Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 500 pertsona elkartu ditu Adinberri Kongresuak, Gipuzkoa zahartze osasuntsuaren arloan erreferente bihurtzea xede

500 pertsona elkartu ditu Adinberri Kongresuak, Gipuzkoa zahartze osasuntsuaren arloan erreferente bihurtzea xede

Diputatu nagusiak ireki du topaketa, eta inplikazioa eskatu du Gipuzkoaren berrikuntza gaitasuna baliatu eta aldaketa demografikoari aurre egiteko

500 pertsona ari dira parte hartzen gaur Donostian hasi den Adinberri Kongresuaren lehen edizioan. Ekimenaren xedea Adinberri zahartze osasuntsua bultzatzeko estrategian sakontzea da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programaren proiektu estrategikoetako bat dena. “Nazioarteko erreferente bihurtu nahi dugu Gipuzkoa gizartearen zahartzearen arloan”, esan du Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok. Horrela, gogoratu du helburu hau gauzatu ahal izateko “ezinbestekoa” dela zahartzearen arloarekin erlazionatuta dauden eragile guztien inplikazioa: “Pertsona adinduetatik hasi eta sektore soziosanitario eta biozientzietaraino, berrikuntza eta ezagutza guneetatik pasata”. 
Foru arduradunak hartu du gaur eta bihar artean Tabakaleran egiten ari den topaketa irekitzearen ardura. Ekitaldian 500 bat pertsona ari dira parte hartzen, zahartzaroarekin erlazionatuta dauden elkarte, enpresa, zentro teknologiko, ezagutza gune eta administrazio publiko nagusienak ordezkaritza dutelarik. Olanoren hitzen ostean, Julio Perez Diaz demografo, soziologo eta ikerlariak hartu du hitza. Kasu honetan, egungo errealitate demografikoari buruzko bere ikuspegia eman du, dauden erronka eta aukeretan erreparatuz. 55 urtetik gorako eta euren alorretan erreferente diren pertsonen arteko solasaldiak eta gai honen inguruan dauden tendentzia nagusiei buruzko ponentziek itxi du jardunaldiaren goiza.
Diputatu nagusiak testuinguru demografikoari errepaso eginez hasi du bere hitzaldia, eta etorkizuna begira dauden aurreikuspenetan jarriz azpimarra. Gogoratu duenez, 2017an, Gipuzkoako biztanleriaren %35ek 55 urte baino gehiago zituen baina, 2031rako, ehunekoa %46,5era igoko da. “Aldaketa demografiko honen eragina sekulakoa izango da”, nabarmendu du Olanok, adibide bezala dependentzia maila duten pertsonen arloan egongo den igoeran erreparatuz: 2018an 29.000 pertsona dira, baina 13 urte barru, 2031n, 39.000 izango dira. “Erronka honi aurre egitea Gipuzkoako osoak duen eginbeharra da baina, era berean, aukera baten aurrean gaude lurralde bezala”, gehitu du.
Beraz, zehaztu duenez, Adinberriren helburu nagusia da “Gipuzkoaren berrikuntza ahalmena maximizatu eta zahartze aktibo eta osasuntsuaren zerbitzura jartzea”. Horretarako, foru estrategiak arlo guztiak izango ditu kontuan: herritarren osasun eta bizi kalitatea hobetzeko egingo du lan, sistema soziosanitario bikain eta jasangarria lortzeko eta sektoreko industriaren lehiakortasun indartu eta sustatzeko. “Zilarrezko ekonomia Europar Batasunaren BPGdaren %29 da gaur egun eta zifra hau, Gipuzkoara ekarriz gero, 100.000 lanpostu esan nahiko luke”, esan du bigarren zati horri erreferentzia eginez. Oinarri hauen gainean, Adinberri sei elementu nagusik osatzen dute: Pasaiako arreta zentroa, teknologia eta ikerketa aplikatuko poloa, berrikuntza agenda estrategikoa, ekosistema soziosanitarioa, berrikuntza proiektuetarako laguntza deialdia eta fundazioa. 
Proiektuaren egungo egoerari dagokionean, diputatu nagusiak gogoratu du Adinberri sostengatzen duen fundazioa eratuta dagoela, eta eragile “irekia dela, herritarren partaidetzara irekia”. Proiektuaren zuzendari den Rakel San Sebastianek lan talde txikia izango du, eta bere egitekoen artean izango du zahartzearen inguruko ekosistema egituratu eta lankidetza indartzea, berrikuntza eta esperimentazio aktiboaren alde egiten duen bitartean. “Ikuspegi bikoitzarekin egiten dugu lan: soziala, egoitza zein etxeetan arreta hobetzeko; eta ekonomikoa, berrikuntza unitatearen bitartez”, adierazi du. 
Adinberriren gainerako elementuei dagokionean, Olanok esan du garapen fasean dagoela baita ere berrikuntza agenda estrategikoa eta “funtsezkoa erreminta” izango dela, Gipuzkoak arlo honetan duen espezializazio maila hobetzen lagunduko baitu eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren RIS3 estrategiarekin bat baitator, giza osasunaren inguruko espezializazioaren atalean. Azkenik, Pasaiako erreferentziazko zentroaren arloan, azpimarratu du proiektuak “pertsonak izango dituela ardatz”, eta helburua dela “azpiegituraren erabiltzaile guztiak etxean bezala sentitu daitezela”. 
Arratsaldean jarraituko du jardunaldiak, zahartzearen sektorean dauden abaguneak ardatz izango dituzten sesio paralelo batzuekin. Topaketaren itxieraren ostean, hitzaldi irekia eskainiko du Maria Angeles Duran soziologoak, eta Mariano Ferrer eta Lourdes Perez kazetariekin solasalditxoa ere izango du. Bihar, eguna nazioarteko esperientzi ezberdinei buruzko ponentziekin hasiko da, Erresuma Batua, Frantzia eta Portugaldik datozen hizlariekin, Adinberriren antzeko egitasmoen arduradunak direnak. Ondoren, zilarrezko ekonomia eta gai honen inguruko ezagutza lantzeari buruzko garrantzia landuko dira bi solasaldi ezberdinetan. Administrazio publikoko ordezkariek itxiko du eguna, iraultza demografikoan politika publikoetan izan dezaken eragina xehatuko dutenak. 

Zahartzearen erronkak
Julio Perez Diazek, bere aldetik, Adinberri ekimena txalotu du, “norabide egokian” doalako. Adituak nabarmendu du “oso denbora gutxian sekulako iraultza” eman dela bizitzaren iraupenean, eta honek erreakzio ezberdinak sortu dituela. Bere ustetan, “ez da zuzena” gizartearen zahartzea bezalako esamoldeak erabiltzea, “gizarteak ez baitira zahartzen, pertsonak dira zahartzen direnak”. Horrela, zahartzearen inguruko ikuspegi ezkorren aurka agertu da, “duela mende batetik entzuten ari garen milongak” direlako. 
Gainera, esan du ez dela Mendebaldeari bakarrik eragiten dion fenomenoa: “Asia eta gainerako kontinenteetan ere Europan geratu den berdina ari da gertatzen: bizitza esperantza goraka doa, eta ugalkortasuna behera”. Perez Diazek azaldu du azken hamarkadetan asko hobetu dela arreta eta osasun arloko zaintza eta, honenbestez, “adinduen belaunaldi berriak hainbeste aldatu dira, bizitzaren garai honi buruzko genekien guztia zalantzan jarri behar izan dugula”. 
“Heriotza-tasa goiztiarra ekiditea lortu genuenean, pentsatu genuen topea jo genuela 60 urteko bizitza esperantzarekin. Baina, errealitateak erakutsi digunez, zahartzaroaren arloan ere hobetzen ari gara”, adierazi du. Horrela, nabarmendu du datuek adierazten dutela “hobetzen jarraitzen dugula” eta, honen ondorioz, bizitza esperantzak ere hazten jarraitzen du. Azkenik, “iraultza” hau eragiten ari den gizarte aldaketetan jarri du azpimarra. Aipatu dituen adibideen artean, nabarmendu ditu genero rolak hausten ari direla, eta pertsona adinduek gero eta protagonismo gehiago dutela, “gizarte osoak gero eta dependentzia gehiago baitu” kolektibo honekiko. 

+55 solasaldiak
Perez Diazen ostean, euren alorretan erreferente diren eta 55 urte baino gehiago dituzten hizlariak igo dira agertokira. Adinduen egungo egoera aztertu eta etorkizunera begira dituzten erronkei buruz jardun dute. Mari Carmen Garmendiaren ustetan, “desegokiak” dira erretiroari lotutako adierak, “ez baitatoz bat kolektibo honen gaur egungo errealitatearekin”. Ignacio Ayerdik, bere aldetik, esan du zaharkituta geratu direla bizitzaren zatiketa klasikoa, ikasketa, ekoizpen eta erretiro faseen arteko mugak gero eta ahulagoak baitira: “Gaur egungo gazteak 100 urte biziko dira,  eta beraien bizitzeko era gurearen guztiz ezberdina izango da”. 
Koldo Aulestiak, bestalde, azaldu du zahartze aktiboaren kontzeptua “erdi ondo dagoen” jendearentzako bakarrik dela aplikagarria, eta gaur egun ez dela planteatzen “zailtasunak dituzten” pertsonetara hedatzea. “Gero eta gizarte zaharragoa daukagu, eta erronka da aktibotasun hori ohean dagoen jendeari ere transmititzea. Nire ametsa da Adinberri gai izatea gaur egun ahotsik ez daukan kolektibo horren eskariak kontuan hartzea”, esan du. Teresa del Vallek, bere aldetik, esan du bakardadea dela gaur egungo adinduek duten arazo nagusienetakoa: “Adinberri bezalako proposamen berriek norabide horretan eragin behar dute, ez egitea gizarte bezala egin dezakegun bekaturik handiena bailitzateke”. Azkenik, Luis Goenagak esan du ikertu, berritu eta teknologien berrien alde apustu egiteak sekulako garrantzia duela adinduen bizitzeko baldintzak hobetzeko ahaleginean, eta honek jarduera ekonomikoa sortzea dakarrela.

  

2026