“Kirolaren bitartez hesiak apurtu eta gizarte berdinzaleago bat eraiki daitekeela erakutsi diguzue”
“Kirolaren bitartez hesiak apurtu eta gizarte berdinzaleago bat eraiki daitekeela erakutsi diguzue”
Markel Olano diputatu nagusiaren eskutik jaso dute Kemen kirol elkarteko ordezkariek 2021eko Gipuzkoako Boluntzariotza Saria.
"Historian zehar sarritan azaleratu izan den moduan, kirolak balio du hesiak apurtzeko, pertsonak ezberdinak batzeko eta gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko. Zuek hamarkada hauetan guztietan egindako lanak hala erakusten du, eredu zarete gipuzkoar guztiontzako”. Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, zorion eta errekonozimendu hitz horiek eskaini dizkie gaur Kemen taldeko ordezkariei, 2021eko Boluntario Saria jasotzeko momentuan.
Izan ere, Kemen kirol elkarteak jaso du gaur Gipuzkoako Boluntariotzaren 2021eko Saria, Markel Olano diputatu nagusiaren eta Maite Peña Gizarte Politikako foru diputaturen eskutik, foru jauregian egindako ekitaldian, gure lurraldean 27 urtez egindako lanari esker ona azaldu asmoz. Ia hiru hamarkada daramatza klub honek desgaitasuna duten pertsonei kirola hurbiltzen, desgaitasun fisikoa duten pertsonen errealizazio pertsonala eta gizarteratzea sustatuz, hainbat eta hainbat boluntarioren lanari esker.
Errekonozimendu honen bitartez, diputatu nagusiak laburbildu duenez, herritar zein elkarteen “eskuzabaltasuna, konpromisoa eta elkarlana” aitortzen ditu Foru Aldundiak. “Gipuzkoan 40.000 boluntario baino gehiagok eskaintzen du bere denbora, muxu-truk, gainontzeko herritarren eta komunitatearen mesedetan. Behar sozialak biderkatu diren honetan, gizarte antolatu eta konprometitua edukitzeak izugarrizko balioa du, lurralde kohesionatu eta berdinzale gisa aurrera egiteko”, adierazi du.
Olanoren iritziz, Kemen kirol elkartearen ibilbidea “eredugarria” da hainbat ikuspegitik. “Lagun talde bat elkartu eta elkarte bat sortu zenuten, berdintasunez kirola egin nahi zenutelako. Antolatu eta zuen espazioa aldarrikatu zenuten”, txalotu du diputatu nagusiak, zeinak gaineratu duen halako “determinazio eta keinuek” laguntzen dutela “gizarte hobe bat” eraikitzen. “Zuen ahaleginarekin, erakutsi diguzue kirolak hesiak gainditzeko eta apurtzeko balio dezakeela arrai dezagun elkarlanean desberdintasunen aurka, Gipuzkoa gero eta berdinzaleago baten alde lanean”, aldarrikatu du diputatu nagusiak.
Bere aldetik, Maite Peña diputatuak ere eskerrak eman dizkie Kemen osatzen duten pertsona guztiei, "ondo merezitako" saria dela azpimarratuz. "Trukean ezer espero gabe, besteen bizitza hobetzeko lan egiten duzue. Eta hori goraipagarria da”, gaineratu du diputatuak. Gipuzkoako Boluntarioen Sariaren helburua lan sozialagatik eta boluntariotzari bultzada emateagatik nabarmendu diren pertsona eta erakunde sozialen ibilbidea publikoki aitortzea da, horrela, gero eta solidarioagoa den Gipuzkoa eraikitzen lagunduz, diputatuak azaldu duenez. Foru jauregiko Jargi Aretoan eman zaie saria, Maitane Urbieta kirol kazetariak gidatutako ekitaldi xume baina hunkigarri batean. Aurten, bertaratutakoen kopurua oso mugatua izan denez, ekitaldia streaming bidez jarraitu ahal izan da.
Gipuzkoako Foru Aldundiak duela 27 urte sortu zuen Gipuzkoako Boluntariotza Saria, Gipuzkoako hirugarren sektore soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko. Azken urteetako irabazleak honako hauek izan dira: AGIPAD (1999), ACASGI (2000), Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001), Nagusilan (2002), Karitatearen Alabak (2003), DEE (2004), CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006), Juan María Garitano (2007), Izan – Proyecto Hombre fundazioa (2008), Behar Bidasoa (2009), DYA Gipuzkoa (2010), Itxaropen Telefonoa (2011), Laringektomizatuen elkartea (2012), Odol emaileak (2013), Koldo Aulestia (2014), Gipuzkoako Elikagaien Bankua (2015), Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017), Jose Mari Soroa (2018), Charo Martínez Lascurain (2019), Begisare (2020).
2031