Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 300 pertsona hurbildu dira Etorkizuna Eraikiz Foroaren lehen ediziora, ziurgabetasuna ardatz izan duena

300 pertsona hurbildu dira Etorkizuna Eraikiz Foroaren lehen ediziora, ziurgabetasuna ardatz izan duena

Nazioarteko adituek, gazteek eta adinekoek gaur egungo munduaren ezaugarri nabarmenetako baten inguruan eztabaidatu eta hausnartu dute.

Gipuzkoako etorkizuneko erronkei buruzko eztabaidan eta hausnarketan herritarrak inplikatzeko martxan jarri den Etorkizuna Eraikiz Foroaren lehen edizioak 300 pertsona inguru elkartu ditu gaur Donostiako Kursaalean. Ekimena Etorkizuna Eraikizen testuinguruan kokatzen da, eta UPV/EHUk eta Foru Aldundiak sustatzen dute. Gainera, belaunaldi desberdinen arteko zubia izan nahi du, gazteek zein adinekoek arazo jakin bati buruzko ikuspegia ematen baitute. Gaurko jardunaldiari dagokionez, ziurgabetasuna izan da landu den gaia, egungo garaietako elementu bereizgarria. Topaketan nazioarteko lehen mailako adituek hartu dute parte, eta mundu garaikideak bizi dituen krisien aurrean etsipenetik ihes egin eta unea aprobetxatzeko deia egin dute, gizarte sozialki orekatuago eta ekonomikoki jasangarriago baten eraikuntzan aurrera egiteko.

Ekitaldian parte hartu dute Shalini Randeria, Erdialdeko Europako Unibertsitateko presidente eta errektoreak; Maria Virginia Bras-Gomes, Portugalgo Lan Ministerioko aholkulari bereziak eta Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko lehendakaria izandakoak; eta Rui Marques, Antonio Vieira Institutuko zuzendariak. Agustin Erkizia UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde eta Etorkizuna Eraikiz Foroko presidenteak eman dio ongietorria ekitaldiari, eta Mikel Mancisidor Deustuko Unibertsitateko irakaslea, American University-ko Washington College of Law-ko irakasle laguntzailea eta NBEko DESC batzordeko kideak ere parte hartu du ekitaldian. Saioa Markel Olano Gipuzkoako diptuatu nagusiak itxi du. Halaber, ekitaldiaren hasieran bideo bat proiektatu da, gazteen eta adinekoen testigantzak biltzen dituena. Testigantza hauekin belaunaldien arteko elkarrizketa bat osatu dute foroaren lehen edizioaren gaiari buruz, ziurgabetasunari buruz hain zuzen ere.

Ekitaldian parte hartu dutenek adierazi dute munduak garai nahasia bizi duela. COVID-19aren pandemia, krisi energetikoa, prezioen igoera, Ukrainako gerra, tentsio geopolitikoak… gero eta ezegonkortasun handiagoa sortzen ari dira, epe labur zein ertainean etorkizuna zalantzaz betetzen duena. Hala, maila ezberdinetan bizi den egungo krisiak dagoeneko gizarteko geruza guztiei eragiten diela adierazi dute, baita familiei ere. “Etorkizunak ekarriko duenari buruz gero eta beldur handiagoa dago. Aurrekoetan ez bezala, gaur egungo belaunaldiek ez dute argi non lan egingo duten biharko egunean, beren prestakuntza akademikoak balio izango dien, nola mugituko diren edo oinarrizko premiak asetzeko behar duten energia nondik lortuko duten”, adierazi dute.

Egoera horren aurrean, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Foru Aldundiak berak bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz bezalako proiektuen garrantzia aldarrikatu du. 2016an abian jarritako ekimenak orainetik erantzun nahi die lurraldeak dituen etorkizuneko erronkei, eta elkarlanean egin nahi du, ahalegin honetan gizarte antolatua eta herritarrak inplikatuz. “Egunerokotasuneko arazoen aurrean ez etsi eta etorkizunera begira ditugun erronkei begira anbizioz jokatu behar dugu. Etorkizuna Eraikiz ekintzarako deia da, Gipuzkoak lurraldeari eragin diezaiokeen edozein krisi bermeekin gainditu eta aurre egin ahal izateko ariketa partekatua”, azpimarratu du foru arduradunak.

 

Beste bi hitzordu

Gaurko hasiera egokiaren ondoren, Etorkizuna Eraikiz Foroak beste bi topaketa egin nahi ditu hemendik urte bukaerara, bata udaberrian eta bestea udazkenean. Topaketak gaur egungo munduari eragiten dioten sakoneko arazoetako batzuk jorratzen jarraituko du, hala nola belaunaldien arteko etena edo aurrerapenaren bilakaera linealaren haustura. Etorkizuneko Etorkizuna Eraikiz Foroak ere belaunaldien arteko elkarrizketa sustatzen jarraituko du, eta datozen topaketetan ere, nazioarteko lehen mailako adituek parte hartuko dute.

  

1983