Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Krisialdia guztiok batera gainditzeko ezinbestekoa da eskualde dinamiko eta sendoak edukitzea”

“Krisialdia guztiok batera gainditzeko ezinbestekoa da eskualde dinamiko eta sendoak edukitzea”

Ehun ekonomikoaren susperraldia sustatzeko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasunean eta digitalizazioan sakondu beharra nabarmendu du diputatu nagusiak, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, COVID-19ak eragindako krisialdiari “eraginkortasunez” aurre egiteko “eskualde guztien arteko elkarlana” defendatu du gaur, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan. Etorkizuna Eraikiz, lurralde garapenerako laborategia jardunaldiaren irekieran aldarrikatu duenez, “eskualde, dinamiko eta parte-hartzaileak” edukita “bakarrik” eutsi ahalko die Gipuzkoak “ezaugarri dituen lehiakortasunari eta gizarte kohesioari”.

“Batik bat” lurralde industriala izaki, larrialdi egoerari erantzungo dioten “presazko neurri” ekonomikoak hartzeaz gain, egungo testuinguruan “enpresa eredu lehiakor, berritzaile eta parte-hartzaileen” aldeko apustua mantentzearen alde egin du diputatu nagusiak. “Ehun ekonomikoaren susperraldia digitalizazioaren eta garapen berdearen eskutik etorriko da. Dagoeneko badugu ibilbide bat ahalegin horretan, baina enpresa txiki eta ertainek xede horri eustea behar dugu. Teknologia digitaletan eta 4.0 industriako kontzeptuetan pausoak emanez, trantsizio energetikoan sakonduz eta ekonomia berdeak sortzen dituen aukerak probestuz”, nabarmendu du.

Diputatu nagusiak Musikeneren egoitzan egin ditu adierazpen hauek, lankidetzazko gobernantza eta Etorkizuna Eraikizen baitan garatutako Lurralde Garapeneko Laborategiari buruzko ikastaroaren irekiera ekitaldian. Berekin izan dira, baita ere, Agustin Erkizia; Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko errektoreordea; Koldobike Olabide, Urola Garaiko garapen agentziako lehendakaria eta Legazpiko alkatea; eta Sebas Zurutuza, Foru Aldundiko Estrategia zuzendaria.

Elkar Ekin Lanean estrategia

Enpresen lehiakortasunaz gain, “gizarte desberdintasunen” aurkako lanak ere “erabateko gaurkotasuna” dauka, Olanoren esanetan. “Ezin gara gizarte justu eta moderno gisa krisialditik atera, hainbat kolektibo eta familia bazterkeria edo pobrezia egoeran betikotzen badira”, ohartarazi du eta, horretarako, enplegagarritasuna sustatzeko neurri “ausart eta berritzaileen” beharra azpimarratu du, foru erakundearen Elkar Ekin Lanean estrategiaren ekarpena azpimarratuz.

“Eskualdeen parte-hartzea ezinbestekoa da ahalegin horretan, politika zinez eraginkorrak eta eraldatzaileak sustatu nahi baditugu. Tokian tokiko enpresetara eta negozio txikienetara iristeko gaitasunak asko ematen dio Gipuzkoari, garapen politikak lurraldeko sektore eta esparru guztietara eramateko ahalmena tarteko”, gogoeta egin du Olanok.

Horrez gain, diputatu nagusiak garapen agentziek egungo krisialdi egoeran egindako “ekarpen garrantzitsua” errekonozitu nahi izan du, beren inguruko “enpresa txiki eta ertainen, autonomoen eta negozio txikien beharrak identifikatu eta haiek babesteko” lanean. Adierazi duenez, Lurralde Garapeneko Laborategiari esker eskualdeen artean eraikitako “konfiantzazko harremanak eta elkarlanerako espazioak oso baliagarriak” izaten ari dira egungo krisialdiari erantzuteko garaian. “Espero gabeko arazoen aurrean, mugatua da banakako erreakzioen ahalmena; askoz ere eraginkorragoak dira eragileen arteko lankidetza eta koordinaziotik sortutako neurriak”, berretsi du Olanok, eta “lankidetza eta komunitate izaerari” eusteko dei egin du. “Indarrak batu eta gure ekonomia ehunaren pultsuari eusteko unea da, taupadak geldoagoak izan arren. Beti ere osasuna eta aktibitatea modu zorrotzean uztartuz”, laburbildu du.

Lurralde Garapeneko Laborategia

2009an hasitako Gipuzkoa Sarean egitasmoa abiapuntu gisa hartuta, Etorkizuna Eraikizen esparruan garatzen ari den proiektu esperimentala da. 2009an abian jarritako prozesu honen helburu nagusia lurralde-garapenarekin lotutako politiken eraginkortasuna hobetzea da, Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko eragileen arteko harremanak saretuz. Bertan, eskualdeetako garapen agentziek lurralde garapenaren eredua eraikitzen parte hartzen dute.

  

2261