Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 2,4 milioi, jarduera turistikoa babestera, berreskuratzera eta sustatzera

2,4 milioi, jarduera turistikoa babestera, berreskuratzera eta sustatzera

Gipuzkoako Turismoa Suspertzeko Plana aurkeztu du gaur, COVID-19ren krisiak sektorean eragindako inpaktuari aurre egiteko.

Foru Aldundiak gaur aurkeztu du Gipuzkoako Turismoa Suspertzeko Plana, 2,4 milioi eurokoa, hiru ekintza-ardatz argirekin: sektoreko jarduera eta enplegua babestea COVID-19ren inpaktuaren aurrean, 900.000 eurorekin; jarduera berreskuratzen laguntzea, 400.000 eurorekin; eta jarduera pandemia osteko egoeran sustatzea eta berrabiaraztea, 1,1 milioi eurorekin. Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, Iker Goiria Turismo zuzendariarekin batera, iragarri du departamentuak bere aurrekontuari eutsiko diola eta Planaren bidez "programa eta tresna guztiak" bideratuko dituela sektoreari laguntzeko, krisiak gehien kaltetu duen sektoreetako bat baita: "Ibilbide orri ireki bat da, eragile guztiekin batera garatuko duguna beti".

Lehenengo ardatzean, enpresen biziraupen mekanismoak indartzea da lehentasunezko helburua epe labur-ertainean, "enplegua babesteko eta haren jarduerari laguntzeko" premiazko neurri ekonomikoak hartuz. Horrela, Aldundiak 300.000 eurora arte handituko ditu 10 langile baino gutxiago dituzten autonomoei eta turismo zerbitzuetako enpresa txikiei laguntzeko lerro berriaren dirulaguntzak, COVID-19k sortutako gastuei aurre egiteko, jasotako eskaera guztiei erantzun ahal izateko. Gainera, turismo eragileei zuzendutako dirulaguntzek 600.000 euro izaten jarraituko dute, "sektoreari laguntzeko ekosistema" finkatzeko.

Bigarren ardatzak pandemiaren erronken aurreko prestakuntza azpimarratzen du, jarduera turistikoa eta osasun publikoaren bermeak egokituz, eta bisitarien lehentasunak eta kezkak, baliabideak eta portaerak kontuan hartuz. Lasak aurreratu duenez, "turismo eskaintza ere berriz asmatu beharko da, eta garai eta turismoa ulertzeko modu berri baten beharretara egokitu".

Horretarako, Iker Goiriak zehaztu duen bezala, hiru programa jarriko dira abian: bat ingurune seguruak sortzeko, 100.000 eurorekin, turismo-eskaintzaren eta sektoreak eskaintzen dituen zerbitzuen segurtasuna bermatuko duten azterlanak, ekimenak edo protokoloak sortzera bideratua; indarberritzeko beste bat, 200.000 eurokoa, jarduerara itzultzeko funtsezko puntuak zehazteko, hala nola negozioaren berrantolaketa, berrikuspenak, produktuaren doikuntzak, prezio-maila edo mezu egokienak; eta hirugarrena, merkatuetan aldaketak deskubritu eta detektatzeko, 100.000 eurorekin, jokabidearen, kontsumoaren eta merkatuaren joera berriak aztertuko dituzten azterlan espezifikoen bitartez, "konfiantza berrezartzeko eta eskaria suspertzeko". 

Krisiaren berehalako ondorioak arindu eta egoera berria argitu ondoren, Planak Gipuzkoako turismo jardueraren sustapena eta bultzada azpimarratuko ditu. "Berebiziko garrantzia izango du turismoaren onura sozialak integratzea eta herritarrak tokiko produktuak kontsumitzearen beharraz eta garrantziaz sentsibilizatzea. Turismoaren sektorea suspertzeko, lehenik eta behin, Gipuzkoan bizi diren pertsonen lankidetza eta konpromisoa behar dira, eta, ondoren, Euskadiko gainerako lekuetatik, estatutik eta atzerritik bisitariak erakartzea", azaldu du Lasak.

Ildo horretan, hirugarren ardatz honen muina lurraldea bisitatzeko pizgarrien programa izango da, 600.000 euroko zuzkidurarekin, xede izango duena tokiko kontsumoa sustatzeko ekitaldiak, jarduerak, ibilbideak, lehiaketak, sustapenak eta abar sortzea. Halaber, 300.000 eurorekin, Gipuzkoako Turismo Bulegoaren rola birplanteatuko da, ekonomia sustatzeko eginbeharretara zuzenduz; enpresen arteko lankidetza, ekintzailetza eta proiektu turistiko berritzaileak sustatzeko euskarri bihurtzea da helburu nagusia. Gipuzkoako komunikazioa eta sustapena ere indartuko dira lehentasunezko merkatuetan.

Sektore indartsua, baina bereziki kaltetua

Turismo jarduerak zifrak bikainak izan ditu azken urteetan lurraldean: 1,3 milioi sarrera izan ditu 2019an, 2016an baino % 20 gehiago; eta 2,8 milioi ostatu gau izan ditu, 2016an baino % 16 gehiago. Gipuzkoako hirugarren sektore ekonomikoa da, 36.500 enplegurekin iaz. Turismo gastua % 4,4 hazi zen 2018an aurreko urtearekin alderatuta (0,4 puntu gehiago Euskadiko batez bestekoa baino). Zenbaki absolutuetan, Gipuzkoako turismo gastua 2017ko 1.849 milioi eurotik 2018ko 1.930 milioi eurora igo zen, eta Euskadiko turismo gastu osoaren % 41,5 izan zen 2018an. Era berean, azken datuen arabera, gurea da turismoak ekonomian eragin traktore handiena duen lurralde historikoa, 2018ko BPGaren % 7,6arekin.

"Zifrek agerian uzten dute jarduerak gure sare ekonomikoan duen garrantzia. Egia da batez ere industria lurraldea garela, baina ezinbestekoa da ekonomia dibertsifikatua izatea eta sektore guztiak bikaintasunaren eta etengabeko hobekuntzaren irizpide berberen arabera kudeatzea, aberastasun eta enplegu iturri gisa. Ezin dugu alde batera utzi turismoak egiten duen ekarpena, ez eta beste jarduera batzuetan, hala nola merkataritza txikian edo garraioan, eragiteko duen gaitasuna ere. Eta gutxiago hain une zailean", esan du Lasak.  

Izan ere, jarduerak azken urteetan goranzko ibilbide nabarmena egin arren, COVID-19ren krisiak gehien eragindako sektoreetako bat da, ziurgabetasun maila oso handiekin eta susperraldia beste jarduera batzuetan baino motelagoa izan daitekeen aurreikuspenarekin. Turismoaren Mundu Erakundearen ustez, nazioarteko turisten etorrera % 20 eta % 30 artean murritz daiteke 2020an, inpaktua ia 10 aldiz handiagoa da 2008ko krisian baino, eta krisiak gehien eragindako sektore ekonomikoetako bat da. Estatuan, sektoreak urteko negozioaren gutxienez % 80 galdutzat jotzen du; izan ere, Aste Santuak turismo jardueraren % 15 hartuko zuen, eta udako kanpainaren aurreikuspenak, fakturazioaren % 70 inguru hartzen duenak, ez dira oso itxaropentsuak.

Lasak gogorarazi du galdera asko daudela "oraindik airean", hala nola mugak irekitzeko datak, ekitaldiak egin ahal izango diren eta nola, zer baldintzatan, edo ostalaritza noiz irekiko den eta nolako eskakizunekin. Nolanahi ere, "konfiantzazko" mezu bat helarazi du; izan ere, Gipuzkoak hainbat indargune ditu, hala nola "kalitatezko turismo-eredu jasangarria, askoz masifikatuago dauden eta eskaintza pobreagoa eta ez hain dibertsifikatua duten beste helmuga batzuk ez bezala. Ezaugarri horiek –Kultura, gure baliabide naturalak eta paisaiak …– bultzatu behar ditugu egoera horri aurre egiteko, hobeto prestatuta egongo garelako horrela. Modeloa ez da negoziatzen», esan du.

Era berean, erronka hori "aukera" bihurtzeko eskatu du, fluxuen banaketa lurralde osoan sakonduz eta "hurbileko turismoan" sakonduz. 2019an, 4,2 milioi bisitari izan ziren Gipuzkoan; horietatik 1,3 turistak izan ziren eta 2,9 txangozaleak, guztizkoaren ia % 70. Bisitarien %35 Hego Euskal Herrikoak ziren, eta %22 Frantziakoak. Gipuzkoara iritsitako bisitarien, turisten eta txangolarien kopuruaren estimazioak "epe laburrera edo ertainera potentzial handia erakusten du zentzu horretan", amaitu du.

  

2002