Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro Volver 2024ko errentaren kanpainak 75,4 milioi euroko saldo positiboa izango du zergadunen alde

2024ko errentaren kanpainak 75,4 milioi euroko saldo positiboa izango du zergadunen alde

· 46.094 autolikidazio proposamenak onartu dira kanpainaren lehenengo bi egunean · 7.401 zergadunek Errenta+ APPa deskargatu dute eta kanal honen bidez 1.695 proposamen onartu dira

2025/04/02
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak 388,3 milioi euro itzultzea eta 312,9 milioi euro ingresatzea aurreikusten du 2024ko errenta kanpainan; beraz, azken saldoa 75,4 milioi euro izatea espero da, lurraldeko zergadunen alde. Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatua agertu da gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin eta Yolanda Domínguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera, kanpainari buruzko xehetasunak emateko eta haren bilakaera eguneratzeko. Guztira, Foru Ogasunak 422.000 aitorpen jasotzea aurreikusten du, iaz baino 9.145 gehiago. Horietatik, espero da 304.000 itzultzekoak edo zero emaitzakoak izatea, eta 118.000 ingresatzekoak.

Bere hizketaldian Agirrek aurreratu duenez, bidalitako 285.595 proposamenetatik «kanpainaren lehen bi egunetan 46.094 onartu dira». Zergadunek beren proposamena onartzeko erabili dituzten bideei dagokienez: % 82,7% Internet bidez, % 13,6% telefono bidez eta % 3,7% Errenta+ aplikazio berriaren bidez izan dira. Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak nabarmendu du Errenta+ oso harrera ona izaten ari dela, «aste bakar batean 7.401 zergadunek deskargatu dute aplikazioa eta 1.695 proposamen onartu dira kanal honen bidez».

Arau aldaketak eta eragina aitorpenean

Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak laburbildu ditu zein diren 2024ko kanpainako arau aldaketa nagusiak eta aldaketa horiek zer eragin duten zergadunen alde. Hala, kalkulatzen da familiak babesteko hartutako neurriek 45 milioi euroko eragina izango dutela errenta kanpaina honetan % 2,5ko deflaktazioaren eta 35.000 eurotik beherako errententzako 200 euroko kenkariaren eraginez; eta 11 milioi euro autonomoei zuzendutako neurri berezien eraginez, besteak beste, garraiora eta lehen sektorera bideratutako «forfaiten» eraginez.

Aurten 2024ko errenta kanpainan sartuko diren neurri berriei dagokienez, kalkulatzen da neurri horiek 56 milioi euroko eragina izango dutela zergadunen alde. Agirrek gogorarazi duenez, «erakunde berritzaileen edo start-up-en sortzaileentzako araubide berezi berriak berekin dakar, batetik, 10 ekitaldira arteko lan etekinen % 30 salbuestea eta, bestetik, akzioen edo partaidetzen ondarearen gaineko zerga salbuestea. Gainera, ondare galerengatiko zerga-oinarri orokorraren konpentsazio muga % 10etik % 25era igoko da, eta talidomidak eragindako pertsonen kasuan, pertzepzioak salbuetsi egingo dira».

Kanpainaren modalitateak eta datak

Bestalde, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariak modalitateei buruzko datuak eman ditu, eta errentaren kanpaina egiteko datak gogorarazi ditu.

Modalitateei dagokienez, aitorpena hiru modalitateren bidez aurkez daiteke: autolikidazio proposamenak, aurrez aurre edo Zergabidearen bidez (Internet).

Lehenengo modalitatean, Foru Ogasunak 285.595 autolikidazio proposamen bidali ditu, iaz baino 9.695 gehiago (% +3,5). Horietatik 199.801 itzuli beharrekoak dira eta 85.794 ordaindu beharrekoak. Yarzak gogorarazi duenez, «ados egonez gero, horiek Internet bidez, telefonoz (943113000) edo Errenta+ aplikazio berriaren bidez onar daitezke». Joan den astelehenetik, martxoak 31, proposamen horiek aipatutako kanalen bidez onar daitezke. Aurreikusten da kanpaina honetan 232.000 aitorpen modalitate honen bidez aurkeztea.

Bigarren modalitatea aurrez aurreko arreta edo errenta mekanizatua da. Aitorpena modalitate horren arabera egin ahal izateko hitzordua eskatzeko aukera apirilaren 4an zabalduko da, eta apirilaren 8tik aurrera egin ahal izango da aitorpena bide horretatik. «Gure helburua da gure zergadunei arreta zerbitzurik onena ematea. Pertsona askok behar dute, eta, beraz, 11 arreta bulego jarriko ditugu lurraldeko 9 udalerritan». Foru Ogasunak espero du 78.000 aitorpen aurkeztea modalitate honen bidez.

Hirugarren modalitatea Zergabidea plataformaren bidez online egiten dena da. Apirilaren 3tik aurrera, kanal horren bidez hasi ahal izango da aitorpena egiten. Yarzak gogorarazi du plataforma horrek aukera ematen duela proposamena modu erraz eta intuitiboan deskargatzeko eta aldatzeko. «Aitorpena online aurkeztu ahal izateko, B@kQ sarbide gakoak edo ziurtagiri elektroniko bat baino ez dira behar», azaldu du. Foru Ogasunaren aurreikuspenen arabera, espero da aurten 112.000 aitorpen modalitate horren bidez aurkeztea.

Azkenik, Ogasuneko zuzendariak gogorarazi du errentaren kanpaina ekainaren 30ean amaituko dela. Bestalde, Foru Ogasunak diseinatu duen Errenta+ aplikazio berria deskargatzera animatu ditu herritarrak, «PFEZarekin lotutako izapideak errazteko».

Ondarearen gaineko edo Fortuna handien gaineko elkartasun zerga

Ondarearen gaineko edo fortuna handien gaineko elkartasun zergari dagokionez, Yarzak gogorarazi du apirilaren 3tik aurrera hasi ahal izango dela Ondarearen edo fortuna handien gaineko elkartasunaren gaineko zergaren aitorpena telematikoki egiten, Zergabidea plataformaren bidez. Bi zerga horien artean, Foru Erakundeak aurreikusten du 9.350 aitorpen aurkeztea eta 79 milioi euro inguru ingresatzea.

Lantaldea

Lantaldeari dagokionez, 184 pertsona inguruk lan egingo dute 2024ko errentaren kanpainan. «Zergadunei ahalik eta zerbitzurik onena ematea da helburua, kudeaketak ahalik eta ondoen egin ditzaten», adierazi du Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordeak. Dominguezek 2023ko errenta kanpainaren balantzea egin du, eta azaldu du iaz 71.817 telefono dei jaso zirela proposamenak aldatzeko edo kontsulta konplexuak egiteko; guztiak, 204 dei izan ezik, lehenengoan erantzun ziren. Hala, emandako datuek erakusten dute egunean batez beste 1.197 dei jaso zirela.

Itzulketei dagokienez, proposamenak eta aitorpen mekanizatuak (presentzialak) ordaintzeko batez besteko epea 1,34 egunekoa izan zen (225.833 aitorpen), eta Internet bidez aurkeztutako aitorpenen kasuan, % 99,4 hamar egun baino gutxiagoko epean itzuli ziren.

Zergadunek 10etik 8,8 batekin balioetsi zuten 2023ko errenta kanpainan jasotako arreta. «Nota hori lantaldeak egunero egiten duen lanari esker da, bereziki kanpaina honetan zergadunen eta Foru Ogasunaren arteko kudeaketak errazteko eta arintzeko daukan konpromisoari esker», amaitu du Dominguezek.

  

4201