Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro “Lanean nahiz gizarte bizitzan, inertziak astindu eta euskararen erabilera indartzeko oso baliagarriak dira ariguneak”

“Lanean nahiz gizarte bizitzan, inertziak astindu eta euskararen erabilera indartzeko oso baliagarriak dira ariguneak”

Euskaraldiarekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak barne ariketa zabala egingo du datozen bi asteotan: 174 arigunetan banatuta 1.200 foru langile baino gehiagok parte hartuko dute.

Foru jauregiaren fatxada.

Foru jauregiaren fatxada.


Azken hilabeteotako prestakuntza eta antolakuntza lanen ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak barne ariketa zabal bati ekin dio gaurkoan, Euskaraldiaren hirugarren edizioari ekitearekin bat. Aurreko ekitaldian hasitako bideari eutsiz, ariguneen osaketan eta formazioan jarri du azpimarra foru erakundeak, erronka nagusi batekin: ariguneak baliatzea euskararen erabilerak jauzi berri bat eman dezan laneko harremanetan eta laneko hizkuntza bezala. Guztira 174 arigune osatu dituzte foru langileek eta herri ordezkariek, eta gisa horretan Aldundi barnean 1.237 lagunek ahobizi eta belarriprest moduan eman dute izena hizkuntza ohiturei buruzko gizarte ariketa masibo honetan.

Gaur goizean Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, “foru langileen partaidetza zabala” azpimarratu du eta eskertu nahi izan du “guztien inplikazioa”, baita “antolakuntza lanetan buru-belarri diharduten guztien ahalegina” ere. “Erronka edo norabide argi bat ezarri dio Foru Aldundiak bere buruari: laneko harremanetan eta laneko hizkuntza aukeratzeko garaian, bestelako jarrerak aldatu eta euskararen erabilerari bultzada handi bat ematea, jauzi berri bat eman dezan”, azaldu du.

Izan ere, gogoratu duenez, “lanean nahiz, oro har, gizarte bizitzako alor guztietan, inertziak astindu eta euskararen erabilera indartzeko oso lanabes baliagarria dira ariguneak”. Aldi berean, herritar, erakunde eta elkarte oro animatu ditu Euskaraldian parte hartzera. “Tresna positiboa da, lankidetzan oinarritua, herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabileran aurrera egiteko, gure lurraldearen hizkuntza egoeran berdintasun orekatuago bat lortzeko bidean urratsak emateko”, gogorarazi du.

Formazio saioak, Euskaraldiaren aurretik eta ondoren

Mendizabalek azaldu duenez, urte hasieran Aldundiak ariguneak sortzeko prozesua abiarazi zuenetik, departamentuz departamentu talde eragileak sortzen joan dira, modu koordinatuan. Ondoren, langileek ariguneak sortu dituzte eta talde horiek aktibatzeko neurriak hartu dira. Hain zuzen ere, 100 formazio saio baino gehiago antolatu dira Euskaraldian parte hartzeko borondatea zuten langileen artean, ariguneei beren erronka propio eta berezituak jartzen laguntzeko.

Euskaraldia amaitu ondoren, beste hainbeste formazio bilera antolatuko dira, barne ariketan lortutako ohitura aldaketa horiek eguneroko lanean finkatzen saiatzeko. Euskararen erabileran egindako aurrerapausoen inguruan azterketa bat egingo da, baita ere. Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak direla, berau osatzen dute pertsona guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute.

Diputatuen Kontseilua berak erabaki zuen joan den urriaren 11ko bileran urte osoan zehar arigune iraunkor gisa lan egitea. Hau da, Euskaraldiak proposatutako ariketa urte osoan zehar mantentzea ebatzi du Aldundiko erabakigune nagusiak –beraz, aurtengo edizioak irauten duen bitartean eta aurrerantzean ere bai–, beren bileretan euskararen erabilera lehenesteko ohitura berretsiz eta indartuz.

Bost gipuzkoar ezagun, hitzez ekiteko prest

Joan den aste honetan zehar, Euskaraldian parte hartuko duten hainbat herritar –horietako  batzuk aurpegi ezagunak– solasean jarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak euskararen erabileraren inguruan, haien elkarrizketak sareetan zabalduz. Gainera, Euskaraldiak irauten duen bitartean Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregiko fatxadan jarritako panel batzuetan ikusgai izango ditugu herritar ezagun horiek, gainontzeko herritarrak ere ariketa sozial honetan parte hartzera animatuz: Julen Portillo tiktokerra, Alba Menendez Bera Bera eskubaloi taldeko kapitaina, Joseina Etxeberria kazetaria, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Ana Galarraga zientzia komunikatzailea.

  

4492