4,4 milioiko dirulaguntzak onartu dira, lehen sektorea bultzatzeko
4,4 milioiko dirulaguntzak onartu dira, lehen sektorea bultzatzeko
Sektorearen egitura indartzea dute helburu laguntzek, Mendoza bozeramailearen esanetan, Aldundiak estrategikotzat jotzen baitu alor hau.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak hiru dirulaguntza deialdia onartu ditu gaur eta, hauen bidez, 4.400.000 euro bideratuko dira lehen sektoreko alor ezberdinak sustatzera: mendialdeetako eta muga natural nabarmenak dituzten beste aldeetako konpentsazioko kalte-ordain laguntzen deialdia; nekazaritza ingurumenaren eta klimaren laguntzak, eta nekazaritza ekologikoa sustatzea helburu duten laguntza deialdia; eta landa-lurzoruaren lursailak mugatzeko udalei zuzendutako diru-laguntzen deialdia. Eider Mendoza foru erakundeko bozeramaileak nabarmendu du neurri hauek lehen sektorearen egitura indartzeko helburua dutela, Aldundiak estrategikotzat jotzen baitu aipatutako sektorea garatzen jarraitzea.
Bozeramailea hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, astero bezala, azken Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Bertan eman du hiru dirulaguntza lerro hauen berri. Lehenengoa, mendialdeetako eta muga natural nabarmenak dituzten beste aldeetako konpentsazio ordainetarako laguntzeko 2022ko deialdiak, 3.000.000 euroko gastu aurreikuspena du. “Honekin, mendiko zonaldeetan eta muga natural esanguratsuak dituzten zonaldeetan dauden nekazaritza ustiapenetako nekazariei konpentsatu egiten zaie”, esan du. Honi esker, biodibertsitatea, balio natural handiko nekazaritza sistemak eta paisaien egoera berreskuratzen, zaintzen eta hobetzen lagunduko da, eta nekazaritzarako lurzorua eta hari lotutako ekosistemak eta paisaiak babestu eta hobetuko dira. Iaz, laguntza hauen onuradunak 654 izan ziren.
Bigarren laguntza lerroa, nekazaritza ingurumenaren eta klimaren laguntzen eta nekazaritza ekologikoaren laguntzen 2022ko deialdiarena da, 1.100.000 euroko zuzkidura duena. Honen eskutik, ekoizpen integratua, Euskal Herriko sagardotarako sagarrondoen tokiko barietateen kontserbazioa, bertako abere arrazen kontserbazioa, erlezaintza, mendiko larreen aprobetxamendua eta nekazaritza ekologikoa sustatuko dira. Mendozak adierazi duenez, pasa den urtean, Nekazaritza ingurumenaren eta klimaren laguntzen onuradunak 532 izan ziren, nekazaritza ekologikoaren laguntzen onuradunak, aldiz, 151.
Eta hirugarrenik, azken dirulaguntza lerroaren bitartez 300.000 euro bideratuko dira Gipuzkoako udalei beren udalerriko landa-lurzoruko lurzatiak mugatzen laguntzeko. Deialdi hau pasa den urtean egin genuen lehen aldiz eta, honela, Foru Aldundiaren laguntzarekin, lursailen kartografia digitala ahalbidetu nahi da. Ataun, Olaberria, Orexa, Mendaro, Zumarraga, Azkoitia, Abaltzisketa, Legazpi eta Zegama dira lan horiek egiten ari diren lehenengo udalerriak, eta foru erakundeak gastuen erdia hartzen du bere gain. “Urtero emango ditugun laguntza hauen bidez, Aldundiak hamarkada bateko epean lortu nahi du Gipuzkoako landa lur guztien kokapenak GPS bidez geoerreferentziatuta egotea. Ekimen instituzional aitzindaria da, bai EAEn, bai estatuan”, azaldu du Mendozak.
“Arazoa da askotan ez dakigula lursailak non hasten eta amaitzen diren. Informazioa galdu egiten da belaunaldi batetik bestera, eta katastroan dagoena, udaletan dagoena edo jabeek dutena ez da beti bat etortzen”, adierazi du foru arduradunak, arazoaren jatorrian sakonduz. Gaineratu duenez, dirulaguntza lerro honen bitartez bultzatzen den prozesu hau amaitzen denean, informazio guztia ordenatuta, adostuta eta euskarri digitalean jasota izango du Gipuzkoak.
Mendozak defendatu du hiru dirulaguntza lerroak oso garrantzitsuak direla, Foru Aldundiak lehen sektorea bultzatzeko duen estrategiaren testuinguruan kokatzen baitira. “Honekin batera, digitalizazioari ere bultzada eman nahi diogu, lursailen mugen digitalizazioaren eskutik”, esan du. “Gipuzkoarron jarduna eta bizimodua beti egon da nekazaritzarekin oso lotuta, eta gure lurraldearen ekonomiaren, aberastasunaren zati handi bat ere bada. Lehen sektore honek enplegua eta kalitatezko produktuak ere sortzen ditu eta, hau guztiagatik, Foru Aldundiak ezinbestekotzat jotzen du Gipuzkoako baserritarren eta, oro har, landa ingurunean egiten den jarduera ekonomikoa balioan jarri, babestu eta sustatzen jarraitzea”, aldeztu du.
Egoitzetako partea
Bestalde, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 265 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 134 gutxiago), 26 egoitza ezberdinetan (5 gutxiago). Kasu hauetatik, 104 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, lau egoiliar zendu dira, 330 sendatu eta 200 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 37 egoiliar hil dira, eta 1.707 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 135 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 56 gutxiago) 39 egoitza ezberdinetan.
Bestalde, diagnosi proben kasuan (PCR eta listu bidezko PCR probak), azken astean 3.178 egin dira (2.039 PCR eta 1.139 listu PCR), bataz beste, 454 proba egunean. Guztira, abendutik hona, 38.580 proba. Listu PCRak langileei bi astean behin egiten zaizkie, eta astean behin txertatu gabe daudenei, eta horrez gain, antigeno testak ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten detekzioan. Horixe baita kutsatzeak ekiditeko gakoa”, adierazi du bozeramaileak.
2279