Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 562 abeltzainek 41.000 abelburutik gora igoko dituzte Gipuzkoako mendietako larreetara

562 abeltzainek 41.000 abelburutik gora igoko dituzte Gipuzkoako mendietako larreetara

Sektorearen ekarpena balioan jarri du Aldundiak, maiatzaren 1ean izango den larren irekieera dela-eta.

Urtero legez, maiatzaren 1ean zabalduko dira Gipuzkoako eskualde eta bailara ezberdinetako mendietako larreak. Aurtengoan, 562 abeltzainek 41.466 abelburu igoko dituzte larreetara; 35.626 ardiren, 2.956 behiren eta 2.884 zaldi eta behorren igoera baimendu baitu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Lurraldeko mendietako 22 larre zabalduko dira denera: Ataungo Marumendi, Oñatiko Aloña, Mutiloako Aizpuru, Aralar, Errenteriako Añarbe, Azpeitiako Izarraitz eta, Lezo, Pasaia eta Hondarribiako Jaizkibel mendiak, besteak beste. Abereak larreetan izango dira udazken amaiera edo negura arte, eguraldiaren arabera.

Foru Aldundiak argi du mendietako larreak txukun eta egoera onean mantentzeko ezinbestekoa dela abeltzainen lana. Hori dela eta, foru erakundeak ganaduzaleen eskuetan uzten ditu urtero larreak, eta hauek, beraien abereak eramanaz zaindu eta kudeatu egiten dituzte. Abeltzainen eta Aldundiaren arteko urteetako elkarlanaren fruitua da, beraz, Gipuzkoako mendietako larreen zainketa. Elkarlan horren oinarria eta arrakasta, abeltzainen beharrak eta nahiak entzun, eta horren araberako neurriak hartzean datza. Ondorioz, Aldundiak, ibilbide luze bezain garrantzitsua duen lanbide honen jarraipena bermatzen laguntzeko konpromiso irmoa du.

Arantxa Ariztimuño, Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak, belaunaldiz belaunaldi abeltzainek mendiko larreen mantentzean egin duten lana azpimarratu du: “Gizaldiz gizaldi gure arbasoek Gipuzkoako mendietan atera dute bizimodua, bertan lan eginez, eta gure mendiei egun daukaten itxura eman diete”. Ariztimuñok gaineratu du larreen kudeaketa egokirako “behar-beharrezkoak” direla abeltzainak. “Bai Aldundia eta bai gizartea horren jakitun gara, eta  lan hori balorean jartzeaz gain, aitortza egiten diegu”. Aitortza hori adierazteko, eta Covid-19-aren ondorioz ekitaldiak antolatzeko debekuaren aurrean, ganaduzaleekin batera adierazpen birtual baten irakurketa egingo du Aldundiak ganaduzaleekin batera, Gipuzkoako larreak irekitzen dituen giltzaren ematea irudikatuz.

Azkenik, mendiko larreen aprobetxamenduan eta kudeaketan jarrai dezatela eskatu die foru zuzendariak abeltzainei, eta hitz eman die Aldundia bidelagun izango dutela
  

1834