“Ziurgabetasunei aurre egiteko etorkizuneko apustuekin jarraitu behar dugu, are determinazio gehiagorekin”
“Ziurgabetasunei aurre egiteko etorkizuneko apustuekin jarraitu behar dugu, are determinazio gehiagorekin”
“Ziurgabetasunei aurre egiteko etorkizuneko apustuekin jarraitu behar dugu, are determinazio gehiagorekin”
Gipuzkoako diputatu nagusiak esan du “konfiantza” duela lurraldearen gaitasunetan, COVID-19aren krisiari aurre egin eta aurrera jarraitzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019an baino 389 milioi gutxiago bildu zituen pasa den urtean (-%7,7), eta aurrekontuetan jasan zuen inpaktua 502 milioi eurokoa izan zen (-%9,8). Hala ere, 2020 urtearen likidazioan jasotako jaitsiera urrian aurreikusitakoa baino leunagoa izan zen eta, hortik abiatuta, Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok konfiantza mezua helarazi du gaur goizean. Azaldu duenez, agertokia ziurgabetasunez beteta ageri da momentu honetan eta, honen aurrean, “etorkizuneko apustuekin jarraitzeko unea da”. “Konfiantza osoa daukagu gure herrian, gure sare ekonomikoa eta sozialean, eta ziur gaude gai izango garela ditugu egun bizi dugun eta COVID-19 gaitzaren pandemiak eragin duen krisia gainditu eta aurrera begira ditugun erronka nagusiei erantzuteko”, nabarmendu du.
Diputatu nagusia Gipuzkoako Batzar Nagusietako Erakundeetarako, Gobernurako eta Araudirako Batzordean agertu da gaur goizean, Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuarekin batera, pasa den ostiralean Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartu ziren erabakien berri emateko. Bilera horretan hartu ziren erabakien artean, garrantzitsuena pasa den urtearen behin betiko likidazioarena izan zen. Guztira, Gipuzkoako Foru Aldundiak 4.634 milioi euro bildu zituen pasa den urtean, urrian eginiko aurrelikidazioa 241 milioi eurotan hobetuz. Honenbestez, aurtengo ekitaldiari begira, aurreikusten den zerga bilketa 2020ko urteko likidazioaren ia parekoa da, 14 milioi euroko hazkundearekin (+%0,3).
Olanok, bere interbentzioan, pasa den urteko zerga bilketa hartu du abiapuntu bezala, eta esan du bi faktorek azaltzen dutela 2020 urtearen bigarren seihilekoan Gipuzkoak izan duen bilakaera ez hain negatiboa: alde batetik, 2019 urtea errekorrekoa izan zen arlo ekonomikoan eta, adibidez, Errentaren eta Ondarearen zergen kasuetan, urte horri zegozkion zergak ordaindu ziren 2020 urtean egindako kanpainetan. Hortik, bi zerga hauetan lortu zituzten emaitzen arrazoia. Bestalde, jarduera ekonomikoak ere bilakaera positiboa izan zuen urteko azken hilabeteetan eta, esaterako, azaroa eta abendua urte osoko hilabeterik onenak izan ziren enpresen salmentei dagokionean, Gipuzkoako foru Ogasunak hilabetero plazaratzen duen txostenaren arabera.
Aurrera begira, diputatu nagusiak esan du 2021 urtea ez dela erraza izango, zeren mota guztietako ziurgabetasunak daude epe hurbilean. “Hala ere, apustu garrantzitsua egin nahi dugu 2021 honetan eta hurrengo urteetan, gure etorkizunaren aldeko apustua”, esan du diputatu nagusiak. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen gaitasun guztiak erabiliko dituela esan du eta, adibide gisa, aurrekontuetan egindako ahaleginean jarri du azpimarra, foru erakundeak urte honetarako duen defizit ahalmen guztia erabiliko baitu. “Konfiantza daukagu gure herrian, gure sare ekonomiko eta sozialean, eta funtsezkoa da ditugun erronka nagusiei konfiantzaz erantzutea”, aldeztu du.
Peronak, bere aldetik, azaldu du 2020 urtean jazotako zerga bilketaren beherakada 2009 urteko krisiaz geroztik handiena dela eta, honen eraginez, azken lau urtetako emaitzarik txarrenarekin itxi zuela Gipuzkoak urtea. Hala ere, esan du albiste pozgarria dela urriko aurre likidazioan ezarritako zenbatekoak hobetzea, jarduera ekonomikoak hobera egin izanaren seinale baita. “Diputatu nagusiak esandakoren ildotik, abiapuntu ona da datozen hilabeteetarako, eta konfiantzaz ekingo diogu urteari; zuhurtziaz jarraituko dugu lanean, epe motzeko eta epe ertain-luzeko beharrei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko”, azpimarratu du.
Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa
Udalen kasuan, Peronak azaldu du gaur arratsaldean elkartuko dela Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta bertan emango zaiela udaletako ordezkariei beraien finantzaketarako hain funtsezkoa den Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren (UFFF) behin betiko likidazioaren berri. Aurrera duenez, Gipuzkoako zerga bilketak urrian egindako aurreikuspenak hobetzeak ondorio positiboak izango ditu baita ere udalentzat. Zehazki, 482 milioi euroko zuzkidurarekin itxiko du urtea funts honek, hau da, aurre likidazioan jasotakoak baino 30,8 milioi euro gehiago. Aurreko urteekin alderatuta, 2020 urtekoa foru funtsaren inoizko hirugarren zuzkidurarik altuena izango da.
Honekin batera, gogoratu du 2021 urtean Aldundiak lurraldeari dagokion defizit ahalmenaren % 40 udalei utzi diela, hau da, 79 milioi euro. Peronaren ustetan, bi elementu hauek “nabarmen” indartzen dute lurraldeko udalek duten posizioa, COVID-19aren krisiari aurre egiteko dituzten baliabideak areagotuz. “Udalak herritarrengandik gertuen dauden erakundeak dira eta, hori dela eta, finantza ikuspegitik indartsu egotea albiste oso positiboa da gipuzkoar guztiontzat, eskaintzen dituzten zerbitzuak indartzea esan nahi baitu”, gaineratu du. Azkenik, Peronak kudeaketa jasangarri eta arduratsu baten aldeko hautuarekin jarraitzeko dei egin die udalei, “oraina eta geroa uztartuz, orain arte egin duten bezala”.
2103