Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 480.000 euro goi mailako talentu ikertzailea erakarri eta atxikitzeko

480.000 euro goi mailako talentu ikertzailea erakarri eta atxikitzeko

Diputatuen Kontseiluak laster onartuko du Fellows Gipuzkoa deialdia, lurraldeko I+G+b ekosistemara zuzendua.

Aldundiak 480.000 euro bideratuko ditu Fellows Gipuzkoa programaren aurtengo deialdira. Horren helburua da doktoratu ondoko prestakuntza eta nazioartean garrantzia duten ikerketa-taldeetan esperientzia duten ikertzaileak, Gipuzkoako ikerketa-taldeetan sartzea, eta, horrela, haien maila zientifikoa handitzea. Berriro ere bi ekintza-ildo izango ditu: talentua erakartzea, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroetan integratzea bilatzen duena; eta talentua atxikitzea, zentro horiei laguntzea bilatzen duena, hiru urteko epean beren taldeetan mantentzeko. Oinarriak laster onartuko dira Gobernu Kontseiluan eta GAOn argitaratuko dira, eskabideak aurkezteko epea irekiz.

Deialdia Gipuzkoako zentro teknologikoei, unibertsitateei, IKZei, BERCei, osasun-ikerketako institutuei edo enpresen I+G unitateei zuzenduta dago. Ikertzailearen lehen urteko kontratazio-gastuen % 100 finantzatzen da, azken 3 urteetan Euskadin 6 hilabete baino gehiago lan egin ez izanaren baldintzarekin; kontratazioaren bigarren urteean, berriz, gastuen % 80, eta hirugarren urteko gastuen % 70. Horrek jarraikortasuna ahalbidetzen du, zentroek ikerketa-lanak epe luzeagoan egiten jarraitu baitezakete. Aldundiak eutsi egin dio iazko programako diru kopuruari, aurreko deialdian programan parte hartu zuten ikertzaileei laguntzen jarraitzeko eta talentu berria erakartzeko.

Bikaintasun zientifikoaz, esperientziaz eta nazioarteko prestakuntzaz gain, kontuan hartzen da pertsona horiek Euskadirekin duten lotura, eta bereziki bultzatzen da emakumeak inkorporatzea, eremu horretan dagoen genero-arrakalari aurre eginez. 2000. urteaz geroztik, 44 ikertzaile Gipuzkoara erakartzen lagundu da, eta horri esker, Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu duenez, "gure ekosistema ikertzailearen bikaintasuna eta kualifikazioa areagotu egin da, goi-mailako 'fitxaketa' horien eskutik, eta, horrekin batera, ezagutza aurreratua sortu eta transferitu da gure enpresa-sarearentzat, proiektu ekonomiko berriak eta kalitatezko enplegua sortzeko baldintzak ahalbidetuz".

Larrañagak azpimarratu duenez, talentua indartzea "lehen mailako" erronka da oraindik, eta, beraz, Fellows bezalako programek "garrantzi handiagoa" hartzen dute egungo egoeran. "Pandemiak osasun krisia eta krisi ekonomikoa eragin ditu, eta baita etorkizunari buruzko ziurgabetasuna ere, errekuperazioa eta erresilientzia ahalbidetuko duen erantzuna eskatzen duena. Erantzun horrek sortu diren premia larriei aurre egin behar die, etorkizuna eraikitzeko oinarriak alde batera utzi gabe, eta, aldi berean, egungo garai gorabeheratsuetan irekitzen diren aukerak aprobetxatzen saiatu behar du. Beharrezkoa da eustea, berreraikitzea eta haztea. Pandemiak inoiz baino nabarmenago utzi du ikerketaren garrantzia. Arlo horretako bikaintasuna, talentu ikertzailea, Gipuzkoaren susperraldia eta hazkundea bultzatuko dituen oinarrietako bat da ", amaitu du.

  

2154