"Segurtasunaren eta ongizate emozionalaren arteko oreka perfektua lortzea da erronka"
"Segurtasunaren eta ongizate emozionalaren arteko oreka perfektua lortzea da erronka"
"Prebentziotik eta etengabeko egokitzapenetik" COVID-19ari aurre egiteko lurraldeko gizarte zerbitzuetan aktibatutako estrategia errepasatu du Maite Peñak Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak agerraldia egin du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gizarte Politiken Batzordean, eta bertan, Gipuzkoako gizarte zerbitzu eta baliabideek bizi duten egoeraren errepaso sakona egin du, baita pandemia hasi zenetik garatutako plan, estrategia eta neurrien errepasoa ere, " une bakoitzeko beharretara egokitu ditugunak". Diputatuak azpimarratu duenez, erronka nagusia da gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen "segurtasun eta ongizate emozionalaren arteko oreka perfektua lortzea", eta egin beharreko bidea "luzea" da, baina "eskutik helduta jarraituko dugu, prebentzioan, zaintzan eta etengabeko egokitzapenean oinarrituta".
"Ezin dugu guardia jaitsi", azpimarratu du Maite Peñak: "Orain bizi dugun egoera martxokoa ez bezalakoa da. Martxoan birusaren eragina handiagoa zen, horregatik alor guztietan hartutako neurriak murriztaileagoak ziren; orain, ordea, birusarekin bizitzen ari gara. Kaleak zabalik daude, egoitzak ere bai, eta arriskua handiagoa da". Hori dela eta, Zaintza eta Alerta Sistemari esker, "neurriak modu kirurgikoan hartzen ditugu, eta sare osoaren egoera etengabe berrikusten dugu, ahalik eta gehien aurrea hartzeko eta birusaren aurrerapena eteteko". Hala ere, Peñak gogorarazi du ez dagoela "zero arriskurik", baina hartutako neurriak "eraginkorrak" direla, eta sare osoa egokitzeko gaitasuna "oso frogatuta" dagoela.
Gaur egun, adineko pertsonen egoitzetan, 55 kasu aktibo daude sei zentrotan, eta egun 60 langile daude kutsatuta 22 egoitzatan. Bigarren olatuan, abuztuaren 11n lehen kasu positiboak eman zirenetik, 20 pertsona hil dira eta 14 dagoeneko sendatu dira. Maite Peñak elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi ditu, eta eskerrak eman dizkie erabiltzaileei, familiei eta egoitzetako langileei, "lan nekaezinagatik, arduragatik, erantzukizunagatik eta konpromisoagatik".
"Egoera honek erantzukizun partekatua eta epe ertain eta luzerako ikuspegia eskatzen ditu", berretsi du diputatuak. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Plan Estrategikoaren egokitzapenak, martxoan aktibatutako Txoke Planaren indartzeak, eta Zaintza eta Alerta Sistemaren aktibazioak "aukera ematen digute une bakoitzeko egoeren ikuspegi oso zabala eta argazki ziurtatua izateko". Bestalde, diputatuak gogorarazi duenez, Gizarte Politikako Sailak COVID-19ak Gipuzkoako gizarte-baliabideetan duen eraginaren azterketa bat egiteko agindu zuen, eta bertan jasoko dira osasun-krisiaren balantzea, sortutako egoeren ebaluazio osoa, eta hobetzeko hainbat ekintza ere proposatuko dira. Diputatuak adierazi duenez, "dokumentuak erakundeen, erabiltzaileen eta senideen ekarpenak jasoko ditu", eta irailaren amaierarako osatuko dute.
Oinarriak: prebentzioa eta alerta iraunkorra
Maite Peñaren hitzetan, birusari aurrea hartzeko eta harekin bizitzea lortzeko, gakoa "prebentzioa sustatzea eta erne egotea" da. Ildo horretan, diputatuak Txoke Planaren barruan hartutako ekintza eta neurri garrantzitsuenak zerrendatu ditu, hala nola Gipuzkoako gizarte zerbitzu eta baliabideetan aktibo dagoen Alerta eta Zaintza Sistema osatzen dutenak:
- Egoitza-zentroetako erabiltzaileei eta langileei PCR prebentiboak egitea. PCR probak sistematikoki egiteko sistema bat aktibatu da, aldizkako mapaketak egiteko eta agerraldi-egoeretan mapaketa selektiboak egiteko helburu bikoitzarekin. Irailaren 19ra arte, 13.626 proba egin dira egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileen eta langileen artean.
- Lanean jarraitzen da norbera babesteko materiala hornitzeko (gaur arte, besteak beste, 900.000 maskara kirurgiko, 50.000 FFP2 maskara, 700.000 eskularru eta 700.000 mantal banatu dira), desinfekzioak egiteko eta aholkularitza teknikoa emateko Aita Menniko profesionalen eskutik.
- Sare osoko ikuskapena indartu da eta, hala, Aldundiko Ikuskapen Zerbitzuak bisitak egiten jarraitzen du zentroetara (47 ikuskapen bigarren olatuan), eta egoitzetatik egindako kontingentzia, prebentzio eta bisita-planak ere berrikusi ditu.
- Egoitza-zentroetako irteerei dagokienez, hainbat irizpideren arabera arautzen dira: komunitatearen kutsatzea, inguruko egoera epidemiologikoa eta zentroetan baieztatutako kasuak. Beraz, neurriak modu kirurgikoan hartzen dira, eta aldian-aldian berrikusten dira. Zuhurtziaz eta erantzukizun partekatutik abiatuta, irteerak egiten jarraitu ahal izango da egoera epidemiologikoak ahalbidetzen duen zentro guztietan.
- Egoitzetako bisitak kasu positiborik ez duten zentro guztietan egiten dira, bisita bakoitzeko pertsona batera mugatuta, ez duena zertan pertsona bera izan bisita guztietan; astean bitan eta ordubeteko iraupenez egin ahal izango dira. Neurri horiek ez dira aplikatzen bizitzaren amaierako prozesuan dauden pertsonen kasuan eta narriadura kognitiboa duten pertsonen kasuan.
- Indartu egin da apirilean prebentzioaren eta kontrolaren arloan hasitako prestakuntza-plana. Tresna horrek, COVID-19ak egoitza-zentroetan duen eraginarekin lotutako hainbat alderdi lantzen ditu.
- Baliabide eta zentro berriak egokitu eta ireki dira, egoitzetatik eratorritako COVID-19 kasuak artatzeko eta berrogeialdi prebentiboak egiteko. Hori horrela, uztailean Eibarko Ospitaleko hirugarren solairua gaitu zen, 56 plazarekin eta, era berean, plaza gehiago aktibatzea aurreikusten da, COVID-19 kasuen arretarako eta isolamenduak egiteko balioko dutenak. Ordiziako San Jose zentroa ere eraberritu eta egokitu da, instalazioak COVID-19ari aurre egiteko prest egon daitezen eta bere kontingentzia planean aurreikusitako neurriak bete ditzan.
- Kasu positiboak artatzeko edo isolamenduak egiteko plaza horiez gain, plaza murriztu dira prebentzioz egoitzetan eta eguneko zentroetan, isolamenduak errazteko zentroetan bertan.
"Asko ikasi dugu, eta horretan jarraitzen dugu egunez egun", azpimarratu du Maite Peñak. "Gizarte-zerbitzuen sarea osatzen dugun guztiok gure onena ematen ari gara, eta ziurgabetasuna izugarria da. Oso errealitate aldakorra bizi dugu, oso kontziente gara horretaz, eta, horregatik, beharrezkoak diren neurri guztiak egokitzen eta bultzatzen joango gara, une bakoitzak eskatzen dituen beharretan oinarrituta", ondorioztatu du diputatuak, eta gogorarazi du egungo egoerak eskatzen duela kontu handiz ibiltzea, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak etengabe lan egiten jarraitzen duela prebentzio, euste eta jarraipen-lanetan, osasun-krisia hasi zenetik.
1812