Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro ‘Nerabeak Euskaraldian’, gazteenengan Euskaraldiak izan duen eraginaren azterketa

‘Nerabeak Euskaraldian’, gazteenengan Euskaraldiak izan duen eraginaren azterketa

Lasarte-Orian “40 egun euskaraz” ekimena bideratu zen eta hor erabili ziren lehenengo aldiz ahobizi eta belarriprest figurak.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia egin zen Euskal Herri osoan, eta
horren barruan 11 egun euskaraz ekimena garatu zen. Ahobiziak eta belarriprestak izan ziren protagonista.
 
Lasarte-Orian, berriz, 2016an, “40 egun euskaraz” ekimena bideratu zen eta hor erabili ziren lehenengo aldiz ahobizi eta belarriprest figurak. Hori izan zen 2018an Euskal Herri osoan Euskaraldiaren ekimena abian jartzeko oinarri nagusietako bat.
 
2018ko Euskaraldian, Lasarte-Orian ekimen hori errepikatu bazen ere, hainbat berrikuntza ere egin nahi izan ziren. Horien artean, nerabeei begirako ekimena gauzatu zen, ikerketa-ekintza moduan.
 
Ikerketa-ekintza hori liburu bihurtu da eta horren berri eman dute proiektuaren parte izan diren sei erakundeetako ordezkariek, Garbiñe Mendizabalek GFAko Hizkuntza berdintasuneko zuzendariak, Estitxu Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak, Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeburua, Lurdex Etxeberria Oriarte institutuko irakasleak, Jokin Guridi Ttakun kultur elkarteko kudeatzaileak eta Iñaki Eizmendi Ebete zerbitzuetako arduradunak.
 
Proiektuaren abiapuntuan galdera nagusi bat egon da: eraginkorra al da ahobizi/belarriprest diseinua nerabeen hizkuntza-ohituretan aldaketak eragiteko?
 
Izan ere,  Euskaraldiaren diseinua zela eta, nerabeen kopuru handi batek ezin zuen parte hartu (16 urtez azpiko guztiek), baina aldi berean, gaztetxo guztiek betetzen dute Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintza, alegia, euskaraz ulertzea. Eta aldi berean, Euskal Herriko bazter guztietan bezala, Lasarte-Orian ere arduratuta daude gaztetxoen arteko euskararen erabilerarekin.
 
Horiek guztiak kontuan izanik, ohiko Euskaraldia sustatzeaz gain, nerabeei egokitzeko ahalegina egin nahi izan zen, nerabeak partaide ez ezik eragile ere izateko. Lanketa bera,  2016an egindako “Irten armairutik” esperientziarekin egin zen bezala, ikerketa-ekintza moduan egin zen, ateratako ondorioak eta tresnak beste hainbat herritarako ere baliagarri izan zitezkeelakoan.
 
Kontuan izatekoa da baita ere ekimena ez zela hutsaren gainean eraiki, izan ere, herriko erakundeen artean, Udalaren, institutuaren eta euskara-elkartearen arteko elkarlana hitzartuta daukate eta gaztetxoen arteko erabilera sustatzea helburu zuten hainbat egitasmo (Elemeleka saioak, Kuadrillategi…) abian ziren lehendik ere.
 
Oinarritzat hori hartuz, Euskaraldiaren ekimena egokitu egin zen adin tarte berriaren ezaugarrietara eta hiru edo lau sentsiblizazio-saio egin ziren Euskaraldiaren aurretik Oriarte institutuko 12 eta 18 urte bitarteko gela guztietan (33 gela, 741 ikasle). Horretaz gain, ikasle eragileen batzordeak osatu ziren hala nahi izan zuten gazteekin.
 
Laburtuta, hauek izan dira emaitza nagusiak:
- Nerabeen %60k parte hartu du eta lorpenekin gustura ageri da.
- Erabileran eragina izan zuen, bereziki biko harremanetan.
- Ohikoa baino euskara askoz gehiago erabili zutenak %30 izatera iritsi ziren.
- Gazteen iritziz, lorpen berriek iraun egingo dute.
- Nerabeekin Euskaraldiaren lanketa egin daiteke, eragina du eta helduen
antzeko ondorioetara iristen dira.
- Hainbat prest daude euskara gehiago erabiltzeko, baita eragile izateko ere.
- Lanketa ondo egin behar da.
- Zailtasunak bizitzen dituzte eta estrategiak behar dituzte horiek gainditzeko.
 
 
Prozesu guztia, diseinu orokorretik emaitzetara arte “Ikerketa-ekintzaren ondorioak” izena daraman argitalpenean dago bildua. Bigarren argitalpenak, berriz, “Baliabideen bilduma” du izena eta prozesuan erabili diren tresna guztiak biltzen ditu, egindako aurkezpen eta bileretako gidoietatik hasi eta sentsibilizazio saioetako azalpenetaraino.
 
Liburuak udal, elkarte eta institutuetara paperean banatuko dira, baina digitalean ere prest daude eskuratu nahi dituenarentzat:
 
- Nerabeak Euskaraldian. Ikerketa-ekintzaren ondorioak.
- Nerabeak Euskaraldian. Baliabideen bilduma.
 
            Material hau orain zabaltzen da hala nahi den herrietan azter dadin antzeko esperientziaren bat egin nahi den ala ez. Beti ere, kontutan hartuz ongi egiteko baldintza batzuk bete behar direla eta egitasmo hau ez dela Euskaraldiaren berariazko definizioan sartzen. Alegia 16 urte bete gabeko gazteek ezingo dute aurtengo edizioan ere Euskaraldian parte hartu.
  

2014