Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 500.000 euro baino gehiago Pasaiako garapen ekonomikoa eta soziala sustatzeko

500.000 euro baino gehiago Pasaiako garapen ekonomikoa eta soziala sustatzeko

Rafaela Romero: "Aldundiak konpromiso sendoa du Pasaiarekin, badiako ekonomia, hirigintza eta gizarte sarea leheneratzeko. Gipuzkoako lurralde kohesioaren eta orekaren aldeko apustu irmoa da”

Hitzarmenaren xedea da Pasaialdea berritzea eta berroneratzea, herritarrentzako espazio atseginak lortzeko.
 
Izaskun Gómez: "Hitzarmenak aukera emango du herritarrek eskatu dituzten lau jarduera zehatz garatzeko, aisialdirako gune berriak sortuz eta irisgarritasuna hobetuz".
 
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok eta Pasaiako alkate Izaskun Gómezek Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Udalak badia biziberritzeko sinatutako hitzarmena aurkeztu dute. Akordioaren helburua da udalerriaren hiri berrikuntza bultzatzea eta ingurune "jasangarriago, irisgarriago eta inklusiboago" baterantz aurrera egitea.
 
Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak azaldu duenez, Pasaiako Udalari 490.000 euroko dirulaguntza emango zaio Pasaialdearen garapen ekonomiko eta soziala sustatzeko; "badia eta haren ingurunea berroneratzeko beste urrats bat da". Zenbateko hori jarduketa zehatz bihurtuko da Pasaiako udalerrian, eta, batez ere, "pasaitarren bizi kalitatean". 
 
Romerok gogorarazi du Aldundiak Pasaialdean programa integral bat garatzeko konpromisoa duela, hondatutako hiri espazioak eta ekipamenduak epe labur eta ertainean berreskuratu ahal izateko.  "Aldundiak konpromiso sendoa du Pasaiarekin, badiako ekonomia, hirigintza eta gizarte sarea leheneratzeko. Gipuzkoako lurralde kohesioaren eta orekaren aldeko apustu irmoa da, Pasaialdearekin eta eskualdearekin dugun zor historikoari erantzuten diona". Diputatuak adierazi duenez, zor horrek, gainera, "berandutze interes asko ditu oraindik, pilatuta".
 
Rafaela Romero diputatuak legegintzaldi honetako aurrekontuan jasotako jarduera garrantzitsuenetako batzuk nabarmendu ditu:
2,6 milioi Hospitalilloko aparkalekua (Adinberri eraikinaren oinarria) eraikitzeko lizitaziorako eta herritarren mugikortasun-beharrei erantzuteko behin-behineko aparkaleku alternatibo bat egokitzeko.
 
1.149.255,85€ Pasaiako portuan zenbait inbertsio egiteko.
 
Pasaiako lonjaren ingurua urbanizatzeko bigarren fasea: 400.000 euroko konpromiso kreditua. 
 
700.000 euro, toki administrazioentzat, hiria berritzeko eta berroneratzeko obrak finantzatzeko:
o Errenteria: 140.000 euro
o Lezo: 70.000 euro
o Pasaia: 490.000 euro
 
Halaber, Rafaela Romerok bere hitzaldian adierazi duenez, "Pasaiako hirigintza plangintzak aurre egin nahi dio udalerriak hamarkadetan zehar urratu duen bideak eragin duen gizarte desberdintasunari, eta pertsonengan pentsatzen duen hirigintza sustatu nahi du". 
 
Bestalde, Pasaiako alkate Izaskun Gómezek bere hitzaldian hitzarmenarekin garatuko diren ekintzak zehaztu ditu: 
 
o 125.800 euro, oinezkoen eta ibilgailuen arteko bizikidetza hobetzeko Antxon eta Trintxerpen, ingurune atseginagoa sortuz. 
o 183.600 euro, San Pedron eta Trintxerpen adingabeentzako espazio estaliak sortzeko eta aisialdirako eremuak hobetzeko.
o 138.099,50 euro, ariketa fisikoa eta sozializazioa sustatzeko ekipamendurako, Pasaiako badiaren inguruan. 
o 42.500 euro, Antxon, Donibanen eta Trintxerpen irisgarritasuna hobetzeko. 
 
Sinatutako hitzarmenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 489.999,50 euroko ekarpena egingo du; Pasaiako Udalak, berriz, 86.470,50 euro inbertituko ditu aipatutako jarduketetan, eta guztira 576.470 euroko inbertsioa egingo da.
 
Pasaiako alkateak adierazi duenez, "hitzarmenak aukera emango du herritarrek luzaroan eskatu dituzten lau jarduera zehatz garatzeko, aisialdirako gune berriak sortuz eta irisgarritasuna hobetuz", eta Pasaiako lau barrutietako bizilagunen bizi kalitatea nabarmen hobetuko du.Alkateak bereziki nabarmendu du San Pedron eta Trintxerpen adingabekoentzako espazio estaliak eta aisialdirako guneak sortzeko proiektua.  "Oso jarduera zehatza da, eta espazioak egokitzea aurreikusten du, gazteak ingurune seguru batean erlazionatu ahal izan daitezen, egungo gizarteak eskatzen dituen beharretara egokituta". "Hitzarmenak Pasaia berroneratzeko jarduketak garatzen jarraitzea ahalbidetzen du".
 
Romerok gogorarazi du Lurralde Antolaketako Departamentua lanean ari dela genero ikuspegia barne hartzen duen hirigintza planteamenduak dituzten herri eta hirien proiektu guztiak babesten. "Pertsona guztientzako bizikidetza espazioak nahi ditugu, emakumeen begirada eta beharrak kontuan hartuko dituztenak".  Hirigintza inklusiboaren ikuspegi horretatik, Foru Aldundiak "apustu sendoa egin du Gipuzkoako udalekin elkarlanean aritzeko, hiri espazio seguruak diseinatzeko, herritar guztientzat eta, bereziki, emakumeentzat, adinekoentzat eta kolektibo zaurgarrienenentzat".
  

2550