“Komunitatea da buru osasunari heltzeko gakoa”
“Komunitatea da buru osasunari heltzeko gakoa”
Gipuzkoako Foru Aldundiak 12 plaza berri ireki ditu osasun mentaleko sarean, buruko osasun arazo larriak dituzten gazteei eta gizarte eta osasun egoera konplexuetan daudenei arreta emateko berariazko baliabide batekin.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak Zubi Etxe zentroa bisitatu dute gaur goizean, Donostiako Loiola auzoan kokatuta dagoena. Baliabide berria eta berritzailea da, 12 plazaz osatua, eta gizarte eta osasun arazo konplexu baten ondorioz buruko gaixotasun, adimen-urritasun edo jokabide edo nortasun nahasmendu baten ondoriozko arreta-premia bereziak dituzten 18 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago. “Komunitatearekiko lotura lehenesten den baliabidea da, osasun mentalari heltzeko giltzarria dena”, diputatu nagusiak azaldu duenez.
Zubi Etxe baliabide berria Aita Mennik kudeatzen du, bertako arduradunak diputatuekin batera izan dira bisitan, eta gaur egun etxean bizi diren neska-mutilen eskutik ezagutu dituzte instalazioak. Gazte horiek bertan bizi dira, jokabide-nahasmenduak dituzte, eta, ondorioz, egunez egun, zaintza eta laguntza espezifikoak behar izaten dituzte. Zubi Etxen, gazte bakoitzak bere Banakako Esku-hartze Planean oinarrituta lan egiten du, bizitza-proiektu independente bat garatzeko, edo, hala badagokio, osasun mentaleko edo adimen-desgaitasuneko sare arruntera igarotzeko.
Diputatu nagusiak baliabidearen izaera berritzailea nabarmendu du, ahalegin guztiak arreta pertsonalizatua, integrala eta pertsona bakoitzaren ezaugarri eta zirkunstantzietara egokitua eskaintzean oinarritzen baititu. “Izan ere, arreta-eredu hori, pertsona bakoitzaren beharrizanetan zentratua, komunitatearekin konektatua eta etengabeko bilakaeran eta hazkundean dagoena, gure eredu sozialaren eta zaintza-ereduaren erakusgarri argia da”, ondorioztatu du.
Gure lehentasuna osasun mentalaren problematika konplexuari heltzea da, Osasun sistemarekin eta bere zerbitzuekin koordinatuz, hirugarren sektore sozialeko erakundeekin, eta komunitatearekiko konexioa landuz, azpimarratu du Olanok. Gainera, nabarmendu du garrantzitsua dela baliabide berri hori Gipuzkoan izatea, funtsezkoa baita gazteentzako arreta-ibilbidean, non osasun mentaleko arazo larriei eta jokabidearen nahasmenduei aurre egiten zaien, konexio komunitarioa txertatzen den esku-hartze soziosanitarioaren ardatz gisa, azken batean arreta eta zaintza “pertsonalizatua eta komunitarioa” emateko.
Zubi Etxe, hiru mailatako esku-hartzearen azken fasea
Gipuzkoako Foru Aldundiak sare espezifiko bat du nahasmendu mental larria duten pertsonei arreta emateko, eta hiru baliabide mota ditu: egoitzakoak, egunekoak eta laguntza psikosozialekoak. Eguneko zentroen bidez 234 pertsona artatzen dira errehabilitazio psikosozialeko eguneko zentroetan, eta 20 baino gehiago egunero aisialdiko eta denbora libreko jardueretan. Bestalde, buru-nahasmendu larria duten pertsonentzako laguntza psikosozial komunitarioko programaren bidez, 90 pertsona artatzen dira hilero, psikohezkuntza, birgaitzea eta etxean bertan bizi diren pertsonei laguntzea helburu hartuta.
Hirugarrenik, norberaren etxea ez diren bizitoki alternatiboen foru-sareak 122 plaza ditu egoitza-unitateetan (URTMS), 110 plaza etxebizitza komunitarioetan, eta 43 plaza adimen-desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonei arreta emateko baliabideetan. Zubi Etxeko 12 plazak foru-sarean sartu berri dira, azken fasearen zati gisa, hiru esku-hartze mailatako ibilbidearen parte.
Lehenengoa, UDITRAC izenekoa, jokabide-nahasmendu oso larriak dituzten pertsonei zuzenduta dago, erregimen erdi-ireki eta ez-komunitario batean. Bigarrenak, UDITRANSek, baliabide komunitarioetarako trantsizioa bultzatzea du helburu; jokabide-nahasmendu larriak dituzten pertsonentzako laguntza bereziak ematen dituen unitate iragankorra da.
Azkenik, Mikel Tellaeche Aita Menniko zuzendariak zehaztu duenez, “Zubi Etxeko baliabide berrian pertsona bakoitzaren beharrak aztertzen dira, eta hori zeregin konplexua da, batez ere gazteengan, diagnostikoak ez baitira behin betikoak izaten”. “Zubi Etxen pertsona bakoitzarentzako esku-hartze plan bat diseinatzen da, eta hamar bat programa konbinatzen dira, bizitza independenteko proiektu bat sortzeko, edo, hala badagokio, osasun mentaleko edo desgaitasun intelektualeko baliabide arruntetara bideratzeko. Pertsona horien errehabilitazio-prozesua errazten duen baliabidea da”. “Era berean, eskerrak eman nahi dizkiogu Foru Aldundiari, pertsonen errehabilitazio prozesu hau garatzeko jarritako konfiantzagatik”, adierazi du Aita Menniko zuzendariak.
Zubi Etxean artatutako pertsonen profilak bizi-etapa jakin batean, arreta eta abordatze soziosanitarioko behar espezifikoak direla-eta, beren premiei behar bezala erantzuteko ezaugarri horietako baliabide espezifiko bat behar duten pertsonei erantzuten die. Beraz, izaera komunitario zabalarekin, honako hauek garatzeko programetan parte hartzen dute: autonomia pertsonala, trebetasun sozialak, familia-inklusioa, eguneroko bizitzako jarduerak, aisialdia eta denbora librea, erabakiak hartzea eta auto-antolaketa. Gainera, programa psikoedukatiboak, errehabilitazio kognitiboa eta psikologia kognitiboa ere lantzen dira.
4601