10 enpresak jaso dute Naturklimeko Borondatezko Karbono Funtsaren aitorpena
10 enpresak jaso dute Naturklimeko Borondatezko Karbono Funtsaren aitorpena
12.000 tona CO2 baliokide konpentsatu dituzte guztira. 100.000 eurotan balioesten da hori.
Naturklimak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak abian jarritako Borondatezko Karbono Funtsa zuzentzen zaie beren isuriak aitortzera behartuta ez dauden sektoreetakoak izan arren beren karbono aztarna konpentsatu nahi duten eragile ekonomiko eta sozialei.
Egindako konpentsazioari esker, Irungo Bidasoa auzoko Etxolazarreta finkaren lehengoratze ekologikoa egin da, Aiako Harria Parke Naturalaren barruan, iaz izandako baso-sutearen ondoren.
José Ignacio Asensio: «Gipuzkoako Karbono Funtsaren bidez zentralizatutako konpentsazioei esker, inpaktuek gure lurraldearen garapen jasangarriari mesede egiten diote, CO2 xurgatzeko dugun gaitasuna hobetuz, eta proiektuak bultzatzen dira, tokiko aberastasunerako eta enplegurako eta gipuzkoarren bizi-kalitaterako zuzeneko onura dakartenak».
José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Naturklimako lehendakariak aitorpen bat eman die gaur Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez beren borondatez karbono-aztarna konpentsatu duten 10 enpresei.
Eraikuntzaren, industriaren, kirolaren, kulturaren edo merkataritzaren sektoreetatik datozen 10 enpresek, batzuk aipatzearren, 12.000 tona CO2 baliokide konpentsatu dituzte guztira, hau da, 100.000 euro.
José Ignacio Asensiok eskerrak eman dizkie enpresa horiei gure lurraldea deskarbonizatzeko hartu duten konpromisoagatik, eta Naturklimaren ekimenarekin izan duten inplikazioaren balioa azpimarratu du: «Lehenengo enpresa hauek ingurumen-inplikazio eta -erantzukizun handia erakutsi dute neutraltasun klimatikoaren helburuan, eta beharrezkoa da eskerrak ematea eta ikusaraztea gure lurraldeko sektore ekonomiko eta industrialaren preskriptore izateko hartu duten konpromisoa».
Euskadiko borondatezko lehen karbono-funtsa Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak jarri zuen abian, Naturklimarekin lankidetzan, eta sektore lausoetako erakundeak ditu helburu, baldin eta, emisioak aitortzera behartuta egon gabe, beren karbono-aztarna Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez konpentsatu nahi badute.
Berriki onartu zen Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legeak Karbono Aztarna erregistratu eta konpentsatzeko derrigortasuna ezarri zuen. Gaur egun, betebehar horrek eragiten die BEG gehien sortzen dituzten industria sektoreei; Gipuzkoaren kasuan, horien isuriak dira guztizkoen % 20 inguru, eta arautu gabe geratzen da gainerako % 80a, sektore lausoen isuriei dagokiena. Azken zati hori sektore hauei dagokie: Etxebizitzak, merkataritza eta erakundeak, garraioa, nekazaritza eta abeltzaintza, hondakinen kudeaketa, gas fluordunak eta isurien merkataritzari lotzen ez zaion industria.
Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok honako hau adierazi du: «Borondatezko funts honek laguntzen die araututako sektoreetakoak ez diren erakunde eta eragileei beren proiektu edo jarduerak modu jasangarriagoan sustatzen, klima aldaketaren aurkako konpromisoa hartuta eta gure ekonomia deskarbonizatzeko prozesuan lagunduta».
Karbono-aztarna konpentsatzeko 10 enpresek emandako 100.000 euroekin, Irungo Bidasoa auzoko Etxolazarreta finkaren lehengoratze ekologikoa egin da, iaz izandako baso-sutearen ondoren, Aiako Harria Parke Naturalaren barruan. Leheneratze-obraren helburua zen lursaileko landarediaren eta lurzoruen gaitasuna hobetzea karbono-hustutegi gisa jarduteko, haien funtzionaltasun ekologikoa indartzeko eta inguruneko biodibertsitatea kontserbatzeko.
José Ignacio Asensiok azpimarratu duenez, «hori da lurralde mailan Borondatezko Karbono Funtsa izatearen abantaila nagusietako bat, egindako konpentsazioa zuzenean gure ingurunearen onurarako izatea, inpaktu berrien aurrean gure lurraldearen erresilientzia bultzatuz eta CO2 ekosistema funtzionalekin neutralizatzeko dugun gaitasuna hobetuz».
«Karbono Funtsa mugarri oso garrantzitsua da 2050erako neutraltasun klimatikoa lortzeko gure helburua betetzeko», esan du Jose Ignacio Asensio Naturklimako lehendakariak; bera da 2050erako klima neutraltasuna bermatzea eta gure ekonomiaren deskarbonizazioa sustatzea helburu duen Gipuzkoako Klima Aldaketaren Aurkako Borroka Estrategiaren buru 2018tik.
Estrategia horren arabera, klima neutraltasun hori lortzeko, % 90 murriztu behar dira berotegi efektuko gasen (BEG) 2005eko isuriak, eta horrek esan nahi du CO2 isuriak murriztu behar direla 2005ean isuri ziren 8.376 kilotona baliokidetatik 867 kilotona baliokidera 2050erako. Isurien gainerako % 10 xurgatuko dituzte karbono hustubideek, eta horrek suposatuko luke karbono neutraltasuna lortzea; horretarako hainbat tresna jarri behar dira abian –Borondatezko Karbono Funtsa kasu– bermatzeko Gipuzkoak CO2 xurgatzeko gaitasuna handitzen duela. Naturklima Borondatezko Funtsaren konpentsazioak burutzen dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuaren Azpiegitura Berdeen Planeko jarraibideen baitan.
Honako 10 enpresa hauek jaso dute aitorpena:
Asfaltia, Campezo Obras y Servicios, Eman, Industrias gráficas, Suministros eléctricos Gabyl Gipuzkoa, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia, Salto Systems, Cluster Habic, Sinnple Consultores e Innovación Social, Grupo Uvesco (BM Supermercados eta SuperAmara), Donostia Gipuzkoa Basket.
3204