Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 2023an hiru krisi zentro zabalduko dira Gipuzkoan, sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko

2023an hiru krisi zentro zabalduko dira Gipuzkoan, sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko

Aldundiak erakunde arteko mahai bat jarri du abian indarkeria matxistaren aurreko arreta jorratzeko eta koordinatzeko; zazpi udal, mankomunitate bat, Eusko Jaurlaritza, Fiskaltza, Epailetza eta Abokatuen Elkargoak osatzen dute mahaia.

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Nerea Isasi Emakume eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaria; Belen...

Markel Olano diputatu nagusia eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Nerea Isasi Emakume eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaria; Belen Larrion Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendaria; Donostia, Irun, Arrasate, Eibar, Zarautz, Hernani eta Errenteriako udalak; Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatea; Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika, Osasun eta Justizia sailak


Gipuzkoako Foru Aldundiak urte amaiera baino lehen 24 orduko hiru krisi zentro zabalduko ditu sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko, eta beste bi babes zentro, Debagoiena eta Goierri eskualdeetan, PRTR Funtsen bidez finantzatuko direnak. “Helburua da  Aldundiak gizarte larrialdiko zerbitzuaren bidez ematen duen arreta indartzea, hurbileko hiru zentro espezializatu zabalduta, emakume bakoitzari erantzun integrala emateko”. Markel Olano diputatu nagusiak adierazpen horiek egin ditu gaur goizean Foru Jauregiaren atarian, Gipuzkoan indarkeria matxistari aurre egiteko erakunde arteko mahaiaren aurkezpenean.

Mahai hori sortzea, 24 orduko arreta-zentroak irekitzearekin batera, erantzunak hobetzeko aukera bikaina da, indarkeria-mota horri aurre egiten diotenei arreta integralagoa eskainiz, eta irizpideak kontrastatzeko eta erabakiak modu koordinatuan hartzeko gune egokia da, “hartara, erantzun integral eta guztiz pertsonalizatua emateko emakume bakoitzari”. “Azken batean, krisian esku hartzeko hiru zerbitzuak eta mahaia aktibatuta, oraindik bete ez diren beharrei erantzun nahi diegu eta birbiktimizazioa saihestu nahi dugu”, azaldu du diputatu nagusiak. Lurralde ikuspegi batetik, erantzunkidetasunetik eta ekintzara bideratutako jarduerarekin, batera lan egingo da “emaitza erabakigarriak eta agerikoak” lortzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean Etorkizuna Eraikiz Gunean bildu ditu erakundeetako 34 ordezkari, guztiak ere Gipuzkoan indarkeria matxistaren aurreko arreta koordinatzeko erakundearteko mahaiko kideak. Gipuzkoako Foru Aldundia da foro horren buru, Gizarte Politiketako departamentuaren bidez, Berdintasunerako Organoarekin koordinatuta. Elkargune politiko eta tekniko berri horretan, indarkeria matxistaren biktima izan diren edo diren emakumeen arretan inplikatutako erakundeak eta organoak biltzen dira, “alde bakoitzak egiten dituen jarduketak koordinatzeko helburuarekin, horrela, gizarte osoarentzat onuragarria izango den informazio trukea lortzeko”, azaldu du Markel Olanok.

Diputatu nagusiak adierazpen hauek egin ditu mahaiaren bileraren lehen zatiaren ondoren. Olanorekin batera izan dira Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua; Nerea Isasi Emakume eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaria; Belen Larrion Haurren Babeseko eta Gizarteratzeko zuzendaria; Donostia, Irun, Arrasate, Eibar, Zarautz, Hernani eta Errenteriako udalak; Saiaz gizarte zerbitzuetako mankomunitatea; Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika, Osasun eta Justizia sailak; Fiskaltza eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegia, eta Abokatuen Elkargoa. Halaber, eta eremuan duten ordezkagarritasunagatik, lankidetzan jardungo dira beste hauekin ere: Hezkuntza, Etxebizitza eta Lan Saila, Eudel, Arartekoa, Emakunde, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, Gobernu zentraleko ordezkariordetzaren atzerritarren unitatea, eta interes espezifikoa duten eragileak, hala nola, emakumeen etxeak.

            Erakunde guztiek gure gizartea gogor astintzen duen indarkeria matxista desagerrarazteko duten konpromiso irmoa errebindikatu ondoren, Markel Olanok balioan jarri du gizarte politika etorkizunerako palanka gisa jartzeko eta Gipuzkoan arretako eta zaintzako eredua eraldatzeko bideak eskaintzeko egiten ari garen ahalegin kolektiboa. Plangintza horrek, alegia, Gipuzkoa 2020>2030 Agendak, jasotzen du indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko eredu integral berria. Eredu hori modu bateratuan lantzen aritu dira 2019tik eta iazko azaroan aurkeztu zuten.

Arreta eredu berri baterako oinarri partekatuak

Bestalde, Maite Peñak defendatu duenez, indarkeria matxistaren arazoaren konplexutasunak eta izaerak eskatzen dute berariazko esku-hartze eredu bat hartzea, eta, horregatik, duela lau urte abian jarritako entzuteko eta aurrez ebaluatzeko prozesuaren ondoren, ereduaren printzipio eta gako batzuk definitu dira, “irizpide homogeneo eta adostuekin”. Zehazki, hobekuntza arloak identifikatu dira, eta, horien ondorioz, arreta ereduaren funtsezko printzipioak jardunbide zehatzetan ezartzen laguntzen duten jarraibide zehatzak sortu dira. “Orain, ikuspegi hori indartuko dugu Gipuzkoan indarkeria matxistaren aurreko arreta koordinatzeko erakunde arteko mahaia aktibatuta”.

            Diputatuak adierazi du erantzuna antolatzeko eta zerbitzuak emateko moduak eragin nabarmena duela lortzen diren emaitzetan eta horien eraginkortasun mailan, eta gaineratu du indarkeria matxistaren arazoaren izaerak eta konplexutasunak “justifikatu egiten duela esku hartzeko eredu espezifiko bat egokitzeko beharra, ikuspegi feministatik, genero ikuspegitik eta giza eskubideetatik abiatuta. Gainera, emakume bakoitzaren duintasuna, autonomia, segurtasuna, intimitatea, gizarteratzea eta erreparazioa bermatu behar ditu”.

            Ondorioztatzen da intersekzionalitatetik eta ahalduntzetik jardun behar dela, eta esku-hartze estrategiei jarraikiz, hala nola integraltasuna, pertsonarengan oinarritutako plangintza, birbiktimizaziorik eza, erresilientzia eta parte hartzea. “Hori guztia esku hartze komunitarioko eredu batetik”, azpimarratu du Maite Peñak. Espazio bakoitza zaintzea, taldeen antolaketa, ematen den informazioa eta egiten diren diagnostikoak, kasu bakoitzaren ebaluazioa eta jarraipena nola egin, emakume bakoitzari dagokion profesional bat esleituz.

  

4242