Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 300 lagunek Tabakalera bete dute nahi gabeko bakardadeen aurka

300 lagunek Tabakalera bete dute nahi gabeko bakardadeen aurka

Nahi gabeko bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako estrategia, Hariak, lider aukeratu dute beste bost herrialdek osatzen duten Europako sare batean. Gaur Tabakaleran izan den ekitaldian, 300 lagun baino gehiago bildu dira nahi gabeko bakardadeari heltzeko eta nazioarteko esperientziak trukatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundia

Europak Gipuzkoara begiratzen du nahi gabeko bakardadeei aurre egiteko, eta, ekainaren 19tik 21era –atzo, gaur eta bihar–, Gipuzkoak nazioarteko adituak hartuko ditu esperientziak trukatzeko eta duela bost urtetik hona lurraldean egiten ari den lana erakusteko. Hiru eguneko bisitaren ekitaldi nagusia gaur egin da Tabalakeran. 300 lagun baino gehiago bildu dira nahi gabeko bakardadeei heltzeko eta Gipuzkoan nahiz nazioartean garatzen ari diren proiektuak ezagutzeko. Interreg Europe-ek Gipuzkoa aukeratu du Korale proiektuaren buru izateko. Proiektu horren helburua da nahi gabeko bakardadeak –gazteena eta adinekoena– Europa osoko politika publikoen erdigunean egotea. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Adinberri, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, nazioarteko proiektu honen buru dira. Proiektuan, beste bost herrialdetako hiriek eta eskualdeek parte hartzen dute: Austria, Danimarka, Irlanda, Belgika eta Portugalgoek.

Gipuzkoan, 4.500 gipuzkoarrek baino gehiagok parte hartu dute nahi gabeko bakardadeei aurre egiteko Hariak estrategian, eta, horri esker, “Gipuzkoa aitzindari bihurtu da harremanei dagokienez. Orain, Europak guri begiratzen digu, sare berri bat sortzeko eta bakardadeen erronka handiari aurre egiteko”. Horixe azaldu du Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak, Tabakaleran antolatu den jardunaldiaren hasieran. Jardunaldi horretan, tokiko esperientziak eta nazioartekoak bateratu dira, eta, horrela, “harremanen ekosistema berri bat” sortu da, Gipuzkoak “ikasten eta hazten” jarrai dezan ahalbidetuko duena.

Diputatuak adierazi duenez, “Europaren aintzatespen” horrek aukera ematen dio Hariak estrategiari “ibilbide berri bati ekiteko nazioarteko ingurune batean, non guztiok helburu komun bat partekatzen dugun: nahi gabeko bakardadea desagerraraztea eta harremanetan oinarritutako komunitateak sortzea”. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere plan estrategiko berrian, lehentasun gisa ezarri du pertsona guztien ongizate integralean aurrera egitea, eta bide horretan, garrantzi berezia du nahi gabeko bakardadeei heltzeak: “Hiru adinekotik bat bakarrik sentitzen da Gipuzkoan; datu hori ezin da alde batera utzi, eta politika publikoen erdigunean jartzen du fenomeno horri heltzeko erronka izugarria”. Gaineratu du foru erakundea “indar osoz” ari dela zainketen eta harremanen lurralde bat eraikitzen.

Korale: Austria, Danimarka, Irlanda, Belgika eta Portugalekin batera, Gipuzkoa.

Gipuzkoa lehen geldialdia da Korale proiektuan; izan ere, datozen lau urteetan bost herrialdeak zeharkatuko dira eskualde eta hiri bakoitzean egiten ari den lanean sakontzen jarraitzeko eta, horrela, ekimen eta sare berriak sortzeko. Aste honetan, bost herrialdeetako 20 ordezkari Gipuzkoan daude, eta hemen aurkeztuko dituzte garatzen ari diren proiekturik garrantzitsuenak. Lau urteko ibilbidea amaitzean, bakardadea banaka, familian eta komunitatean landu eta prebenituko duten kasu arrakastatsuak eta jardunbide egokiak identifikatuko dira. Emaitza gisa, politika publikoen eta 24 jardunbide egokiren gida bat argitaratuko da, eta estatu kideei helaraziko zaie.

Zehazki, gaurko jardunaldian, Austriak, Danimarkak, Irlandak, Belgikak eta Portugalek ekimen hauek aurkeztu dituzte:

- Vienatik, Austriako bakardadearen aurkako plataforma aurkeztu dute, konpetentzien sare nazional bat osatzen duena.

- Danimarkak HUSRUM aurkeztu du, gazteen bakardadeari aurre egiteko ekimen arrakastatsu bat.

- Fingalek (Irlanda) Fingal Acom proiektua aurkeztu du. Adinekoekin garatutako teknologia bat da, adinekoei zuzendua, gizarteratzea eta parte hartzea sustatzeko.

- Belgikako Aaslt hiriak ‘Reaching in vs Reaching out’ proiektua aurkeztu du. Biztanleria zibilak ekintza proaktiboari ematen dion erantzunari buruzko jardunbide egokiak eta esperientziak trukatzeko tresna bat da, laguntza-eskaeraren aurrean.

- Portugalgo hiriburuak, Lisboak, RADAR proiektua aurkeztu du, isolamendu soziala prebenitzeko eta hiri testuinguru batean ikuspegi parte-hartzaileak sustatzeko tresna berria.

Gipuzkoak, gaur Tabakaleran egindako ekitaldian, sakon azaldu du zertan datzan Hariak estrategia, haren jatorria, orain arte egin den lana, eta aurrerantzean zer urrats izango dituen orientatzailea den eta ekintzara bideratuta dagoen estrategia horrek. Testuinguru horretan, lau ekimen zehatz aurkeztu dira:

- Hurkoako Hauskor eta Adinkideko Auzokide Bikainak proiektuak, nahi gabeko bakardadeei aurrea hartzeko eta aurre egiteko tokiko ekosistemaren zati gisa. Proiektu horiek Zaintza HerriLab estrategiaren barruan kokatzen dira, eta helburutzat dute etxean bizi diren adinekoen artean fenomeno hori prebenitzea eta lantzea, komunitate harremanak indartuz eta hauskortasun egoerak aurreikusiz.

- Zabalduz-en Auzosare proiektuak informazio sistemak ezartzen ditu nahi gabeko bakardade egoeran eta hauskortasun egoeran dauden pertsonak aurrez detektatzearen eta komunitate aktibazioaren zerbitzura.

- UPV/EHUk Beasainen bultzatzen dituen Etxelagun eta Kalelagun proiektuek, berriz, helburutzat dute nahi gabeko bakardadeei arkitekturatik eta etxebizitzaren eta hirigintzaren eremuetatik heltzea.

- Hariak Kantuz proiektua Adinberrik eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak bultzatzen dute, eta helburutzat du nahi gabeko bakardadearen prebentzioari eta ekintza komunitarioari heltzea, Gipuzkoako koru sarearen bitartez.

  

2259