“Herritarrek protagonista izan behar dute memoria jaso eta transmititzeko prozesuan”
“Herritarrek protagonista izan behar dute memoria jaso eta transmititzeko prozesuan”
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Tolosan burutu den ‘Memoriaren Plaza’ erakusketaren inaugurazio ekitaldian parte hartu du
Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, herritarrek “protagonista” eta “eragile aktibo” izan behar dutela esan du, Euskadin azken hamarkadetan gertatukoaren inguruko memoria jaso eta transmititzeko prozesuan. “Urteetan, milaka herritarrek egoera traumatikoak ezagutu dituzte, batzuek besteek baina gehiago, eta esperientzia guzti horiek denon artean askatu behar dugun korapilora eraman gaituzte”, adierazi du. Diputatu nagusiaren iritziz, herritarrei dagokie “egoera honi buelta ematea” eta bizikidetza indartuko duten zubiak berreraikitzea.
Olanok Bilbo eta Durangotik pasa ostean gaur Tolosara iritsi den ‘Memoriaren Plaza’ erakusketa ibiltariaren inaugurazio ekitaldian hartu du hitza. Ekimena, Gogora institutuak bultzatuta, “gure artean bizi diren memoria pluralak” ikustarazi eta zabaldu nahi ditu. Egitasmoa ekainean jarri zen martxan, eta lehen fase batetan herritarren testigantzak jaso ziren eta hainbat eztabaida eta hausnarketa burutu ziren kontu honen inguruan.
Diputatu nagusiak ekimena txalotu du, “herritarra protagonista egitea” bilatzen baitu. Honen harira, erakundeek “protagonismo hori pizteko esfortzua” egin behar dutela adierazi du Olanok, “eta era batera edo bestera antolatzen saiatu, erakundeen ikuspuntutik egituratuta egon dadin”. Zentzu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak “legealdiaren lehen minututik” konpromiso honi jarraiki lanean ari dela nabarmendu du Olanok.
1883