Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 170 edukiontzi adimentsu Donostia hirian

170 edukiontzi adimentsu Donostia hirian

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritzak eta Donostiako Udalak lankidetza-hitzarmena berritu dute, errefus edukiontzien bilketa adimendunaren kudeaketa hobetzeko.

2019/09/19

Jose Ignacio Asensio: “Beharrezkoa da berrikuntza bultzatzea teknologia berrien bitartez hiri hondakinen bilketa arloan, baliabideak askatzeko, ingurumena hobetzeko, eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko”.

Bigarren esperientzia pilotu honek berrikuntzak sartzen ditu teknologian eta softwarean, gaikako bilketan efikazia eta efizientzia handiagoak bermatzeko: eguzki plakarekiko sentsore berriak, eta betetze mailak aurreikusten dituen softwarea.

 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Marisol Garmendia Gune Publikoetako zinegotziak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, gaur, helburua duena gaikako bilketa hobetzeko proiektu pilotua sustatzen jarraitzea. Gros eta Amara auzoetan 2017an eta 2018an egindako lehen proiektu pilotuaren ondoren, zeinak agerian jarri baitzuen ezen, edukiontziei teknologia berriak aplikatuz gero, bilketa eraginkorragoa eta jasangarriagoa egin daitekeela, erabaki dute hitzarmena berritzea, helburutzat hartuta gaikako bilketa teknologikoki hobetzen jarraitzea, modu ingurumen aldetik positibo eta errentagarri batean, hain zuzen ere.

Hitzarmen horren bitartez, 170 sentsore adimendun instalatuko dira hiriko errefus sistema irekiko edukiontzietan, Aiete eta Altza auzoetan. Auzo horiek hautatzeko arrazoiak dira, alde batetik, abantaila garbiak dituztela halako esperientzia baterako, zeren eta hobekuntza-tarte handia baitute hondakin bilketan, eta bestetik, populazio dentsitate ezberdina dutela, eta horrek aberastu egingo ditu proiektuaren konklusioak. 

Bigarren esperientzia pilotu honetan, teknologia horien ahalmen handian aurrera egiten eta hura garatzen saiatu dira. Hala, eta Amaran eta Grosen aurrera eramandako esperientziaren konklusioak aztertu ondoren, hauteman zen halako gailuen puntu erabakigarrietako bat dela bateriena eta baterien mantentzea, eta soluzio bezala, edukiontzietan ezarriko diren sentsore berri horiek eguzki plakaz kargatzeko bateriez elikatuko dira. Hori horrela, autonomian eta iraunkortasunean irabaziko dute edukiontziek. Berrikuntza horrek lagundua izatea merezi du. 

Gainera, erabilitako softwareak aukera eman dezake edukiontzien betetze maila aurreikusteko eta, aurreikuspen horien arabera, erabakitzeko zein edukiontzi jaso behar diren eta zein ez, edukiontziek gainezka egiteko aukera nabarmen murriztuz. “Edukiontziek kudeaketa egoki bat behar dute, alde batetik, haien eraginkortasuna bermatuko duena, eta bestetik, kudeaketa eraginkor bat ziurtatuko duena, arriskuak saihestuz, hala nola CO2 emisioak” adierazi du Asensiok. 

Aurrerapen horien ildotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak bat egiten dute esperientzia berri bat abiatzean Aiete eta Altza auzoetan, eguzki plakak dituzten ekipamenduekin, eta proba errealak egiteko helburu nagusiarekin, edukiontzi guztiak bildu gabe. Esperientzi piloto hau, batetik sensore eta softwarearen instalazioa eta bestetik  emaitzen analisiaren jarraipena kontutan harturik, 2020ko abenduaren 31ra arte luzatuko da. Gipuzkoako Ingurumeneko Departamentuak sentsore horien erosketa eta instalazioa finantzatuko ditu, 87.846 eurorekin, eta Udalak, berriz, esperientziaren esku jarriko ditu 170 errefus-edukiontzi, gehienez, aipatutako auzoetan kopuru hori egotea espero baita.   

 

Gainera, Donostiako Udalak, esperientziaren zerbitzura jarriko ditu, orobat, errefusa biltzeko dauzkan berezko baliabideak edo kontratatuak, ondo joan daitezen esperientziaren barruan egingo diren proba errealak.

Ekintza hau kokatuta dago Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudea­tze­ko 2019-2030 Plan Orokorraren barruan (2019-2030 Hondakin Plana), zeina onetsi baitzuen 6/2019 Foru Arauak, mar­txo­aren 20koak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2019ko martxoaren 25ean argitaratu zenak. Bada, R.SEL-1 ekintzan jasotzen du hondakin bilketari laguntzea, eta aurreikusten du sistema adimendunak ezartzea eta emaitzen ebaluazioa egitea. Horrenbestez, planaren lan ildoetako bat da kontainerizazio sistemak hobetzea.

Hondakin zatiki desberdinak biltzeko edukiontziak, ezinbesteko osagai bihurtu dira, eta horregatik behar dute kudeaketa egoki bat, haien efikazia nahiz efizientzia bermatuko dituena. Ildo horretan, gaineratu behar da ezen Gipuzkoa lan handia egiten ari dela kontainerizazio sistemak hobetzeko, eta esparru horretako berrikuntza-arloa da Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak sustatu nahi duen lan ildoetako bat.

 

Efizientziari dagokionez, edukiontzien betetze maila ezagutzea oso lanabes baliagarria izan daiteke, bilketa eraginkorragoa izateko, eta edukiontziek gainezka egitea saihesteko. Aldi berean, ingurumen hobekuntzak ere lor daitezke, hala nola errefusaren bilketan eta garraioan sortutako emisioak eta zaratak murriztea.

Donostia da hiri bat halako esperientzia baterako abantaila garbiak dituena, zeren eta, bertan, gaikako bilketa tasek hobekuntza-tarte zabala baitute, eta gainera, tamaina handikoa da (Gipuzkoako populazioaren laurdena baino gehiago), eta hori lagungarria da esperientzia etorkizunera hedatzeko.

Donostiako Udalak erabiliko du sistema hori, helburua duena zehaztea zer-nolako ahalmena duen errefus bilketa hobetzeko. Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinaraziko dizkio sistema erabiltzean sortzen diren arazoak eta lortutako emaitzak, jakinaren gainean egon dadin, eta Foru Aldundiarekin elkarlanean jardungo du; horrekin batera, sistemaren funtzionamenduari eta eskaintzen dituen aukerei buruzko balorazioa egingo du. 

 

  

1735