Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 3,4 milioi euro bideratu ditu Aldundiak Elkar-Ekin Laneaneko eskualdeetako sareak bultzatzera

3,4 milioi euro bideratu ditu Aldundiak Elkar-Ekin Laneaneko eskualdeetako sareak bultzatzera

Garapen agentziek, agente ekonomikoek, sozialek eta formakuntza zentroek osatzen dituzte sare hauek, eta helburua 700 lagun laneratzea izango da.

Eider Mendoza foru bozeramailea.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak sei hitzarmen onartu ditu eskualdeetako garapen agentziekin, eta foru agindu bidez beste lau akordio onartu dira. 10 hitzarmen hauek Elkar-Ekin Laneanen testuinguruan kokatzen dira, eta helburua proiektu honek bultzatzen dituen tokiko lankidetza sareak sustatzen jarraitzea da, zehazki, hauek beraien eskualdeetan abian jarritako lan ibilbideen garapena bultzatuz. “Sare hauetan agente ekonomikoak, sozialak eta formakuntza zentroak daude, eta garapen agentziekin elkarlanean, tokiko enplegu inklusiboa sustatzeko lan lerroak bultzatzen ari dira”, adierazi du Eider Mendoza foru erakundearen bozeramaileak. Guztira, hitzarmen hauetara 3,4 milioi euro bideratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta helburua da 700 lagun baino gehiago lan munduan sartzea.

          Mendoza hedabideen aurrean agertu da, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan gogoratu duenez, Elkar-Ekin Laneanen helburu nagusia bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonak gizarteratu eta lan munduan txertatzea da. “Nazioartean eredu gara lan babestuan eta ekonomia sozialean, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta kooperatibei esker, hurrenez hurren. Eta horixe bera lortu behar dugu enplegu inklusiboan”, esan du. Gaineratu duenez, lan merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun gehien duten pertsonei kalitatezko enplegua, enplegu duina, inklusiboa eskaintzeko sistema garatu du helburu ekimenak, eta Etorkizuna Eraikizeko proiektu estrategikoen artean kokatzen da Elkar-Ekin Lanean.

“Elkar-Ekin Laneanen bidez, ibilbide pertsonalizatua eskaini nahi diegu pobrezia egoeran edo egoteko arriskuan dauden lagunei. Horretarako, bidelagun izango duten tokiko babes sare koordinatu bat eratzen ari gara eskualde bakoitzean, lan merkatura iritsi arteko pauso guztiak ematen lagunduko diena, formaziotik hasi eta lan munduan txertatu arte, segimendu pertsonalizatu batekin”, esan du. Sare hauek bultzatzen dituzten lan mundurako ibilbide pertsonalizatuak dira Aldundiak gaur onartu duen erabakiekin babesten dena. “Bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonez gain, kualifikazio baxua dutenak, langabezian kronifikatu diren pertsonak, 45 urte baino gehiagorekin langabezian daudenak nahiz indarkeria matxistaren biktimak kontuan izango ditu, bereziki, Elkar Ekin Lanean estrategiak”, azaldu du.

Pasa den urtean, laguntza lerro honen bitartez, 2 milioi euro bideratu ziren 23 proiektuetara. Hauetan, 1.557 lagunek hartu zuten parte, eta erdiak emakumeak izan ziren. Gainera, 1.094 lagunek lan munduko orientazioko jardueretan hartu zuten parte, eta 713 lagunek, berriz, formakuntza jardueretan, denen artean 9.642 ordu osatuz. “Eta amaitzeko, garrantzitsuena, 368 lagunek lortu zuten lan kontratu bat lerro honi esker”, nabarmendu du Mendozak. Elkar-Ekin Lanean bere osotasunean hartuta, bazterkeria egoeran edo egoteko arriskuan dauden 5.000 laguni baino gehiagori lagundi zitzaioan pasa den urtean, eta 1.118 kontratu sinatzea ahalbidetu zuen programa honek.

Azarora arteko zerga bilketa

Bestalde, Mendozak gaur ezagutarazi baita ere azarora arteko Gipuzkoaren zerga bilketa metatua. Guztira, Gipuzkoako foru Ogasunak 4.904,3 milioi euro jaso ditu urteko lehen hamaika hilabetetan, pasa den urteko aldi berean baino 279,5 miloi euro gehiago dira, hau da, %6ko hazkundea. Sarrera gordinak %10,3 hazi dira, eta itzulketak %26,3. Zuzeneko zergak %4,2 igo dira, zeharkako zergak %3,6 eta Estatuarekiko doiketak %29,1. “Beraz, lurraldeko zerga bilketak datu onak ematen jarraitzen du, eta gure helburuaren bueltan jarraitzen dugu”, esan du Mendozak, beste behin ere, itzulketen atalean foru erakundean egiten ari den “ahalegin handian” jarriz azpimarra.

Orain arte, zerga nagusien bilakaera positiboa izan da, eta hazkunde nabarmenak erakusten dituzte; PFEZaren kasuan, %3,9 hazi da zerga honen bilketa, eta lan etekinen atxikipenek %4,7 egin dute gora. BEZari dagokionean, berriz, %4 hazi da bilketa, 49,3 milioi euro gehiago, nahiz eta foru bozeramaileak nabarmendu duen bezala itzulketetan ahalegin berezia egiten jarraitzen den. Hirugarrenik, Sozietateen gaineko Zergak ere hazkundea erakusten du, %12,8 hazi baita pasa den urtearekiko. “Aurreko hilabeteekin alderatuta, hazkunde mailak antzera jarraitzen du Gipuzkoan, hamarreko batzuk galdu diren arren”, azaldu du Mendozak.

          Bestalde, azpimarra berezia jarri du itzulketen atalean, hemen “lan handia” egiten ari baita Gipuzkoako foru Ogasuna. Foru bozeramaileak azaldu duenez, guztira pasa den urtean baino 324,9 milioi euro gehiago itzuli dira, hau da, %26,3 gehiago: BEZan, %24,7 gehiago itzuli dira, 178,2 milioi gehiago; eta Sozietateen gaineko Zergan, 53 milioi gehiago. “Itzulketen azkartze honen bitartez, gure enpresa eta autonomoei likidezia eman nahi diegu, egoera ekonomikoa ezegonkorra den honetan. Neurri oso garrantzitsua da eta ikusten duzuen bezala zifrak sekulakoak dira. Ehun ekonomikoak asko eskertzen du laguntza zuzen hau”, adierazi du Mendozak.

          Aurrera begira jarrita, foru bozeramaileak esan du Aldundia eta Ogasuna, beti bezala, zuhurtziaz ari direla lanean. “Agertoki ekonomikoa ezegonkorra da oro har eta, beraz, datozen hilabeteetan gertu-gertutik jarraitu beharko dugu ekonomiaren bilakaera, honek zuzeneko isla izango baitu zerga-bilketan”, esan du. “Ogasuna dena ematen ari da ekonomia laguntzeko eta krisialdiaren aurrean zaurgarrienak direnak laguntzeko: itzulketen eragina nabarmena da gure zerga bilketan, eta zaurgarrienak babesteko neurriak hartu eta hartu ari gara. Esaterako, iragarritako deflaktazioa edota 200 euroko kenkaria”, gogoratu du.

Deban errepidetan esku hartzea

Hirugarrenik, Deban N-634 errepideko (38,350 eta 43,260 KPen artean) zoruaren egitura birgaitzeko proiektua eta hau lizitaziora ateratzea ere onartu da gaurko Kontseiluan. “Bide zati esanguratsua da, Deba eta Itziar artean dagoena”, esan du Mendozak. Aipatutako proiektuaren helburua da Debako udal mugarteko N-634 errepidearen kilometro-puntu horien artean dagoen tartean desitxuratutako guneak eta ikusitako beste narriadura batzuk ez zabaltzea (gainazalean dauden pitzadurak, ertzak hondatzea, gune irristakorrak…). Horrela, egitura egokiko errodadura-geruza berri bat sortuko da. Proiektuak 920.477,66 euroko oinarrizko aurrekontua du lizitaziorako (% 21eko BEZa barne), eta hiru hilabeteko egikaritze epea.

  

4336