15 Covid-19 positibo berri antzeman dira adinekoen egoitzetan
15 Covid-19 positibo berri antzeman dira adinekoen egoitzetan
Halaber, martxan da erabiltzaile eta familientzako Telezaintza (900 43 43 43) arreta zerbitzua.
Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi du 15 direla Gipuzkoako egoitzetan antzemandako Covid-19 positibo berriak, eta guztira 65 direla zenbatutako kasuak, 52 adineko pertsonen egoitzetan eta 13 desgaitasuna dutenenetan. Positibo berriak ondorengo zentroetan eman dira: 10 Iurramendin (Tolosa), non 23 kasu dauden guztira; bat gehiago Caser Residencial Anakan (Irun), guztira 15 positibo daude; bi kasu Zumaiako Otezuri egoitzan; eta beste bi Eibarko San Andrés egoitzan. Ospitaleratutako pertsonak lau izaten jarraitzen dute eta hiru pertsona gehiago eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora, non bost dauden guztira.
Beste alde batetik, Mendozak gogorarazi du martxan dagoela Telezaintza (900 43 43 43) telefono zerbitzua, “erabiltzaileen zein familien bizitza erraztea helburu duena”, 7 eta 10 bitarteko pertsonako taldeaz osatutako call center baten bidez. Bertan, lurraldeko gizarte baliabideetako erabiltzaileen eta familien beharrak erantzungo dira: “Erabiltzaileen beharrak zentralizatu eta kudeatzeko zerbitzua da, beti ere, ematen ari garen zerbitzua eta arreta hobetzeko helburuarekin”, azaldu du bozeramaileak.
Gaineratu du, suhiltzaileen foru zerbitzuak aurreikusten duela bihar amaitzea lurraldeko egoitzetako desinfekziorako eta garbiketarako lehen itzulia, astero errepikatuko direnak, “atzo aurkeztu genuen Txoke Planean jasota datorren bezala, birusaren prebentzio eta euste lanetan jarraitzeko helburuarekin”.
Webgune berria
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak Covid-19 gaitzak lurraldean izaten ari den eraginari buruzko informazio guztia jasotzen duen webgune bat jarri du martxan. Honela, www.gipuzkoa.eus/covid19 atarian Gipuzkoako eguneroko datuak jasotzeaz gain, foru erakundean hartu diren neurri ezberdinen berri ere ematen da. Besteak beste, Aldundiarekin harremanetan jartzeko kanaletan eman diren aldaketak, Lurraldebus zerbitzuko ordutegi berriak, neurri ekonomikoak edo beste aldaketa administratibo batzuk dituzte eskuragai erabiltzaileek. Zerbitzu hauekin guztiekin batera, galdera eta iradokizunetarako tarte bat ere jarri da.
1448