Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Jarraitu beharreko eredutzat” jo du Imanol Lasak Atutxa, Knörr eta Bilbaoren jarrera

“Jarraitu beharreko eredutzat” jo du Imanol Lasak Atutxa, Knörr eta Bilbaoren jarrera

Albiste pozgarria da Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena, haren esanetan

2017/06/13

Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramaileak “albiste zoragarritzat” jo du Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Eusko Legebiltzarreko presidente ohi Juan Mari Atutxa, eta Legebiltzarreko Mahaiko kide ziren Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao zigortu zituen epaiaren aurka emandako ebazpena, “duela hamalau urte gertatutako bidegabekeria” zuzendu eta erreparatu egiten duela argudiatuta. “Jarraitu beharreko eredutzat” jo du Lasak Atutxa, Knörr eta Bilbaok orduan erakutsitako jarrera. “Izan ere, oso une gogorretan, eta hainbat aldetatik jasandako presioen aurrean, aurre egin zioten euskal erakundeei eta horien erabakitzeko gaitasunari egindako eraso argiari. Ordezkatzen zuten herri borondatea duintasunez defenditu zuten”.

Gogora ekarri duenez, Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak errugabe deklaratu zituen Mahaiko hiru ordezkariak, autoritate judizialarekiko leporatzen zieten desobedientzia delituaren aurrean, baina ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu egin zituen “haien lekukotza entzun gabe”. Bozeramailearen arabera, Estrasburgoren ebazpenak agerian uzten du “politikaren judizializazioa, edo justiziaren politizazioa” praktika kaltegarria dela, “giza eskubideak ahultzen dituelako, eta norgehiagokak eta gatazka politikoak luzatu eta larritu egiten dituelako”. Gaineratu du praktika hori ez da bateragarria “gure erakundeetan eta gure legeetan ordezkatutako herri borondateari eta autogobernuari zor zaien errespetuarekin. Ona litzateke iraganean gertatutakoak kontuan edukitzea, hankasartze berdinetan ez erortzeko, eta elkarrizketan eta akordioan oinarritutako politikaren alde egiteko”.

Amaitzeko, adierazi du Atutxa, Knörr eta Bilbaok jarduera politikoa “duindu” egin zutela, “baloreek eta printzipioek ematen duten sendotasunarekin” jokatu zutelako. 

  

1523