Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro "Gipuzkoako elkarteen epe luzerako iraunkortasuna bermatzeko oinarriak ezarri behar ditugu"

"Gipuzkoako elkarteen epe luzerako iraunkortasuna bermatzeko oinarriak ezarri behar ditugu"

Aldundiak Gipuzkoako elkarteetako ehun bat ordezkari bilduko ditu datorren asteazkenean, elkartegintza biziberritzeko eta balio komunitarioak indartzeko lurralde estrategia berri bat martxan jartzeko.

2025/01/15
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren asteazkenean, urtarrilaren 22an, ‘Komunitatea elkartegintzatik eraikiz’ jardunaldia egingo du Tabakaleran. Topaketa honetan, lurraldeko elkarte-sareko ehun bat ordezkari bilduko dira, Gipuzkoako elkartegintzaren etorkizunaz, elkarteek gizarteari egiten dioten ekarpenaren garrantziaz eta garapenerako zein ongizaterako funtsezko eragile gisa duten rolaz hausnartzeko. Jardunaldi hau ‘Ipuskoa. Izanetik izenera 1025-2025’ egitasmoaren baitan kokatzen da, Gipuzkoaren lehen erreferentzia idatziaren mila urteurrena ospatzeko antolatutako egitarauaren barruan. Ekimen honen bidez, Aldundiak lurraldea definitzen duten komunitate-balioak aitortu, ospatu eta indartu nahi ditu urte guztian zehar egingo diren ekitaldien bidez.

Gaur zortziko jardunaldia Gipuzkoan elkartegintza sustatu eta birsortuko duen estrategia berri bat marrazteko abiapuntua izango da, eta motibazioa eta lidergoa, edota elkarteen arteko lankidetza-sareak eta haien biziraupena bezalako erronkei helduko die. Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu duenez, “historikoki Gipuzkoaren nortasunaren ezaugarri izan den parte-hartze soziala abiapuntu gisa hartuta, elkartegintzan eta boluntariotzan izandako aldaketen arrazoiak eta ondorioak ulertzeko beharra” azpimarratu du, “gure lurraldeko elkarteen jarraipena bermatzeko”. "Gure garapenerako eta kohesio sozialerako funtsezko zutabe honen epe luzerako iraunkortasuna bermatzeko oinarriak ezarri behar ditugu", erantsi du.

Goizeko saioan arlo akademikoko adituek parte hartuko dute, eta Gipuzkoako elkartegintzaren egoerari eta garapenerako gakoei buruzko diagnostikoa aurkeztuko da. Deustuko Unibertsitateak egungo testuinguruaren azterketa egingo du, eta Mondragon Unibertsitateak, berriz, elkarteek komunitatean duten eraginari buruzko ikerketa bat aurkeztuko du. Ikerketa horiei esker, elkarteen balioa hobeto ulertu eta etorkizuneko ekintzak bideratu ahal izango dira.

Arratsaldean zehar, topaketak izaera parte-hartzailea hartuko du, nortasunari, elkarteen garrantziari eta barne dinamikei buruz hausnartzeko diseinatutako talde dinamikak egingo baitira. Berasaluzeren arabera, "elkarteen ekarpenak eta boluntarioen lanak nortasun bereizia eman diote Gipuzkoari; lurralde solidario gisa eta pertsonen garapenarekin eta ongizate integralarekin konprometituta dagoena”. “Komunitatea eta gizarte-garapena bezalako balioek gure lurraldearen kapital soziala osatzen duten elkarteen jardueraren oinarrian daude".

Herritarren parte-hartzerako laguntzak

Gipuzkoako Gobernu Kontseiluak udalei eta toki-erakunde txikiei zuzendutako diru-laguntzen urteko deialdia ere onartu du, herritarren parte-hartzerako ekimenak eta udal mailako proiektu komunitarioak bultzatzeko. Berasaluzek aurten aurrekontu-zuzkidura % 22,45 handitzeko egindako ahalegina nabarmendu du, guztira 600.000 euro esleituta. Zenbateko horrek udalerriek egiten duten laguntza ekonomikoaren eskari gero eta handiagoari erantzuten dio, eta bi ekitalditan banatuko da: 300.000 euro 2025ean eta beste 300.000 euro 2026an.

"Azken urteotan, diru-laguntzen eskaeren kopuruak gora egin duela egiaztatu dugu, baita aurkeztutako proiektuen kalitateak ere. Beraz, eskura ditugun baliabideak handitzearen aldeko apustua egiten dugu, gero eta eskari handiagoari behar bezala erantzuteko", azaldu du Berasaluzek, "ahalduntzerako eta elkarrizketarako espazioak sortzen jarraitu ahal izateko; udalek, elkarteek, ezagutza eragileek eta herritarrek elkarrekin lan egin ahal izan dezaten". "Parte-hartzearen eta konpromiso kolektiboaren bidez bakarrik lortuko dugu Gipuzkoa sendotzea; kohesioaren, jasangarritasunaren eta ongizatearen eredu izango dena", azpimarratu du. "Herritarren, gizarte-eragileen eta erakundeen inplikazio aktiboa funtsezkoa da gure lurraldearen erronkei ikuspegi inklusibo eta kolaboratibo batekin aurre egiteko".

Gipuzkoa Living Lab

Gainera, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuak oniritzia jaso du Europar Batasuneko ikerketa eta berrikuntza programarik handiena den Horizon Europe 2021-2027 programaren barruan aukeratutako iEXODDUS proiektuan parte hartzeko. Hainbat herrialdetako 14 erakundek parte hartzen duten proiektu zabal honen helburua bide-azpiegitura adimendun eta iraunkorren garapena bultzatzea da, 7,36 milioi euroko aurrekontuarekin.

Berasaluzeren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu honetan duen zeregina erabakigarria da, izan ere, gainerako kideek egindako garapen teknologikoak ingurune errealetan probatzea izango du helburu, Gipuzkoa Living Lab-en esparruan. Hala, lurraldeko autobideen azpiegitura aurreratuari esker, sentsore adimendunekin eta balizekin, “Gipuzkoa probaleku ezin hobea da gidatze autonomoko eta errepide adimenduneko soluzio teknologiko berriak frogatzeko”.

"iEXODDUS proiektuak gidatze autonomoaren hedapena eta konektibitatea sustatuko ditu Europan, segurtasuna eta fidagarritasuna hobetuz eta Gipuzkoak mugikortasun berrirako teknologia digital aurreratuen garapenean eragile nagusien artean duen parte-hartzea indartu ahalko du", azpimarratu du Berasaluzek.

Lankidetza hori taxutzeko, Gobernu Kontseiluak partzuergo-hitzarmena sinatzeko baimena eman du gainerako bazkide parte-hartzaileekin, besteak beste, Virtual Vehicle Research (Austria), Ferrovial (Espainia), Canon Research Centre France eta Tecnalia Research & Innovation Fundazioa.

iEXODDUS proiektuak garapen teknologiko berritzaileak ezarri nahi ditu ibilgailu automatizatuek eta konektatuek modu seguruan jarduteko baldintzak zehazten dituzten bide-azpiegituretan. Era berean, datuen segurtasun-estandarren eta lankidetza-ereduen segurtasun-estandarren sorrera eta koordinazioa sustatzen du teknologia- eta mugikortasun-sektoreko funtsezko eragileen artean.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Horizon Europe-k oso-osorik finantzatutako 168.750 euroko aurrekontuarekin, garatutako soluzioak aplikatzeaz arduratuko den lantaldean parte hartuko du. Horren barruan sartzen da proba-instalazioak hornitzea, bai eta emaitzak funtzionaltasunari, fidagarritasunari eta segurtasunari dagokienez balioztatzea ere.

Proiektuak 36 hilabeteko iraupena du, 2024ko abenduan hasi eta 2027ko azarorako aurreikusitako amaiera-epearekin

  

361