15 lagun hil dira azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan
15 lagun hil dira azken orduetan Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan
Lurraldebusek zerbitzuak indartuko ditu, funtsezkoak ez diren lanpostuetan berriz lanean hastea errazteko.
Eider Mendoza foru bozeramaileak, 5.425 pertsona artatzen diren Gipuzkoako 65 egoitzetako egoeraren eguneroko balantzea egin du, eta zehaztu du azken orduetan 15 lagun zendu direla eta 20k eman dutela positibo Covid-19n. Guztira, beraz, 91 heriotza eman dira, 301 positibo eta 25 lagun sendatu dira. Azken heriotzak eman diren egoitzak izan dira Iturbide (Arrasate), Berra (Donostia), Egogain (Eibar), San Jose (Ordizia), Iurreamendi (Tolosa), Santa Ana (Zarautz) eta Otezuri (Zumaia). Atzoko datuekin alderatuz, azken orduetan egoitza bat gehitu da positiboak dituztenen zerrendara, Eskoriatzako Jose Arana, bi kasu asintomatiko atzemanda; hortaz, 16 dira guztira Covid-19ak eragindako egoitzak. Bestalde, 35 pertsona eraman dira Donostiako Gurutze Gorriaren zentrora eta 36 daude ospitaleratuta.
Eider Mendozak adierazi du egun hauetan zehar egoitza zentroetan desinfekzioak egiten ere ari direla, zeinak indartu egin diren eta lau egunean behin egiten ari diren suhiltzaileen eta DYAko boluntarioen aldetik, gune komunetan, eta enpresa espezializatu baten eskutik logeletan. Gaur, esaterako, GSR Aretxabaleta, Donostiako La Paz eta Hondarribiko Caser Residencial Betharram desinfektatu dira, eta bihar Donostiako Berra eta Eskoriatzako Jose Arana egingo dira.
Materialaren banaketari dagokionez, bozeramaileak adierazi du Gipuzkoako Foru Aldunditik “sekulako” ahalegina egiten jarraitzen dela lurraldeko egoitza zentro guztiak babeserako materialaz hornitzeko. Foru erakundeak Osakidetzak egiten dituen banaketak osatzen ditu, eta horretarako, egoitzek planteatzen dituzten beharrak sistematikoki jasotzen dira. “Egoitzekin dugun harremana egunerokoa da, gaixotasunaren bilakaera ezagutzeko, babeserako materialaren inguruko beharrak asetzeko, baita babeserako neurrien eta zentroen sektorizazioaren inguruko aholkularitza eta formakuntzarako ere”, azaldu du Mendozak. “Euren alboan gaude eta hala egoten jarraituko dugu, lan handia egiten ari dira eta Aldunditik laguntza ematen jarraituko dugu gure esku dauden baliabide guztiekin”.
Lurraldebusen zerbitzuen indartzea
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak handitu egingo ditu gaur egun martxan diren zerbitzuak - hain zuzen ere, alarma egoerak jarritako mugak betez martxoaren 29az geroztik dauden zerbitzu murriztuak-, jarduera laboralak apirilaren 14tik aurrera berraktibatzeak ekarriko duen eskari hazkundeari erantzuteko.
Autobusetako langileen eta erabiltzaileen osasun segurtasuna ziurtatuko da bidaiari kopurua, ordaintzeko sistema eta distantzia soziala zainduta; eta zerbitzu gehikuntza goizeko lehen orduetan eta eguerdian aplikatuko da, bidaiariak autobusetan pilaturik joan ez daitezen. Autobus zerbitzuak funtsezko jarduera arloak (ospitaleetan…) eta asteartean berriz lanean hastekoak diren lantokiak dauden eremuetan indartuko dira batez ere.
Zerbitzuak indartzeko neurri hauen bitartez, ongi erantzun nahi zaio aurreikusten den eskari hazkuntzari, alarma egoera lehenbiziko aldiz luzatu zenean bertan behera geratu ziren jarduera industrialak eta laboralak ostera hastean, alegia. Beraz, gogorarazi behar da telelana lehenetsi behar dela posible den guztietan, eta funtsezkoak ez diren merkataritza establezimenduek eta aisialdikoek itxita jarraituko dutela.
Osasun krisi hau hasi zenetik, Lurraldebus oso-oso gertutik jarraitzen ari da garraioan dagoen eskaria, eskura dituen giza eta material baliabideak egunean-egunean herritarren eskarietara egokitzeko.
Era berean, bezeroak artatzeko zerbitzu guztiak martxan ditu, behar den informazio guztia jendearen eskura jarriz, bai web orriaren bitartez (www.lurraldebus.eus), bai doako telefonoaren bitartez (900 300 340).
Gaur egun bizi dugun egoeran, garraio publikoa oinarrizko zerbitzu bat da eta kalitatezko erantzuna ematen ari da, Lurraldebuseko enpresa emakidadun guztietako profesionalen konpromiso eta ahaleginari esker.
1793