Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 2025eko aurrekontuak 1.218 milioi eurora iristea aurreikusten du, Gipuzkoak ongizatean hazten jarraitu dezan

2025eko aurrekontuak 1.218 milioi eurora iristea aurreikusten du, Gipuzkoak ongizatean hazten jarraitu dezan

Foru gobernuak argi berdea eman dio datorren urteko kontu proiektuari, gizarte politiketan egindako inoizko inbertsio altuenarekin; helburu nagusiak dira pertsonen zaintzan eta babesean aurrera egitea, enpresen berrikuntza eta lehiakortasuna indartzea, eta jasangarritasunean eta trantsizio ekologikoan sakontzea

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu ditu 2025erako aurrekontuak. Horien lehentasun nagusiak izango dira Gipuzkoako herritarren ongizate integralean aurrera egitea, zaintza eta politika sozialetara bideratutako inoizko inbertsio zabalenarekin, trantsizio energetikoan urrats berriak ematea eta lurraldeko enpresa-sarearen berrikuntza eta lehiakortasuna indartzea.

            Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak, Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordearekin eta Itziar Agirre Ogasun diputatuarekin batera, aurrekontu proiektuaren zifra nagusien berri eman du gaur goizean. "Une erabakigarria bizi dugu gure gizartearen etorkizunerako, eta, beraz, aurrekontu hauek testuinguru jakin honi erantzuten diote. Lan partekatu baten emaitza dira; lurraldeko sare sozial eta ekonomiko osoarekin lankidetzan jarraitzeko anbizioa erakusten dugu, berritzaileak izateko konpromisoa berretsi eta gure ekonomiari konfiantza mezu bat helarazi", azaldu du Mendozak. Gaineratu duenez, "gaur aurkezten ditugun zifren helburua da Gipuzkoa osatzen dugun pertsona guztiok ongizatean haztea, eta bai gure enpresek, bai gure herritarrek, orohar, beren garapenerako aukera berriak eduki" ditzaten ekarpena egitea.

            Bestalde, Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak adierazi du aurrekontu horrek berretsi egiten duela PSE-EEren eta EAJren arteko “gobernu akordioa eta herritarrekiko dugun konpromisoa. Aurrekontu honek ikuspegi sozial eta iraunkorra du, eta ziurgabetasun handiko garai honetan pertsona ahulenak babestea du helburu, inor atzean utzi gabe eta ezberdinen arteko kohesioa sustatuz. Aurrekontu horiek Gipuzkoako ekonomia guztia bultzatzen eta laguntzen dute trantsizio ekologikorako bidean, hazkunde ekonomikoa sendotuko duten inbertsio estrategikoak babestuz eta Gipuzkoarentzat etorkizun bidezkoagoa eta iraunkorragoa ziurtatuz”

            Guztira, Foru Aldundiak 1.218 milioi bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategia gauzatzeko, aurrekontuen bidez pertson guztien ongizate integrala bermatze aldera. Helburu horretarako, 2025ean 97 milioi gehiago izango ditu, hau da, aurtengo aurrekontu luzatuak baino % 8,9 gehiago. Mendozak nabarmendu duenez, aurrekontu partidak hiru zutabe nagusietan oinarrituta jarduteko landu dira: pertsona guztiei kalitatezko zaintza eta gizarte babesa bermatzea, ekonomia lehiakor eta berritzaile baten garapenean aurrera egitea eta klima-aldaketaren eragina murriztea, jasangarritasuna bultzatuz.

            Aurrekontu horretatik, 256 milioi euro esleitu dira inbertsioetarako, eta horietatik 62 milioi baino gehiago Aldundia gauzatzen ari den funtsezko proiektuetara bideratuko dira, ezarritako helburuak lortzen laguntzeko eta egungo eta etorkizuneko erronka sozial eta ekonomikoei erantzuteko. Proiektu hauek barne hartzen dituzte: Mubil, Adinberri, Elkar-Ekin Lanean, Mubil, Quantum, Ziur, Gantt, Naturklima, Basotik, Arantzazu Lab, Badalab eta Koldo Mitxelena kulturunea.

PERTSONAK: Zaintza eredu berria eta herritarren ongizate integrala bultzatzeko proiektu berritzaileak

Pertsonei dagokienez, Aldundiak 534 milioi euro bideratuko ditu Zaintza eta Gizarte Politiketako departamentura, hau da, 27 milioi gehiago 2024an baino, zaintza eta gizarte-politiketarako. Aurrekontu horiek onartzeak esan nahi du biztanle bakoitzeko 734 euro inbertituko direla gizarte politiketan; eta zifra hori handitu egiten da 2024ko aurrekontuetan jasotako 701 euroen aldean. Mendozak azpimarratu duenez, kopuru hori "jauzi kualitatiboa da, eta Aldundiak herritarren ongizate integralean aurrera egiteko egin duen apustu sendoa berresten du". "Gure pertsona eta kolektibo ahulenen babesa indartu nahi dugu, eta baliabide horiek lurraldearen erronka sozial berriei aurre egiteko baliatu".

            Zuzkidura horrekin, departamentuak gizarte zerbitzuen mapa zabaltzea aurreikusten du 2025erako, adinekoen egoitza zentroetan plazak irekiz eta horiek lurraldeko zaintza eredu berrira egokituz. Azken helburu hori betetzeko, datorren urtean 19 milioi euro inbertitzea espero du Foru Erakundeak. Halaber, 1,4 milioi euro bideratuko ditu tokiko zaintza ekosistemak hedatzera. Zainketen eta gizarte-politiken sailaren aurrekontuetan sartzen dira, halaber, Lurraldeko Zaintzak Ebaluatzeko Agentzia sortzea, bai eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko eta zaintza komunitarioan urrats berriak emateko ekintzak garatzea ere.

            Zutabe horri lotutako proiektu estrategikoei dagokienez, nabarmentzekoa da 20 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dela Adinberri egoitza berritzailean, eta 1,6 milioi euro esleitu zaizkiola Elkar-Ekin Lanean gizarteratze eta laneratze programari, bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzat.

EKONOMIA: Enpresentzako aukera berriak, berrikuntza eta nazioartekotzea

2025ean, Aldundiak 77,4 milioi euro bideratuko ditu Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoen departamentuari, aurreko ekitaldian baino 12,7 milioi gehiago. "Gure helburu estrategikoa da Gipuzkoako enpresek Europa berrindustrializatzen eta kalitatezko enplegua sortzen ekarpena egiten jarraitzea", esan du Mendozak. "Horrela, gure apustua izango da lehiakortasuna bultzatzea, berrikuntza sustatzea eta gure ehun ekonomikoaren trantsizio energetikoa babestea, gure ahalegina batez ere enpresa txiki eta ertainetara bideratuz". Zuzkidura hori, gainera, trantsizio digitalerako eta enpresen sustraitzerako programak indartzera bideratuko da, eta, aldi berean, helburu horiek betetzen lagunduko duten proiektu estrategikoak gauzatzeko inbertsioak egiten jarraituko da. Proiektu horien artean nabarmentzekoak dira: Mubil, 14 milioi euroko inbertsioarekin; Ziur, 4,1 milioirekin; Quantum, 3 milioirekin; eta Gantt, 600.000 eurorekin.

Lurraldeko ehun ekonomikoaren bultzadan aurrera egiteaz gain, lehen sektorea tokiko elikadura iraunkorraren bermatzaile eta klima aldaketaren aurkako borrokan funtsezko eragile gisa sustatzeko beharra islatzen dute aurrekontuek. Horrela, Lurralde Oreka Berdeko departamentuak 47 milioi euroko aurrekontu-zuzkidura izango du, aurten baino 3 milioi euro gehiago. Aurrekontu inbertsio honek Baserritar Misto Profesionala, Gaztenek eta Trebatu bezalako programak aktibatzeko eta aurrera egiteko balioko du, azken hau nekazaritza lurren funtsaren bitartez. Halaber, 2025ean udalerri txikietan etxebizitza aukera berriak garatzea aurreikusten. Azkenik, departamentuak 2 milioi euro bideratuko ditu Basotik proiektu estrategikora, gure basoen kudeaketa iraunkorra bermatzeko eta bertan behera uztea saihesteko.

JASANGARRITASUNA: Gipuzkoa berdea, jasangarria eta interkonektatua

Jasangarritasuneko departamentuak ekonomia zirkularra, trantsizio energetikoa eta ekonomiaren deskarbonizazioa bultzatuko dituen garapen eredu orekatu baten aldeko apustua egin du, 50,8 milioi euroko aurrekontu-zuzkidurarekin, aurreko urtean baino 6 milioi gehiago. Aurrekontu honek lurralde erresilienteago eta klima-aldaketarekin konprometituago baterantz aurrera egiteko beharrari erantzuten dio, lau ardatz estrategikoren bidez.

            Ekonomia zirkularraren aldeko apustuan, 5,5 milioi euro erabiliko dira produktuen eta materialen bizitza erabilgarria luzatzen duten ekimen aitzindarietarako, hala nola Berrerabilpenerako Prestakuntza Zentrorako (CPR). Era berean, baterien hub-a garatzen jarraituko da, bai eta baliabide naturalei modu iraunkorrean balioa emango dien bioekonomiako estrategia bat ere. Halaber, trantsizio energetiko baterako bultzada indartuko da 2,15 milioi euroko inbertsioaren bidez. Inbertsio horri esker, Gipuzkoa energia berriztagarrien mende egongo da gehien, eta ez ohiko iturrien mende. Gipuzkoako Energia Eraldatzeko Bulegoa bezalako proiektuekin eta energia-komunitateen sustapenarekin, autokontsumoa errealitate eskuragarriagoa bihurtzen da herritar guztientzat.

            Bestalde, deskarbonizazioaren esparruan, Naturklimarekin batera lanean jarraituko da industriei karbono-aztarna murrizteko prozesuan laguntzeko, isuriak murrizteko eta klima-aldaketari eraginkortasunez aurre egiteko helburu komunari lagunduz. Eta mugikortasun jasangarrian, garraio publikoaren eta bidegorrien erabilera handitzen jarraituko da, gutxiago kutsatzen duten mugikortasun-aukerak errazteko, bizimodu osasungarria sustatzeko eta ingurumen-inpaktua murrizteko.

GAINONTZEKO DEPARTAMENTUAK

2025erako Bide Azpiegituretara eta Lurralde Estrategiara bideratutako aurrekontu partida 127 milioi eurokoa da, aurreko urtean baino 17 milioi gehiago. Departamentuaren lehentasun nagusietako bat udalerriekin harremanak estutzea eta Gipuzkoako lurralde osoan tokiko errepideen segurtasuna bermatzea izango da. Horregatik, Aldundiak ahalegin berezi bat egitea aurreikusi du atal honetan. Zuzkidura horren bidez, besteak beste, Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko obrekin jarraitzea espero da eta Zarauzko hegoaldeko saihesbide berriaren obrei ere ekingo zaie.

            Departamentuak lehentasuna emango die udal mailako behar eta apustuei laguntza eta jarraipen berezia emateari. Inbertsio garrantzitsuenetako bat A-15 errepidearen Gipuzkoako zatiko tunelak egokitzeko lanekin jarraitzea izango da; izan ere, Oindolarreko eta Gorosmendiko tunelen berrikuntza 2025ean amaituko dira; gainera, urte amaieran Belabietako tuneleko Donostiarako hodian obrak hasiko dira. Mantentze eta berritze prozesuarekin batera, zubiak eta zubibideak birgaitzeko planarekin jarraituko da, eta ahalegin berezia egingo da bidegorriak mantentzeko eta eraikitzeko lanetan.

            Gobernantza departamentuak 78 milioi euroko aurrekontua izango du, 11 milioi gehiago, Eraldaketa Digitaleko Planari bultzada berri bat emateko. Bertan, adimen artifizialeko eta kudeaketa aurreratuko hainbat proiektu aktibatuko dira, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzua indartu eta egonkortuko da, suhiltzaileen parkeetan egokitzapen-lan berriak egingo dira, eta gobernu oneko, berrikuntzako eta gizarte-politikako espazioak sortu eta indartuko dira, udalen, elkarteen, eragileen eta herritarren ahalduntzea eta lankidetza sustatzeko. Era berean, 2,6 milioi euro bideratuko dira Partekatuz programara, Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak ezagutzaren transferentziaren bidez gaztetzeko giza baliabideen antolaketa-planera.

            Ogasun eta Finantza departamentuak 60 milioi euro izango ditu, 2 milioi gehiago, TicketBAI proiektuaren bidez Sailak abian dituen digitalizazio proiektuetan aurrera egiteko. Proiektu horren bidez, TicketBAI behatokia garatzea aurreikusten du. BIG DATA laugarren belaunaldiko plataforma bat eta adimen artifiziala. Horri esker, informazio aurreratuaren hainbat azterketa egin ahal izango dira, sailak emandako zerbitzuen etorkizuna markatzeko.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak 93,7 milioi euroko aurrekontua izango du, 2024an baino 10 milioi gehiago. Mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua 72,1 milioi eurorekin indartzen da, garraio publikoa hobetzeko, Lurraldebuseko lineak bultzatzeko eta MUGI sistema integratua optimizatzeko, herritar guztiei bidezko sarbidea bermatuz. Turismoan, estrategia desestazionalizazioan eta deslokalizazioan oinarritzen da, irabaziak eskualde guztietara iristen direla ziurtatzeko, 3,7 milioi eurorekin. Gainera, Lurralde Antolamenduko arloak lurralde-kohesioa sustatuko du, Pasaiako Badia biziberritzeko eta genero-ikuspegia duten tokiko hirigintza-planak babesteko proiektuen bidez.

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentura bideratutako foru-aurrekontua 70,7 milioi eurokoa da 2025ean, hau da, aurreko ekitaldian baino 3,6 milioi gehiago. Departamentu hau funtsezkoa da bizikidetzarako, elkarrizketarako, hausnarketarako, pentsamendu kritikorako eta elkartasunerako guneak sustatzeko, gozamenetik abiatuta. Hori dela eta, partidak gazteek kultura, kirola eta balioetan hezteko duten aukera indartzera bideratuta daude, Gipuzkoako bazter guztietara iristen den lurralde-ikuspegiarekin. Horrela, kirol-kultura bultzatzen jarraituko da, herritar guztientzako kirol-jarduerarako irisgarritasunean oinarrituta, eta haurtzarotik kirola errespetatu eta gozatzean oinarrituta. Horregatik, indartu egiten da oinarrizko kirolarekiko konpromisoa, aurrekontua % 30 handituz (2,7 milioi euro), bai klubei, bai Eskola Kirolari.

            Diputatu nagusiaren kabineteak 26,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean, desberdintasun sozialak, linguistikoak eta generoaren arlokoak murriztea xede. Helburu horrekin, besteak beste, Gipuzkoan komunitate sena sendotzera bideratutako proiektu berritzaile bat jarriko da abian, emakume elkarteen eta talde feministak laguntzeko urrats gehiago egingo dira, Gipuzkoa Arigune ekimenaren bidez euskararen erabilera soziala sustatzen jarraituko da eta memoria historikoa, aniztasunarekiko errespetua, Giza Eskubideak eta kultura demokratikoa sustatzeko programak sakonduko dira Gipuzkoako gizartean.

            Sarreren atalean, Foru Aldundiak 2024an 6.770 milioi euro eskuratzea aurreikusten du. Aipatutako 1.218 milioi euroak aurrekontu propio modura geratuko dira: 1.179 milioiko kudeaketa arrunteko aurrekontuan eta 39 milioi euroko finantza kargan. Gainerako 5.552 milioi euroak hainbat konpromiso instituzionaletara bideratuko dira, honela banatuta: 4.451 milioi euro Eusko Jaurlaritzara; 680 milioi udaletara, Tokiko Finantzaketa Foru Funtsaren (FOFIM) bidez; eta 421 milioi Estatura, Kupotik.

            Aurrekontu proposamenak Gobernu Kontseiluaren onarpena jaso du gaur, eta eguerdian Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Xabier Ezeizabarrenari emango zaio. Horrela, bertan kontuak eztabaidatzeko epea irekitzen da, lehenik batzordean, gero zuzenketen bidez eta, azkenik, osoko bilkuran.

Zentzu horretan, diputatu nagusiak berriz dei egin die Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten talde politikoei “atsedenik gabe landu eta elkarrizketan jarrai” dezaten aurrekontu proiektu hau, bere bidea egin dezan eta, azkenik, onartua izan dadin. “Gizarteak akordioak eskatzen dizkigu, lankidetza eskatzen digu, eta hori da batzarkide taldeei eskaintzen ari garena”, azaldu du.

  

592