“Makina-erreminta funtsezkoa dugu aukerak sortzen jarraitzeko eta ongizatera bideratutako ekonomia izateko”
“Makina-erreminta funtsezkoa dugu aukerak sortzen jarraitzeko eta ongizatera bideratutako ekonomia izateko”
“Makina-erreminta funtsezkoa dugu aukerak sortzen jarraitzeko eta ongizatera bideratutako ekonomia izateko”
Eider Mendoza diputatu nagusiak babesa adierazi dio sektoreari gaur BECeko Biurtekoan egindako kontaktu errondan
Eider Mendoza diputatu nagusiak bisita eta lan topaketa sorta bat egin du gaur aste honetan Barakaldoko BECen egiten ari den Makina-Erremintaren Biurtekoan parte hartzen ari diren Gipuzkoako enpresa eta eragileekin, AFM Cluster eta bere zuzendaritza taldearen eskutik. Goizean goizetik arratsaldera luzatu den agenda mamitsu baten barruan, bertatik bertara ezagutu ditu sektoreko enpresak egungo egoera nola bizitzen ari diren, zer aurrikuspen dituzten, eta zer berrikuntza teknologiko eta etorkizuneko proiektu garatzen ari diren horiei aurre egiteko. Horrez gain, Aldundiaren sustapen-ekintzak eta -programak partekatu ditu haiekin, bai laguntzen bidez, bai zerga-arloan.
Diputatu nagusiak babesa adierazi dio sektoreari, eta Gipuzkoako eta Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialari egindako ekarpena nabarmendu du. “Legegintzaldi honetako Plan Estrategikoaren oinarrietako bat ongizatera bideratutako ekonomia finkatzea da, iraunkortasun hirukoitza sustatzen duena, lehiakorra eta berritzailea, eta aukerak sortzen dituena. Zalantzarik gabe, makina-erremintak ezin hobeto irudikatzen du xede hori”, adierazi du. “Berrikuntza teknologikoa, nazioartekotzea, balio erantsia eta kalitatezko enplegua ekarri dizkigu. Funtsezko jardueren euskarri osagarria izan da, hala nola automobilgintza eta mugikortasuna, aeroespaziala, azpiegiturak, energia eta elektronika. Epe luzerako ikuspegian, parte-hartzean, sustraitzean, gertutasunean eta lurraldearekiko konpromisoan oinarritutako enpresa-kultura batekin. Eta gure nazioarteko irudia harron sentiarazten gaituzten balioekin lotuz, hala nola ondo egindako lanarekin eta fidagarritasunarekin..
Urte hasiera honetan “ziurgabetasunak eta funtsezko ekonomien geldialdiak” eragina izan arren, “enpresak ahalegin handia egiten ari dira zailtasun horiek saihesteko eta merkatu berriak irekitzeko, egokitzeko gaitasun handia erakutsiz. Biurtekoa aukera paregabea da mundu osoan proiektatzen jarraitzeko, baina baita enpresa eta eragileen arteko lankidetzan eta esperimentazioan sakontzeko ere”, Mendozak adierazi duenez. “Fabrikazio aurreratuaren erreferente izaten jarraitu nahi dugu, baina horretarako onena eman beharko dugu ditugun erronkak aukera bihurtzeko: hala nola eraldaketa digitala, jokoaren arauak errotik alda ditzakeena, edo trantsizio ekologikoarekin. Beste desafio batzuk ahaztu gabe, hala nola talentu espezializatua sortzea, erakartzea eta fidelizatzea, edo gure enpresa-proiektuen hazkundea. Gure enpresa txiki eta ertainek Aldundian aliatu handi bat izaten jarraituko dute aurrera egiteko”.
Diputatu nagusiarekin batera, Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatua izan dira. Aldundiko talde ekonomikoak Gipuzkoako enpresa eta I+G+Bko zentro ugariren erakusketa-guneak ezagutu ditu: Ger, Berkoa, Danobat, Juaristi, Intza, Korta, Fagor Automation, Maherholding, Ibarmia, Jaz, Gurutzpe, Fresmak, Scuder, Tecnalia, Ideko-
Tekniker, Lortek, Geminys, KSB Itur, Ceit, Addit3d, Sarralle, Unceta-Sariki, Kendu, Alteyco, Bahco, Couth, Dimeko, MSI, Zitu, Cometel, Delteco, Bost, Gamor, Ekicontrol... Guztira, munduko 29 herrialdetako 1.500 enpresa biltzen dira egunotan BECen.
Enpresa txiki eta ertain industrialen eraldaketa digitala, makina-erreminta barne, Aldundiaren industriari laguntzeko estrategiaren ildo nagusietako bat da. Horretarako, ‘Gipuzkoa Digitala’ laguntza-programa du, urtean 2,3 milioi euroko zuzkidurarekin eta hiru ekintza-lerrorekin: 4.0 Industria, datua ustiatzea, eta garapen-agentziekin lankidetza, enpresei digitalizazio-prozesuetan lehen urratsak ematen laguntzeko. Programa hori 2021ean jarri zen martxan, eta ordutik 300 enpresa baino gehiago babestu dira. Ildo beretik, Foru Aldundiak, AFM Clusterrek eta IMH Campusek lankidetza-hitzarmena dute Gipuzkoako fabrikazio aurreratuko tailerrak digitalizatzeko proiektu pilotu bat gauzatzeko. 30/1000 tailerra izeneko ekimen honek 222.206,25 euroko aurrekontua du eta 30 enpresa ari dira parte hartzen.
Nabarmentzekoa da, halaber, zibersegurtasun industrialaren arloa. ZIURekin batera, makina-erremintaren sektoreko lau enpresa erreferente ari dira parte hartzen beren produktuen zibersegurtasun maila eta nazioarteko araudiek planteatutako eskakizunen betetze maila ebaluatzeko prozesu batean. Proiektuaren azken helburua da Gipuzkoa erreferente bihurtzea produktu industrial ziberseguruaren ebaluazioan eta ziurtapenean. Gainera, martxan jarri zenetik, Zentroak Gipuzkoako makina-erremintako 35 konpainia baino gehiagori eman die zerbitzua.
Azkenik, Foru Aldundiak laguntza-programa bat garatzen du urtero enpresa-sarean eta ekosistema sozioekonomikoan trantsizio ekologiko, iraunkor eta bidezkoa sustatzeko, kontuan hartuta ekonomia zirkularraren potentziala, eraginkortasun energetikoa edo ekoizpen-prozesuan karbono-aztarna eta hondakinak murriztea. 2023an 2.24 milioi euro bideratu ziren, 61 enpresa eta eragileri laguntzeko.
1440