Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Kalitatezko enplegua indartzeko eta sortzeko” lanean burubelarri jarraituko du Foru Aldundiak

“Kalitatezko enplegua indartzeko eta sortzeko” lanean burubelarri jarraituko du Foru Aldundiak

Imanol Lasa diputatuak begi onez hartu du Eustaten azken inkesta, Gipuzkoa Euskadin langabezia gutxien duen lurralde gisa kokatzen duena

Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak baikor hartu ditu Eustatek gaur kaleratutako Biztanleria Jaurdueraren arabera Sailkatzeko inkestaren emaitzak, 2019ko hirugarren hiruhileko datuak jasotzen dituztenak. Inkesta horren arabera, beste behin, Gipuzkoa da Euskadin langabezia gutxien duen lurraldea, % 7,0 ko tasarekin, hau da, aurreko hiruhilean baino 0,3 puntu gehiago, eta baita okupazio maila handienekoa ere. Azken horren hazkundean jarri du azpimarra Lasak, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, okupatutako 2.400 pertsona gehiago baitaude. Tasa, berriz, 0,9 punto igo da, % 71,5era iritsiz. “Lurraldean okupatuta dauden pertsonen kopurua altuena da 2008. urteko laugarren hiruhilekotik. Hau da, krisialdiaren aurreko kopurura itzuli da”, nabarmendu du.

Erantsi duenez, langabezia tasa, % 7koa, “bigarren onena” da 2010eko hirugarren hirulekoaz geroztik, aurtengo aurreko hiruhilekokoaren atzetik, “azken hori bikaina” izan zelarik. Hori horrela, “susperraldi ekonomikoaren eta enpleguaren indartzearen bidetik doan dinamika positiboari” eusten ari zaio Gipuzkoa. “Oso albiste ona da, batez ere kontuan hartuta nazioarteko geopolitika eta merkatuetan zalantzek, eta desazelerazio zantzuek, bertan dirautela”. Langabeziak izandako emendatze arinaren atzean, lehen aldiz enplegu bila dauden pertsonen gorakada dagoela adierazi du, aurreko hiruhilekoan baino 1.200 gehiago, azpimarratuz bilakaera orokorra “positiboa” dela: “2014an, 49.400 pertsona zeuden lanik gabe gure lurraldean, eta orain erdia baino gutxiago dira, 24.000”. Sektoreka, “zerbitzuen gorakada handia” erakusten du inkestak, eta baita industriako enpleguaren jaitsiera apal bat ere. Hala eta guztiz ere, industria 2011z geroztik okupazio maila onenetan mantentzen dela gogorarazi du, “84.200 pertsonarekin”.            

Diputatuaren arabera, datu horiek “akuilua” dira lanean jarraitzeko, “zuhurtziaz, nazioarteko testuinguruan ziurgabetasunak bere horretan jarraitzen baitu, gure eredu ekonomikoa finkatzeko. Pertsonak erdigunean jartzen dituen eredua, eta herritar guztiontzat ongizate aukerak sortzeko gaitasuna edukiko duena”. Haren esanetan, Aldundiak burubelarri jarraituko du lanean “kalitatezko enplegua” sortzeko eta dagoena indartzeko. “Hori da bizi proiektu duin bat izateko, eta gure ongizate sistemari eusteko gakoa, dauden beharrei aurre eginez. Enpleguaren kalitateak eta egonkortasunak izan behar dute lehentasun nagusietako bat Gipuzkoaren agendan, eta erronka hori guztioi dagokigu. Gai izan behar dugu pertsonei etorkizuneko proiektu duin bat izateko aukera emango dieten lanpostuak sortu, eta finkatzeko”.

Aurreratu duenez, Aldundia prestatzen ari den Kudeaketa Plan Estrategikoak neurri integralak aurreikusiko ditu egoera horri aurre egiteko, “argi edukita, beti ere, enpresa eta ehun ekonomiko lehiakorrak, eta talentua sortu eta erakartzeko gai den ekosistema bat edukitzea dela kalitatezko enplegua sortzeko bide bakarra”. Ildo horretan, ziurtatu du Aldundiak ahaleginetan jarraituko duela, “elkarlanean oinarrituta”, helburu hauek betetzeko, besteak beste: “Ekonomia ehunaren lehiakortasuna indartzea eta eraldaketa gauzatzen laguntzea; ekonomia berriari eta talentuari lotutako etorkizuneko sektoreak garatzea; pertsona ekintzaileentzat baldintza egokian sortzea; eta bazterkerian edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonen inklusiioa erraztea, Elkar-EKIN dinamikan sakonduz”.  
  

1608