Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Politika publikoak elkarlanean diseinatzeak, aurrerabide soziala eta ekonomikoa eragiteaz gain, demokrazia indartzea dakar berekin”

“Politika publikoak elkarlanean diseinatzeak, aurrerabide soziala eta ekonomikoa eragiteaz gain, demokrazia indartzea dakar berekin”

• Gipuzkoako diputatu nagusiak UPV/EHUko Udako Ikastaroetan parte hartu du gaur goizean, Etorkizuna Eraikizen jardunaldiari hasiera emateko. • Populismoen aurrean demokrazia babesteko, akordioen balioa defendatu du Mendozak; Gipuzkoako eta Euskadiko eztabaida publikoan "tonu eraikitzailea" eustearen alde agertu da.

Gipuzkoako Foru Aldundia

“Demokrazia eguneroko lanarekin, arnas luzeko ahaleginarekin, defendatzen eta sendotzen da. Guztioi dagokigun eginbeharra da, baina horretan ardura daukagu  herri erakundeok, bereziki. Eta ardura horri heldu behar diogu, politika egiteko modu berriak sustatuz”. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak balio demokratikoen aldeko eguneroko lana "biderkatzeko" deia egin du gaur, Gipuzkoa ez baita "irla bat" Europan eta mundu osoan zabaltzen ari diren ideologia populista eta korronte "kezkagarrien" aurrean.

Ildo horretan, populismoaren aurrean demokrazia babesteko, akordioen balioa defendatu du, eta Gipuzkoako eta Euskadiko eztabaida publikoan "tonu eraikitzailea" nagusitzen jarrai dezan lan egitearen alde agertu da, "oso urrun ez dauden esparruetan nagusi diren krispazio, irain eta fake newsen aurrean". "Ez dut politika ulertzen akordioak bilatzeko benetako borondaterik gabe. Adostasunak beti izan dira garrantzitsuak politikan eta kudeaketa publikoan, baina are gehiago egungo testuinguruan. Demokrazia indartzeko, ardura publikoak ditugunok, maila guztietan gure ahaleginak biderkatu behar ditugu, adostasunen eta elkar ulertzearen alde. Gauden lekuan gaudela", azpimarratu du, UPV/EHUko Udako Ikastaroen barruan, Administrazio publikoaren zeregina demokrazia birsortzeko eta indartzeko jardunaldiaren hasieran.

Ikastaroaren irekieran, Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak ere hartu du hitza. Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoako berrikuntza politikorako eta lankidetzazko gobernantzako estrategiaren ikasturte hasiera ekitaldia izan da gaurkoa. Nazioarteko eta tokiko adituen laguntzarekin, demokrazia indartzeko formula eta esperientzia aurreratu berriak aztertu dira, administrazio publikoen ekintzatik abiatuta. Europako eta Amerikako erreferentziazko ahots akademikoen parte-hartzearekin, elkarlaneko gobernantzan sakontzeko premian sakondu dute bertaratu direnek, kapital soziala eta balio publikoa sortzeko mekanismo gisa, populismoen gorakadaren aurrean, gure gizartea oinarritzen eta kohesionatzen duten balio demokratikoak indartzeko.

Sebas Zurutuza Estrategiako foru zuzendariak eta Xabier Barandiaran Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Saileko irakasleak zuzendu dute jardunaldia, eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, lurraldeko hainbat alkate eta Etorkizuna Eraikizeko ekosisteman parte hartzen duten eragile sozio-ekonomikoen eta erakundeen ordezkariak ere elkartu dira.

Gipuzkoa, elkarlanaren lurraldea

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Gipuzkoak azken urteotan "lankidetzan, esperimentazioan eta berrikuntzan" oinarritutako kultura politiko berri baten aldeko apustua egin du. Apustu hori Etorkizuna Eraikiz estrategiaren bidez garatu da, eta azken bi legegintzaldietan 1.500 enpresa, erakunde eta elkarte baino gehiagok hartu dute parte, baita 70.000 pertsona inguruk ere. Ahalegin kolektibo hori hamaika estrategia eta erreferentziazko proiektutan, berrogeita hamar bat proiektu esperimentaletan eta 150 proiektu herritarretan islatu da, gure gizarteak dituen erronka sozial eta ekonomiko nagusien inguruan.

“Gipuzkoa elkarlanaren lurraldea da. Lankidetza hori politika publikoen diseinura eramaten dugunean, emaitza esanguratsuak lor ditzakegu aurrerabide sozialean eta ekonomikoan. Baina ez hori bakarrik. Elkarlan dinamika horietan sakontzearekin bat, izan ere, demokraziaren defentsan aurrera egiten ari gara; populismoaren eta autoritarismoaren aurrean, komunitate demokratiko, arduratsu eta berdinzale gisa urrats berriak ematen ari gara”, berretsi du.

Bestalde, uda honetan zorigaiztoko istripu batean joan zaigun Ogasuneko foru diputatua gogoan, "zerbitzu publikoak gizarte demokratiko baten eraikuntzan duen balioa" aldarrikatu du Mendozak. "Demokrazian sinesten dugunok arlo publikoan aritzen diren pertsonen ekarpena baloratu eta indartu behar dugu, eta, aldi berean, gure lanaren eredugarritasunean eta eraginkortasunean aurrera egin", gaineratu du.

Irekiera instituzionalaren ondoren, José María Lassallek, Comillaseko Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako irakasleak, Demokrazia liberalaren krisia eta bere etorkizuna izenburua duen hitzaldia eman du. Aurrera begira jarrita, “demokrazia hibrido eta populistetarantz” eboluzionatzeko arriskuaren aurrean, balio humanisten alde eta adimen artifiziala bezalako teknologia digitalen eragina “pertsonen benetako ongizatearen” neurrira mugatzearen alde azaldu da. Errealitate honen guztiaren aurrean, besteak beste, iritzi eta ikuspegi diferenteen arteko “lankidetzaren” alde hitz egin du, eztabaida publiko eraikitzaile bat ahalbidetuko duena.

Ondoren, Pompeu Fabra Unibertsitateko Zientzia Politikoko katedradun eta De votantes a hooligans: polarización política en España liburuaren egileak, Mariano Torcalek, Kultura politikoaren eraldatzeak Mendebaldeko demokrazietan hitzaldia eskaini du. “Populismoaren aparraldia eta Administrazioaren jardunarekiko herritarrek duten balorazio eskasa” aipatu ditu, demokrazia liberalaren krisialdiaren arrazoien artean. Horrekin bat, gizartean ematen ari den “polarizazio kaltegarrian” jarri du azpimarra, zein oinarritzen den, ez hainbeste ideia edo alderdi politiko batekiko atxikimenduan, baizik eta batez ere norbaitekiko edota posizio batzuekiko “etsaitasunean”.

Jardunaldiaren lehen zatia osatzeko, Rafael Jimenez Asensiok, EHUko Zuzenbidean doktore eta aholkulari instituzional denak eta hogei liburu baino gehiago eta aldizkari espezializatuetan artikulu ugari idatzi dituenak, Demokrazia liberalaren krisia eta administrazio publikoa izan ditu aztergai.

Ikastaroaren bigarren zatian, Sonia M. Ospina, New Yorkeko Unibertsitateko Kudeaketa eta Politika Publikoetako katedraduna eta gobernantza demokratikoko partaidetzan eta lankidetzan aditua, galdera honi erantzuten saiatu da: ¿Bide egokia eskaintzen al du lankidetzazko gobernantzak demokraziaren biziberritzerako? Era berean, Pittsburgheko Unibertsitateko irakasle den María Victoria Whittinghamek honako gai hau izan du aztergai: Herri administrazioa indartzeko politika publikoen bilakaera.

  

4070