Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 1,8 milioi pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzeko

1,8 milioi pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzeko

Ekintzailetza aurreratua eta barne-ekintzailetza indartuko ditu, 2020an 435 enpresa abian jartzea ahalbidetu zuen deialdi batean.

Foru Aldundiak enpresak sortzeko eta garatzeko prozesuan laguntzeko programa abiarazi du, 2021ean 1.841.000 euroko zuzkidura izango duena, honako laguntza lerro hauetan banatuta: enpresa-proiektuei laguntzea enpresa sortzeko prozesuan –Txekin, 195.000 euro–; emakumeek sustatutako enpresa-proiektuei laguntzea –Emekin, 245.000 euro–; eta oinarri teknologikoko enpresak eta/edo enpresa berritzaileak sortzeko prozesuan laguntzea –Txekintek-Barnetekin, 1.401.000 euro–. Oinarriak, dagozkien informazio eta baldintza guztiekin, laster argitaratuko dira GAOn. Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da maiatzaren 31ko 12:00ak arte Emekin programaren kasuan, eta urriaren 18ra arte gainerakoetan.

          Gipuzkoan jarduera ekonomikoa eta berrikuntza sustatzera bideratutako laguntza programa nagusiak eta urteko hitzarmenak finkatzearen aldeko apustua egiten duen Ekonomia Indartuz Planaren egiturazko alderdiaren barruan, Aldundiak gehitu egin du deialdi honen zuzkidura 320.000 euro gehiago jarriz. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak azaldu duenez, helburua da, alde batetik, enpresen barne-ekintzailetza sendotzea, "haien lehiakortasuna indartzeko eta negozio aukera berriak sortzeko".  Bestetik, ekintzailetza aurreraturako baliabide gehiago bideratzea, bereziki Euskadiko RIS-3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin lerrokatutako eremuetan, "proiektu horiek gure sare ekonomikoa dibertsifikatzeko eta eraldatzeko duten gaitasunagatik, balio erantsi handiko sektoreetan kokatuz, hala nola mugikortasun berrian, fabrikazio aurreratuan edo biozientzietan".

Iaz, programa horrek 435 enpresa-proiektu sortzen lagundu zuen; horietako 223 emakumeek sustatu zituzten, eta 37 start up edo oinarri teknologikokoak izan ziren. Otsailean, besteren konturako langileak zituzten 20.160 enpresa zeuden Gipuzkoan; kopuru hori, azken hilabeteetan suspertzeko joera izan arren, iaz baino % 2 txikiagoa da, eta horrek agerian uzten du pandemiak sare ekonomikoan duen eragina. "Pertsona eta enpresa ekintzaileei laguntzea beharrezkoa da gure sare ekonomikoa eta, horrekin batera, gure ongizate ereduaren oinarriak indartzeko. Gipuzkoan dauden potentzial, ekiteko gogo eta ezagutza guztiak bideratu behar ditugu, funtsezko aktibo baitira susperraldi ekonomiko eta soziala bizkortzeko eta krisi hau gainditzeko", adierazi du diputatuak.

Horretarako, laguntza horiez gain, Aldundiak hainbat arlotan lan egiten du.  ELKARGIrekiko lankidetzaren bitartez, start up eta emakumeek bultzatutako enpresen finantzaketa errazten du urtero; BIC Gipuzkoaren eskutik, enpresa berritzaile berriak sortzeko prozesua eta nazioarteko azelerazio programak babesten ditu; RIS-3 europar estrategiarekin batera eta Etorkizuna Eraikizen barruan, erreferentziazko zentroak hainbat sektoretan hedatzen ari da, hala nola zibersegurtasunean, elektromugikortasunean, gastronomia digitalean eta zahartze osasungarrian, bere helburuetako bat izanik ekintzailetza sustatzea eremu horietan; eta proiektu berritzaileak kapitalizatzen laguntzen du, Seed Gipuzkoa, Basque Fondo edo Biozientziak Fundazioaren bidez.

Gainera, zerga arloan, aipatu behar dira Covid-19aren aurrean ekintzailetza bultzatzeko onartu diren zerga neurriak, aurtengo ekitaldira luzatu direnak eta honako helburu hauek dituztenak: mikroenpresetan eta ETEetan inbertsioak egitea sustatzea, mikroenpresek eta enpresa txikiek garatutako I+G proiektuak finantzatzen laguntzea eta enplegu sorrerari hobaria ematea.

Proiektu pilotuak

Etorkizunari begira, Aldundiak, Gipuzkoako ETEetan enpresa ekintzailetza sustatzeko, programa berri bat aurkeztuko du laster Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan. Proiektu pilotu bat da, lurraldeko 6 enpresatan garatuko dena, eta unibertsitateak, aholkulariak eta ekintzailetzari laguntzeko ekosistemako eragileak inplikatuko dituena. Proiektuaren helburua da enpresei metodologia bat ematea, eta alor horretan enpresak sentsibilizatzeko eta gaitzeko tresnak identifikatzea. Horretarako, ibilbide orri bat zehaztuko da, berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa kontuan hartuko duena maila guztietan –produktua, prozesua, merkatua, antolaketa eta talentua–, negozio lerro edo unitate berriak edota enpresa berriak sortzeko. Azken batean, helburua da "esperimentatzea, ETEek balia ditzaketen jardunbide egokiak eta ezagutza lortzeko, beren etorkizuna bermatzeko berrasmatzea funtsezkoa den testuinguru batean".

          Larrañagak nabarmendu duenez, Gipuzkoak ekosistema "oso indartsua" du jarduera ekintzaileari laguntzeko bere fase guztietan, ideiaren asmatze fasetik hasi, enpresaren sorrera eta bizkortze fasetik igaro, eta enpresaren finkatze eta transmisio faseraino. Erakunde eta lurralde gisa dugun ikuspegia beti izan da eta izaten jarraitzen du gizarte ekintzaile bat edukitzea, berezkoa dugun enpresa-espirituaren funtsezko ezaugarri gisa. Ekintzailetzaren kultura eta balioak gizartearen maila guztietan eta bizitzako etapa guztietan zabaldu behar ditugu, gure indar ekonomikoaren eta, bereziki, industrialaren zati handi bat, hain zuzen ere, galdu ezin dugun dinamismo horretan dagoelako", esan du amaitzeko.

  

2135