“Nik Hondartzak” aplikazioa datorren astean egongo da eskuragarri
“Nik Hondartzak” aplikazioa datorren astean egongo da eskuragarri
“Nik Hondartzak” programari esker, denbora errealean kontsultatu ahal izango da hondartzen okupazio-maila.
José Ignacio Asensio: “Hondartzak arduraz erabiltzeko eta gozamena eta osasunaren babesa bateragarri egiteko, baliabide guztiak herritarren eta udalen eskura jartzeko konpromisoa dugu”.
Ingurumeneko Departamentuak 285.000 euroko aurrekontu gehigarria jarri du denboraldi honetan, COVID-19a dela eta, Gipuzkoako hondartzetan prebentzio eta sentsibilizazio neurriak indartzeko.
José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko diputatuak “Nik Hondartzak” aplikazioa aurkeztu du gaur goizean, AZTI-ko Balore zuzendaria eta ozeanografoa den Adolfo Uriarterekin batera. Datorren astetik aurrera jarriko da martxan aplikazioa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzak AZTIrekin lankidetzan garatu duen aplikazio mugikor eta web honi esker, erabiltzaile guztiek Gipuzkoako hondartzen okupazio-maila ezagutu ahal izango dute uneoro.
Gipuzkoako hondartzen aforoa eta okupazioa kontrolatzeko Foru Aldundiak udalen eta herritarren eskura jarriko duen baliabide teknologiko honen helburua da, hareatzen erabilera COVID-19ak eragindako pandemiaren aurkako prebentzio-neurriekin bateragarri egitea. José Ignacio Asensio foru-diputatuak adierazi duenez, “hondartzak arduraz erabiltzeko eta gozamena eta osasunaren babesa bateragarri egiteko baliabide guztiak herritarren eta udalen eskura jartzeko konpromisoa dugu”.
Semaforoaren sistematikaren bidez, hondartzetako okupazio-mailaren berri emango du App-ak. Aplikazioa 15 minutuan behin eguneratuko da, hareatza bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa denbora errealean emanez eta kasu bakoitzean ezartzen diren dentsitate-atalaseen arabera egoeraren berri emanez. Aforoa zehazteko, gomendatutako distantzia soziala eta hondartza bakoitzaren azalera hartu dira kontuan, eta erabiltzaile guztiek doan kontsultatu ahal izango dute hareatzen okupazio-maila hondartza horietara joan aurretik.
App-ak erakusten dituen okupazio-mailak eta aforo-mailak gutxi gorabeherakoak dira, eta udal-agintari eskudunek, irizpide horietan eta egoki iritzitako beste batzuetan oinarrituta, hondartzetarako sarbidea ireki edo itxi edo kasu bakoitzean egokiak diren gomendioak eman ahal izango dituzte. Lan hori errazteko, App-ak alerta-sistema bat du udal-arduradunentzat, eta aurrez jakinaraziko die ur-emaria, marea-igoera eta erabilera-baldintzen aldaketa.
Teknikoki, aplikazioa KOSTASYSTEM bideometria-sarean oinarritzen da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak 2017an Gipuzkoako kostaldean martxan jartzea erabaki zuen. Foru-bideometriaren sarea jarri zen, batetik, kostako hareatzak monitorizatu behar direlako, itsasertzak klima-aldaketarekiko duen kalteberatasunagatik (Gipuzkoa Klima 2050 Estrategia), eta, bestetik, hondartzen kudeaketa hobetzeko. Tresna honi esker, batetik, itsasertzaren babesa hobetu daiteke, eta, bestetik, klima-aldaketak gure kostaldean duen eragina prebenitzeko neurriak hartu; eta, gainera, hondartzak erabiltzen dituzten pertsonen segurtasuna eta ongizatea hobetu daitezke.
COVID-19 pandemiak gaur egun sortzen duen egoera ikusita, eta Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin batera dekretatu zuen birusa kutsatzea eta hedatzea saihesteko nahitaez bete beharreko prebentzio-neurriak kontuan hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak 285.000 euroko aurrekontu gehigarria jarri du Gipuzkoako hondartzetan prebentzio- eta sentsibilizazio-neurriak indartzeko. Neurri horiek udalek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak adostuta hartu dira, Hondartzen Lurralde Mahaiak hainbat bilera egin ondoren.
Aforoa kontrolatzeko aipatutako aplikazioaz gain (98.872,70 euroko kostua izan du), Gipuzkoako Foru Aldundiak 47.489,30 euro inbertitu ditu udal bakoitzaren eskura jarri den laguntza teknikoan, hareatzak COVID-19ak eskatzen dituen baldintza berrietara egokitzeari buruzko txosten pertsonalizatuak egiteko.
Halaber, sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina bateratua diseinatu da ekainean eta uztailean, egonaldi mugatuko gomendioak, urruntze soziala eta higienea errespetatzekoak, indartzeko; 108.822,45 eurokoa izan da.
Aurrekontuaren gainerakoa (30.000 € inguru) hareatzak garbitzeko zerbitzua indartzeko, paperontziak, sarbideak eta barandak desinfektatzeko eta garbitzeko, pedal bidez eragiteko sistema bat jartzeko eta indarrean dauden sarbide guztietan informazio-kartelak jartzeko erabili da.
1653