“Erabakigarria da Elbira Zipitriak gure herrian eta euskararen bilakaeran utzitako arrastoa”
“Erabakigarria da Elbira Zipitriak gure herrian eta euskararen bilakaeran utzitako arrastoa”
Hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren eskultura bat kokatu du Aldundiak foru jauregiaren ohorezko patioan; Gipuzkoaren historiako izen handiei eskainitako espazioan errekonozimendua jaso duen lehen emakumezkoa da.
Foru jauregiaren ohorezko patioan Elbira Zipitria Irastortzaren (Zumaia, 1906 - Donostia, 1982) eskultura bat kokatu du gaur goizean Aldundiak, hezitzaile eta euskaltzale aitzindariaren ikasle eta lankide izandako 50 lagunen partaidetzarekin egindako ekitaldi batean. Markel Olano diputatu nagusiak adierazi duenez, Gipuzkoak eta Euskadik “XX. mendean izandako erreferente eta ikur handienetakoa” da Zipitria eta, gaur inauguratutako eskulturaren bitartez, “merezi duen lekua eta omenaldia” eskaini nahi izan dio foru erakundeak, haren heriotzaren 40. urteurrena betetzen den urte berean.
Gipuzkoaren historiako izen handiei –Elkano, Urdaneta, Zuazola, Larramendi etab.– eskainitako espazioaren erdigunean ezarri dute, hain zuzen ere, pedagogo zumaiarrari eskainitako obra, emakumezko baten irudia areto honen erdi-erdian kokatuz. Olanok jakinarazi duenez, “pauso xume baina esanguratsu” honekin, emendatzen hasi dira foru jauregiaren areto eta paretetan “agerikoa” den “hutsune historiko bat”. “Asko eta asko izan dira gure gizartearen bilakaeran arrastoa utzi duten eta uzten ari diren emakume aitzindariak. Askotan isilarazi eta ikusezin bilakatuak, ozen aldarrikatu nahi dugu, herri erakunde gisa, emakumeek Gipuzkoaren eta Euskal Herriaren eraikuntzan egin duten eta egiten duten funtsezko ekarpena, gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat eredu izan daitezen”, adierazi du.
Helburu hori gauzatzeko bidean, Euskal Herriaren, euskal eskolaren eta euskararen azken hamarkadetako bilakaeran “erabakigarria” izandako Elbira Zipitria Irastortzaren eskultura ederra sortu du Lurdes Umerez artista azkoitiarrak. Brontzezko figura bat da, Zipitriaren argazki ezagun eta bakanetako batean inspiratua. Artelanaren oinarri gisa landutako piezan, berriz, haren ikasleek koadernotan lantzen zituzten olerkiak, marrazkiak eta eragiketak ikusi ahalko dira, klandestinitatean sortutako lehen ikastola haien pedagogia aurreratuaren lekuko.
Francoren diktadurapean, “euskararen eta euskal nortasunaren sugarra bizirik mantendu eta belaunaldi berriei transmititzea” lortu zuen Zipitriak, Donostiako hainbat gurasoren laguntzarekin, klandestinitate erabatekoan ausardia handiz jokatuz. “Horrela, bere etxe-eskolako jardunean abangoardian ziren pedagogiak baliatuz, andereño berriei erakutsiz, euskarazko irakaskuntzari bidea ireki zion eta ikastolen mugimenduaren hazia erein zuen”, laburbildu du diputatu nagusiak. Azken batean, gaineratu duenez, euskarak eta Euskal Herriak bizitzeko zuten eskubidea garatzeko “oinarri sendo bat ezarri eta posible egin” zuen hezitzaile eta euskaltzale handiak.
“Egin diezaiokegun omenaldirik onena euskararen eta Euskal Herriaren aldeko elkarlanean jardutea da. Zipitriak bere eskolan egiten zuen moduan, sexu, pentsamendu edota gizarte mailen arteko bereizkeriarik gabe, euskararen eta gure herriaren aldeko konpromisoa oinarri hartuta”, aipatu du.
Diputatu nagusiaren hitzen ondoren, Fermin Kalbeton kaleko etxe-eskola hartan andereño gisa trebatu ziren Kontxita Beitia eta Mari Karmen Mitxelenak hartu dute hitza ekitaldian, beren oroitzapenak konpartituz. Haren ikasle izandako Xabier Muñoz Otaegiren txistu soinuarekin amaitu dute omenaldia, Zipitriak irakatsitako Aberri min abestuz, alegia.
Olanoz eta lehen aipatutako pertsonez gain, foru diputatuak, Miren Elgarresta eta Garbiñe Mendizabal Berdintasuneko eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan dira ekitaldian.
Ibilbide emankorra
Elbira Justa Zipitria Irastortza andereñoa, Donostiako lehen ikastolen sustatzaileetako bat izan zen. Fededun eta euskal abertzale sutsua –EAJko eta Emakume Abertzale Batzako kide aktiboa izan zen–, gerra aurreko belaunaldien eta gerraosteko euskal irakaskuntzaren arteko zubi lana egin zuen.
Francoren aldeko tropen altxamenduaren ondoren Donostiatik ihes egin behar izan zuen, garaiko beste hainbat euskaltzale eta abertzaleren moduan. Lapurdin, Sarako Prefetenean zelarik, Frantzian garai hartan aztergai ziren hezkuntza modu berritzaileak ezagutzeko parada izan zuen eta handik urte batzuetara, Donostiara itzultzean, pedagogia aurrerakoiak bere egin zituen haurrei irakasteko garaian. Diktadurapen egonik ere, Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakian etxe-eskola sortu zuen eta bertan hainbat eta hainbat haurrei –neska eta mutil, elkarrekin– euskarazko irakaskuntza eskaini zien.
Horrez gain, maistra berriak berekin batera trebatu zituen, euskal hezkuntzaren zabalkundean funtsezko izan ziren andereñoei irakatsiz. Beste zenbait guraso eta andereñorekin batera, Orixe ikastolaren sorreran parte hartu zuen 1968an.
Izaera berezi eta zorrotz baten jabe, euskara batuaren sorrerarekin zituen desadostasunak eta ikastolek hartutako norabidearekin bizi zuen kezka tarteko, triste eta bakartiak izan ziren haren bizitzako azken urteak. Donostian hil zen 1982ko abenduaren 26an, 76 urte zituela.
5100