Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro ‘Mugarik gabeko inklusioa’ lemarekin ospatuko da aurten Aspace Eguna 2024

‘Mugarik gabeko inklusioa’ lemarekin ospatuko da aurten Aspace Eguna 2024

· Edizio honetako ardatza izango dira Kontxa inguruan egingo den martxa, bazkari asoziatiboa eta adin guztietarako jarduerak. · Aspace Eguna funtsezkoa da herritarrek pertsona guztien gizarteratzearekin eta ongizate integralarekin duten konpromisoa ikusarazteko eta berresteko.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur goizean, prentsaurrekoa eman dute Rosa Iglesiasek (Aspaceko presidentea) eta Xabier Alvarezek (senidea), Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako foru diputatuarekin batera, Aspace Eguna 2024 ekitaldiaren egitaraua aurkezteko. Gipuzkoarron egutegian ezinbesteko bihurtu den ekitaldia urriaren 5ean izango da.

Martxa inklusiboa Kontxa inguruan

Kontxako pasealekua zeharkatuko duen martxa Inklusiboa izango da une garrantzitsuenetako bat. Martxa Alderdi Ederretik abiatuko da 11:30ean eta Ondarretara iritsiko da. ‘Mugarik gabeko inklusioa’ lelopean, jarduera honen helburua da, Rosa Iglesiasen hitzetan, "garun-paralisia duten pertsonen errealitatea ikusaraztea eta pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizarte inklusiboago baterantz aurrera egitearen garrantzia gogoraraztea". Berrikuntza gisa, aurten dortsala duen kamiseta berri bat diseinatu da, eta guztiei luzatu zaie gonbidapena Aspalagun ekimen berriarekin bat egin dezaten; eta hala, Aspaceri babesa emateko.

Bazkari asoziatiboa eta jarduerak

Martxaren ondoren, jardunaldiak 14:00etan jarraituko du bazkari asoziatibo batekin Goienetxe zentroan. Bazkarian 500 pertsona baino gehiagok parte hartzea aurreikusten da, familiak, garun-paralisia duten pertsonak, profesionalak eta boluntarioak barne. Bazkarian eta arratsaldean zehar, bertaratzen direnek hainbat entretenimendu-jarduerez gozatu ahal izango dute: zuzeneko musika, DJ Fredvv vs Hugo eta Simon Ezquiagaren emanaldiarekin, karaokea, gaztelu puzgarriak eta zozketak. Donostiako Musika Eskola eta Oskar Terol ere bertan izango dira, eta ukitu berezia emango diote ospakizunari.

"Erreferente bat lurraldean"

Aurkezpenean, Maite Peña diputatuak adierazi du Aspace Eguna oso egun garrantzitsua dela Gipuzkoan, eta gipuzkoarrontzat, garun-paralisia duten pertsonak eta haien familiak ikusarazteko eta haiei laguntzeko eguna baita: "Ekitaldi honek gogora ekartzen digu ezinbestekoa dela Aspace bezalako erakundeekin lan egitea, mende erdi baino gehiago baitaramate lurraldeko gizarte-politiketan erreferente izaten. Helburu nagusi dute, bizi-kalitatea hobetzea eta desgaitasuna duten pertsonen erabateko inklusioa sustatzea. Euren konpromisoa erabatekoa da".

Gipuzkoan, jarraitu du Peñak, gure babes eta zaintza eredua ez litzateke berdina izango Aspace bezalako elkarteen lan nekaezina gabe: "Haien lanari esker, erreferentziazko zainketa-sistema eraiki dugu, eta, horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditut Aspace Egunarekin bat egitera, pertsona guztien gizarteratzearekin eta ongizate integralarekin dugun konpromiso kolektiboa berresteko".

  

4664