1,5 milioi euro 2021ean landa-bideak hobetzeko
1,5 milioi euro 2021ean landa-bideak hobetzeko
Aurreko legealdiaz geroztik, 300 kilometro baino gehiagoko jarduketak egin dira bideetan, lurralde oreka helburutzat hartuta.
Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Gipuzkoako landa-bideak hobetzeko 2021eko dirulaguntzen deialdia onartu du. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuak 1.500.000 euro bideratuko ditu aurten laguntzetara. Deialdia datozen egunetan argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta udalek zein udalerria baino lurralde eremu txikiagoko toki erakundeek egin ahal izango dituzte eskabideak. Programa hori Aldundiaren LandaGipuzkoa proiektuaren barruan kokatzen da, eta helburutzat du lurralde oreka sustatzea, foru erakundeak Gipuzkoa desberdintasunik txikieneko Europako lurralde bilakatzeko egindako apustuaren barruan.
Laguntza horien helburua da landa-eremuetako biztanleen bizi kalitatea hobetzea eta lehen sektorearen garapena bultzatzea, irisgarritasuna eta garraioa oro har hobetuz, eta nekazaritza-azalerak hobeto ustiatzea ahalbidetuz. Besteak beste, honako lan hauek egingo dira: landa-bide berriak eraikitzea, lehen asfaltatzea edo hormigoiztatzea; landa-bideak konpontzea, egokitzea eta hobetzea nekazaritza-ustiategietarako; eta horietarako sarbideak seinaleztatzea. Eskaerak 20 egun balioduneko epean aurkeztu ahal izango dira, deialdia GAOn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.
Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak adierazi duenez, deialdiaren helburua da lurraldeko udalerriei eta udalerria baino lurralde eremu txikiagoko toki erakundeei laguntzea zenbait landa-azpiegituratan jarduerak egiten, landa-bideetan, besteak beste. “Udalek zailtasunak dituzte beren aurrekontuetatik azpiegitura horiek eraikitzeko eta kontserbatzeko inbertsioei aurre egiteko, are gehiago krisi garaian; horregatik, Aldundiak erabaki du ekimen horri berriz heltzea eta eraikuntza- edo kontserbazio-obra horien finantzaketa babestea”.
3.360 kilometro bide
Iaz, pandemiak eragindako aparteko gastuak zirela-eta, landa-bideen deialdia bertan behera utzi behar izan zen krisiak lehen sektorearen jarduera ekonomikoan eragindako beharrei erantzuteko. Aitzitik, 2019an, udalek eta toki erakunde txikiek guztira 3.229.313 euroko inbertsioa egin zuten bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,6 milioi euro bideratu zituen deialdi horretara. 2019an, 65 udalerri eta toki erakundetako 72 proiekturi eman zitzaien laguntza, eta, horri esker, landa-bideen 67 kilometro berritu edo asfaltatu ziren lehen aldiz. Aurreko legegintzalditik, 300 kilometro baino gehiagoko jarduketak egin dira.
Guztira, gaur egun, erabilera publikoko landa-bideen 3.360 kilometro inguru ditu lurraldeak, eta “dirulaguntza-deialdi honen bidez sarea pixkanaka berritzen jarraitzen dugu, sare hori hobetzea eta modernizatzea baita udalek –batez ere 2.500 biztanletik beherakoek– egiten diguten eskaera nagusietako bat”, azaldu du Larrañagak. Deialdiak lehentasuna ematen die udalerri txikiei, eta dirulaguntzaren gehieneko ehuneko handiagoa ezartzen du haientzat. Hiriguneetatik urrun dauden eremuetan egiten diren lanei babes handiagoa emateko irizpideak ere jasotzen dira.
Diputatuak nabarmendu du “Gipuzkoako lurralde-kohesioa eta –oreka” zaindu beharreko “aktiboak” direla, “berdintasunean oinarritutako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko. Gipuzkoa ezin da ulertu landa-ingurunerik gabe. Landa-inguruneko herri eta udalerri txikiak gure nortasun ezaugarrietako bat dira, gure funtsaren parte, eta, beraz, haiei laguntzeko eta bertako biztanleen bizi kalitatea bermatzen laguntzeko konpromisoari eusten diogu. Herri eta eskualde sendo eta dinamikoak nahi ditugu, ezinbestekoak baitira Gipuzkoa lehiakor, adimendun eta orekatu bat eraikitzen jarraitzeko”.
Ildo horretan, deialdi hau LandaGipuzkoa proiektuaren barruan sartzen dela gogorarazi du Larrañagak. LandaGipuzkoak barne hartzen ditu foru erakundeak apustu politiko horren esparruan egiten dituen ekintzak. Apustu horren xedea da oinarrizko azpiegiturak (bideak, edateko ur publikoa eta saneamendua) mantentzea eta hobetzea, arrakala digitala murriztea banda zabal ultra-azkarra hedatuz, jarduera erakartzea, gizarte zerbitzuak optimizatzea, despopulazioa saihestea, etab. «Gure helburua da lurraldeko hiri inguruneen pareko zerbitzu integralak eta gizarte ongizatea lortzea, biztanleria mantentzeaz gain, landa-ingurunea bizitzeko eta lan egiteko ingurune erakargarri eta lehiakorra izan dadin».
2204