2,2 milioi euro bideratu ditu Aldundiak N-I errepidean hobekuntzak egitera
2,2 milioi euro bideratu ditu Aldundiak N-I errepidean hobekuntzak egitera
Diputatuen Kontseiluak gaur onartu du bide-zorua birgaitzea bi tramotan Tolosaldean, eta pantaila akustiko berriak jartzea Beasainen.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak bi esku-hartze proiektu onartu ditu gaur, N-I errepidean hobekuntzak egiteko. Batetik, errepide honetako bi zatiren bide-zoruaren birgaitzea onartu da eta bestetik, Beasainen pantaila akustikoak jartzeko ekimenak ere argi berdea jaso du. Bi esku hartze hauetara, 2,2 milioi euro bideratuko ditu Aldundiak. Eider Mendoza foru bozeramailearen esanetan, esku hartze hauek agerian jartzen dute beste behin ere foru erakundeak lurraldeko errepide sarearen erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko duen konpromisoa.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko, eta bertan eman du esku hartzen hauen berri. Azaldu duenez, N-I errepideko bide-zorua birgaitzera bideratutako ekimenak bide honetako 431,800 eta 434,620 kilometro puntuen artean dauden bi zatitan egingo dira: Alegiako N-I-434 lotunea eta Tolosako erdiguneari dagozkienetan, hain zuzen ere. “Ekintza honekin, trafikoak eragiten duen higadurari aurre egin, eta bidearen segurtasuna eta erosotasuna hobetu nahi dira. Aldi berean, bide-zoru babestu nahi da, iraunkortasunari, iragazgaiztasunari eta uniformetasunari dagokionez”, esan du. Proiektuak 1.113.778,85 euroko oinarrizko aurrekontua du, eta hiru hilabeteko egikaritze epea.
Bigarren esku hartzea Beasainen egingo da. Zehazki, N-I errepideko trafikoak sortzen duen zarata murrizteko ekimena izango da. Beasaingo tunelaren eta N-I errepidearen lotunearen artean, 419 KPan, Gasteizerako noranzkoan, trenbidetik oso gertu doan trazaduran, pantaila akustikoak jarriko dira, eta metalezko bionden ordez hormigoizko hesiak jarriko dira. “Helburua, noski, eremu horretako soinu inpaktua arintzea da, inguruko bizilagunen mesederako”, azaldu du foru arduradunak. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 1.079.847,94 eurokoa da, eta lana burutzeko epea hamar hilabetekoa.
Sukalberri
Bestalde, Gipuzkoan gastronomiaren sektorea bultzatzeko Sukalberri programako dirulaguntzen 2022ko deialdia onartu du Kontseiluak. Laguntza programa honen bitartez, Gipuzkoako gastronomiaren sektoreko eragileen eta enpresen eraldaketa digitala bultzatu nahi dira. Programak 360.000 euroko zuzkidura du, sektorearen balio kate osoa hartuko du kontuan, eta teknologia berrien erabilera eta berrikuntza integrala sustatu nahi ditu. Laguntzen xede dira berrikuntza bultzatzen duten jarduketak, lau arlo handitan banatuta: produktuak eta prozesuak, jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra, banaketa eta logistika sistemak, eta negozio ereduak. Lehentasuna ematen zaie berrikuntza teknologikoei, bereziki eraldaketa digitalari eta enpresa prozesuetan aplikatutako adimen artifizialeko tresnen erabilerari, eta, halaber, laguntza ekonomiko handiagoa ematen zaie enpresa txiki eta ertainei.
“Programa honen bidez lortu nahi da Gipuzkoa gastronomiaren arloko erreferente mundiala izan jarraitzea, baita XXI. mendeko gizarte berri honetan ere. Izan ere, kalitatezko ezaugarriak dituelako, elikadura osasungarri eta jasangarria bultzatzen duelako, eta teknologia berriak erabiltzea sustatzen duelako, negozio eredu eta soluzio berriak diseinatzerakoan”, esan du Mendozak. Horretarako, gastronomiaren sektorearen eraldaketa digitala sustatzen da, helburutzat hartuta: aldaketak eragitea osagaien eta etxeko gauzen industrian, jatetxeen eta zerbitzu osagarrien sektoreetan jada badauden negozio ereduen bilakaera sustatzea, eta teknologiak eta berrikuntzak eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz jasangarriagoak diren eredu berriak identifikatzea.
“Elikadura-sistema jasangarria, segurua, osasungarria eta tokikoagoa sortzen lagundu nahi da, jasangarritasun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren bidez, autohornikuntza-gaitasuna handituz eta elikagaien enpresa-ehunaren garapena eta lehiakortasuna bultzatuz”, nabarmendu du. Pasa den urtean, deialdi honen babesari esker, 19 enpresa eta eragilek garatuko dituzte beren proiektuak: 4 lankidetzakoak izan ziren, eta 9 banakakoak. Ekimen hauek sektorearen balio-kate osoa hartzen zuten, eta komunean zuten teknologia berrien erabilera eta berrikuntza integrala, haien eragina aurreratuz eta negozio nahiz kudeaketa eredu berriei atea irekiz.
Eskulangintza sektorea
Departamentu berean, baita ere gaur onartu da Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko dirulaguntza programaren 2022ko deialdia, eta hau gauzatzeko 410.000 euroko gastua baimendu da. “Artisautzak, bai ikuspegi tradizionaletik eta baita garaikidetik ere, ahalmen eta bideragarritasun handia dauzka gure gizartean. Ekoizpena eta banaketa garatu nahi ditugu, jarduera honek dituen enfoke soziala, kulturala eta ekonomikoa uztartuz”, adierazi du bozeramaileak.
Gaineratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarraitu egin nahi du Gipuzkoako eskulangintza sektorea sustatzeko konpromisoa sendotzen. Konpromiso horren bitartez lortu nahi dena da sektorea bera ahalduntzea; bere ikusgarritasuna indartzea; profesionaltasun, prestigio eta kalitateko ingurune batean kokatzea; eta sektorearen bideragarritasun ekonomikoa eta soziala garatzea. “Horrek guztiak dakar estrategia bat aurrera eramatea eskulangintzaren sektorearentzat etorkizun iraunkor bat, soziala eta ekonomikoa lortzeko, sektoreko harreman eredu berrietan oinarritua”, azpimarratu du.
Gaur onartu diren laguntzak testuinguru horretan kokatzen dira zehazki. “Helburu nagusia da sektoreko enpleguari eta jarduerari eusten laguntzea, oinarrizko bi lehentasunen bidez; batetik, jarduerari eusteko finantzaketa eta likidezia ematea, eta, bestetik, merkatuarekiko eta bezeroekiko hurbiltasuna indartzea, bai online, bai, orain arte, azokarik garrantzitsuenen bidez”, osatu du.
Egoitzetako partea
Azkenik, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 90 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 32 gehiago), 14 egoitza ezberdinetan. Kasu hauetatik, 25 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, ez da egoiliarrik zendu, 54 sendatu dira eta 86 positibo berri atzeman. Guztira, azaroaren 29tik hona, 53 egoiliar hil dira, eta 2.516 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 45 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 3 gehiago) 18 egoitza ezberdinetan.
2376