Etorkizuna Eraikizen bitartez, zailtasun ekonomikoz eta ziurgabetasunez betetako garai honetan, esan dezakegu Gipuzkoa prest dagoela. Aitzindariak garela eraldatze ekonomikoari, sozialari eta berdeari lankidetzatik ekiteko garaian. Prest gaudela, aitzindariak garela eta tresna eraginkorrak abian ditugula Gipuzkoaren industria nahiz lanpostuak babestu eta garatzeko, herritarren gizarte babesa eraldatzen jarraitzeko eta lurralde berdeago bat eraikitzeko”, laburbildu du.

Batzarkide taldeen aurrean, egoera ekonomiko “aldakorrari” erantzuteko orain arte martxan jarritako neurriak zehaztu ditu diputatu nagusiak; horien artean, besteak beste, inflazioaren ondorioen aurka hiru aldundiek adostutako PFEZaren %5,5eko deflaktazioa eta errenta baxuenentzako 200 euroko kenkaria –35.000 euro arteko errenta oinarri duten pertsonek jasoko duten bi neurri hauek suposatuko duten 84,6 milioiko inbertsioaren % 76–, garraio publikoa merkatzeko neurriak, nahiz mikroenpresa, ETE eta autonomoen likidezia bultzatzeko neurri fiskalak. Lurraldeko industria eta sare ekonomikoan “konfiantza osoa azaldu” du diputatu nagusiak eta “egoera gertu-gertutik eta zuhurtziaz” jarraitzen segiko duela iragarri du, bilakaerak hala eskatuko balu neurri berriak “ahalik eta zorrotzen eta azkarren” hartzeko, orain arte egin bezala.

Izan ere, “aurrekaririk gabeko pandemia bat eta Europan inbasio bat” kateatu izana “erabat” baldintzatzen ari da mundu mailako ekonomia, “ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna” ekarriz. Hori dela eta, azpimarratu du foru gobernuak bere politiketan beti “presente” dituela egungo testuingurua “zailtasunez eta kezkaz” bizi duten herritarrak, dela inflazioaren eta hipoteken garestitzearen eraginez; dela lanik gabe daudelako, euren lanpostuak arriskuan ikusten dituztelako edo lan prekarioak dituztelako; dela egoera gaitza bizi duten enpresetako arduradunak. Azken batean, lehentasuna direla “garai zailak bizitzen ari diren gipuzkoarrak eta baita gurera bizitza duin baten bila etorri direnak”, aipatu du.

Gaineratu duenez, ekonomia aktibitatea laguntzeko fiskalitatea baliatzearen aukera daukate Foru Aldundiek. Horren lekuko, azken hilabeteotan Aldundiak, gainerako euskal erakundeekin batera, “enpleguak babestu eta etorkizuneko apustuak sendotzeko” hartutako neurriak. “Espainiako zenbait erkidegotatik datozkigun jaitsiera konpultsiboen aurrean, zuhurtziaren bidea hautatzen dugu. Fiskalitateak, batetik, gure ekonomiaren lehiakortasuna sustatu behar duelako. Baina, bestetik, zerbitzu publikoak eskaintzeko finantza-nahikotasuna eskaini behar duelako”, gogorarazi du.

Trantsizio sozio-sanitarioa

Izan ere, Olanoren ustez, “inoiz baino beharrezkoagoa” dugu gizarte desberdintasunen balizko gorakadari aurre egitea; herritar oro “babestu, lana bermatu eta etorkizuna” eskaintzea, alegia. Gainera, ohartarazi du gizarte kohesioa dela “korronte populistei eta xenofoboei aurre egiteko modurik eraginkorrena”. “Gipuzkoan eta Euskadin ez dugu Putin, Meloni, Maduro, Trump edo Abascalik nahi” eta, halakoen aurrean, ezinbestekotzat jo du lurraldeko “babes sistema indartu eta gizarte kohesioa bermatzea”.

Helburu nagusi horri lotuta onartu ditu, hain zuzen ere, Foru Aldundiak hainbat neurri azken urtebetean. Lehenik, 2020>2030 Agenda, gizarte politiken onuradun guztien –adinekoak, desgaitasuna, inklusioa, gaixotasun mentala, indarkeria matxistaren biktimak eta adin txikikoak– arreta pertsonalizatuagoa eskaintzeko egitasmo “berritzailea”. Bigarrenik, zaharren egoitzetako ereduaren trantsizioa azkartzeko Liburu Berdea, zeinek posible egingo duen azpiegiturak egokitzea zaintza eredu pertsonalizatu, berritzaile eta komunitario baterantz, 15 laguneko elkarbizitza unitateekin. Azken atal honetara bideratuko ditu foru gobernuak 357,7 milioi, dagoeneko abian diren Usurbil, Elgoibar, Irun edo Pasaian egoitza berriak egitera, eta beste 29 milioi Aldundiak, Kabiak eta irabazi asmorik gabeko erakundeek kudeatzen dituzten beste 11 egoitza egokitzen hasteko lanetara. Horrez gain, gogorarazi du Adinberri erreferentzia zentroan garatutako berrikuntzak ahalbidetuko duela hobekuntzak beste egoitza batzuetara zabaltzea. “Ez dago gure inguruan beste herrialderik eredu berriaren diseinuan eta garapenean horrelako anbiziodun urratsik egin duenik. Alor honetan gure lurraldea aitzindaria da”, argitu du.

Atal honetan, amaitzeko, diputatu nagusiak aipamena egin dio Elkar Ekin Lanean estrategiari, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonen lan munduratze inklusiboa sustatzeko estrategiari. Jakinarazi duenez, azken bi urteotan, ekimen honek 2.600 laguni lanpostu duina lortzeko aukera eman die eta gizarteratzeko hiru enpresa berri sortzea bultzatu du. Aurten, egitasmoari bultzada berri bat emateko, 7,2 miloi euroko diru-laguntza abiatu du Aldundiak. “Gure inguruan ez dago horrelako ekimenik. Gizartea bizitzen ari den eraldaketei erantzuteko eredu aurrerakoi eta gizartiarra garatzen ari gara”, nabarmendu du, kasu honetan ere.

Trantsizio energetiko-klimatikoa

Olanok balioa eman die eremu honetan Gipuzkoa ematen ari den “urrats sendoei”, bereziki ekonomia zirkularraren, energia berriztagarrien hedapenaren eta komunitate energetikoen bitartez. Bide horretan “jauzi berri bat” emateko unea dela iritzi dio, ordea, eta Euskadik trantsizio energetiko-klimatikoan ezarritako “bide-orri garbiari” ekarpena egiten jarraitzeko determinazioa erakutsi du. “Gaiak daukan garrantzia ikusirik, espero dugu Legebiltzarreko alderdi politikoak herri itun sendo eta errealista bat adosteko gai izatea”, iradoki du.

Alor honetan, Etorkizuna Eraikizen baitan martxan jarritako Naturklima eta Mubil erreferentzia zentroak aipatu ditu, biak ere Zubietan kokatuko direnak. Lehenak behin betiko egoitzaren ateak zabalduko ditu datorren uda aurretik eta bigarrenaren obrak ere martxan dira leku berean. Azken honek, Olanok ziurtatu duenez, “berebiziko ekarpena egingo dio lurraldeari, mugikortasun adimentsu eta jasangarriaren alde”; hainbat eragilek eta enpresak Mubilen inguruan eratuko den poloan kokatuko dituzte euren egoitzak (50.000 metro karratu guztira), lurraldera mugikortasun berriari lotutako proiektu berritzaileak eta jarduera ekonomikoa erakartzea helburu.

Puntu honetan Basotik fundazioaren sorrera ere aipatu du, “basoak abandonatuta gelditzeko arriskuari” erantzun berritzaile bat eman asmoz. “Lursail horiek bere esku hartuko ditu Aldundiak eta kudeaketa jasangarria sustatuko du”, azaldu du.

Eraldatze teknologiko-digitala

Mubil eta Naturklimaz gain, eraldatze teknologiko-digitalarekin lotutako erreferentzia zentroak eta estrategiak ere izan ditu hizpide diputatu nagusiak. Horien artean lehena ZIUR zibersegurtasun industrialeko zentroa, dagoeneko 800 enpresa eta eragilerekin harremanetan dagoena; bigarrena, terapia aurreratuen garapenerako estrategia, zeinen bitartez Gantt biozientzien poloa Donostian kokatzeko lanean ari den Aldundia, Viralgen, VIVEbiotech, EHU-UPV, Mondragon taldea, Osakidetza eta Biodonostiarekin elkarlanean –sei miloi euroko inbertsioa aurreikusten da–; hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailarekin batera, Foru Aldundia teknologia kuantikoen inguruko poloa bultzatzen ari dela nabarmendu du, lurraldeak alor honetan dituen “indargune nabarmenak” probestuz.

Horrez gain, Olanok Bide Azpiegituren alorrean “modernizazioan eta digitalizazioan” foru gobernuaren ahalegina goraipatu du. Hainbat proiektu esanguratsu gauzatzen ari dira eremu honetan, zeinak 230 milioitik gorako inbertsioa suposatuko duten hiru urtetan, tartean A-15eko zortzi tunelen berritzea, Andoainen lotune berria egitea, Azkoitia-Urretxu errepidearen berritzea, Donostiako Marrutxipiko lotunea eta Lasarte-Orian, N-Iaren gainean, biribilgune berri bat egitea.

“Errepideak etorkizuneko mugikortasunerako prestatzeko bidean, Iparraldeko erakundeekin elkarlanean jarraitzen dugu, Gipuzkoa Living Lab proiektua errealitate izan dadin, AP-8 eta AP-1 mugaz gaindiko proben laborategi bihurtu daitezen”, gehitu du.

“Agortu dira Estatutua ez betetzeko aitzakiak”

“Lan lerro eta estrategia guztiek badute komunean elementu bat: elkarlanetik diseinatu eta abiatu direla, etorkizuneko ikuspegiarekin”, baieztatu du Olanok, Etorkizuna Eraikiz lankidetzazko gobernantzarako programa aintzat hartuta. Egitasmo honi esker, dagoeneko 11 estrategia eta erreferentzia zentro artikulatzea lortu du Aldundiak, 26 proiektu esperimental eta 125 herritarren proiektu abiarazteaz gain. “Politika egiteko moduak aldatu ditugu eta bide horretan unibertsitate, gizarte eragile, erakunde publiko eta herritarrak inplikatu ditugu”, balioa eman dio.

Irakurketa politikoari dagokionez, diputatu nagusiak gogorarazi du, bestalde, Gernikako Autonomia Estatutuak garatu gabe jarraitzen duela oraindik eta salatu du dagoeneko agortu direla “atzerapena justifikatzeko sor daitezkeen argudio eta aitzakia guztiak”. “Ezin izango diegu aurre egin gertatzen ari diren eraldaketa ekonomiko, sozial eta politikoek planteatzen dizkiguten erronkei, euskal sistema instituzional indartsu eta ahaldundurik ez badugu. Eta horretarako ezinbestekoa da estatutua betetzea”, adierazi du, irmoki.

“Euskal erakundeok eta gizarteak ekintza politiko eta publikorako dugun gaitasuna indartu behar dugu, herrialde estrategia partekatu bat sortuz erakundeek, gizarte antolatuak eta gizarte zibilak. Herriaren gaitasun politiko eta instituzionala indartu behar dugu, datozen erronka politiko, ekonomiko eta sozialei aurre egiteko”, planteatu du Olanok. Hori horrela, “herrialde akordio zabalak eta ibilbide-orri sendo bat” sortzeko beharraz mintzatu da, “estatu egiturak” eta “erabakitzeko eskubidea sendotzeko”. “Nik ez daukat zalantzarik: helburu partekatu baten inguruan kohesionatutako komunitate batek agertzen zaizkion oztopo guztiak gaindituko ditu”, gehitu du.

Amaitzeko, euskararen biziberritzea hartu du hizpide eta euskarara hurbildu behar ditugun hainbat kolektibotan ezarri du hizkuntza politiken jomuga –gaztelaniaz bizi den gazte jendea, euskaratik urrun sentitzen diren pertsonak, atzerritik gurera etorri direnak, lan mundu erdaldunean bizi direnak edota euskara hezkuntza eremura mugatzen dutenak–. “Gipuzkoa da lurralde euskaldunena. Abantaila dugu horretan, baina baita ardura ere. Gehiago egiteko eta arrisku handiagoak hartzeko aukera daukagu. Eta hala egiteko borondate politikoa eta konpromisoa ditugu”, aurreratu du.

“Euskararen inguruko kontsentsu” baten alde mintzatu da diputatu nagusia, autogobernua, desberdinkeriak, aldaketa klimatikoa eta berdintasuna bezala, gure hizkuntza “talka politikotik atera, herri adostasunak lortu eta etorkizunerako ibilbide orri bateratu bat” abiatu ahal izateko.

“Komunitate sendo, kohesionatu, anitz eta euskaldun baten alde urratsak eman behar ditugu. Elkarlanetik. Ezinbestekoa da gure lurraldeko ereduaren defentsa denon artean egitea. Eztabaida egon behar da, noski, baina oinarrizko kontsentsuak bermatuz. Hori da gure eskaintza herri honen eraikuntzarako”, amaitu du.

  

3821