65,2 milioi eurotan okertuko da aurtengo Gipuzkoako Errenta kanpainaren emaitza, familiei eta autonomoei laguntzeko neurrien eraginez
65,2 milioi eurotan okertuko da aurtengo Gipuzkoako Errenta kanpainaren emaitza, familiei eta autonomoei laguntzeko neurrien eraginez
65,2 milioi eurotan okertuko da aurtengo Gipuzkoako Errenta kanpainaren emaitza, familiei eta autonomoei laguntzeko neurrien eraginez
Foru erakundeak 339,2 milioi euro itzuliko dizkie gipuzkoarrei gaur aurkeztu den eta 2022 urtea zergapetzen duen kanpainan, eta beste 278 milioi jaso
Jokin Perona, Ogasuna eta Finantzetako foru diputatua, Irune Yarza, Ogasuneko zuzendaria, eta Yolanda Dominguez, Zerga Kudeaketako zuzendariordea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 339,3 milioi euro itzuliko dizkie herritarrei aste honetan hasi den 2022ko Errenta kanpainan, foru erakundeak egindako aurreikuspenen arabera. Aldi berean, beste 278 milioi euro jasoko lituzke eta, ondorioz, kanpainaren saldoa -61,2 milioikoa litzateke, pasa den urteko emaitza baino 65,2 milioi euro okerragoa. “Emaitzaren okertze honen arrazoia, bizi dugun prezioen gorakada dela eta, familiak babestu eta jarduera ekonomikoa sustatzeko hartu ditugun neurriak dira. Alde batetik, deflaktazioa eta 200 euroko kenkari berezia, 102,3 milioi euroko inpaktua izango duena. Eta bestetik, autonomoei eta sektore zaurgarrienei zuzendutako neurri bereziak, beste 16,7 milioi euroko inpaktua izan dezaketenak”, adierazi du Jokin Perona, Ogasuna eta Finantzetako foru diputatuak.
Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean 2022ko Errenta eta Ondarearen kanpainak aurkezteko, eta bertan egin ditu adierazpenak. Berekin izan dira Irune Yarza, Ogasuneko zuzendaria, eta Yolanda Dominguez, Zerga Kudeaketako zuzendariordea. Peronak gogoratu du “zailtasunak zailtasun”, 2022 urte ona izan zela arlo ekonomikoan, eta honek “indartze bidean” jarraitzen duela. Hala ere, gogoratu du ziurgabetasun asko daudela, hala nola prezioen gorakada, finantza erakundeen tentsioak edota egoera geopolitiko ezegonkorra. “Kanpaina honetan, protagonismo berezia izango dute ziurgabetasun hauei guztiei aurre egin eta familiei eta ekonomiari laguntzeko hartu ditugun neurriek”, esan du.
Neurri hauetan sakonduz, Ogasuneko diputatuak gogoratu du prezioen gorakadaren aurrean familiak babestea dela %5,5eko deflaktazioaren eta 200 euroko kenkari berriaren helburua. “Egiten dugun zerga ahaleginaren %75, gainera, 35.000 euro baino gutxiago irabazten dutenetan zentratzen da”, nabarmendu du Peronak. Bestalde, autonomoei beraien jarduera ekonomikoaren etekina kalkulatzerako orduan aplikatzen duten murrizpenaren mugak igo dira, “intentsitate” gehiago emanez. “Intentsitate hau are altuagoa da bereziki krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei: garraiolariak eta lehen sektorea”, azaldu du foru arduradunak, gogoratuz Gipuzkoak pasa den urtean ere aplikatu zuela ezohizko neurri hau.
Kanpainaren data nagusiei erreparatuta, gaurtik aurrera daude autolikidazio proposamenak ikusgai web orrian, eta gaur hasi dira baita ere posta bidezko bidalketak. Gaur eta bihar artean, gainera, posta elektronika bidez ere bidaliko dira proposamenak. Datorren astelehenean, apirilak 3, autolikidazio proposamenak onartu ahal izango dira, eta apirilaren 12an hasiko da Errenta telematikoa, Zergabidea plataformaren bidez online egiten dena. Aurrezko aurreko arretarako hitzorduak apirilaren 13tik aurrera hartu ahal izango dira, eta modalitate hau apirilaren 17an hasiko da. Bukatzeko, ekainaren 30ean amaituko da 2022ko Errenta kanpaina. Bestalde, euskarak ere izan du lekua Peronaren hitzaldian. Izan ere, foru diputatuak herritarrak animatu ditu 2022ko Errenta kanpaina honetan aitorpena hizkuntza honetan aurkeztera. “Zerga administrazioa prest dago, telefono, internet zein telefono bidezko arreta prest dago euskaraz zerbitzua emateko. Beraz, animatzen zaituztegu pausua ematera”, esan du.
Kanpainaren datuak
Yarza zuzendariak azaldu duenez, aste honetan hasten den kanpainak baditun zenbait berritasun araudiaren ikuspegitik. Aldaketa nagusiak, adierazi duenez, foru diputatuak aurreratu dituen neurriak dira, prezioen gorakadaren aurrean familiei lagundu eta jarduera ekonomikoa babestea helburu dutenak. Hala nola, bloke honetan aipatu ditu zergaren deflaktazioa, 200 euroko kenkari berria eta autonomoei gastu-forfaita handitzea. Honekin batera, eguzki-plakak jartzegatik Gipuzkoak onartu duen kenkaria lehen aldiz indarrean egongo dela ere nabarmendu du.
Guztira, 400.000 aitorpen jasotzea aurreikusten du Ogasunak, pasa den urtean baino 10.431 aitorpen gehiago. Ohi bezala, aitorpena aurkezteko hiru modalitate daude aurtengo Errenta kanpainan ere: proposamenak, aurrezko aurrekoa eta Zergabidea (internet). Lehenengo modalitateari helduta, aurten 269.344 autolikidazio proposamen bidaliko ditu foru Ogasunak. Hauetatik, 190.430 itzultzera dira, eta 78.914 ordaintzera. Pasa den urtean baino 12.898 gehiago dira (+%5), eta 312.045 zergaduni eragiten diote (aitorpen guztien %67,3). “Pasa den urtetan bezala, azken urtetan internet bidez onartu dutenei ez diegu aitorpena bidaliko, baizik eta soilik honen emaitza eta interneten proposamena ikusteko kode bat. Honela, interneteko modalitatea bultzatzen jarraitu nahi dugu”, esan du Yarzak.
Proposamenekin ados egonez gero, onarpena eman daiteke bai internetez, Zergabidea plataforman, edota telefonoz (943113000). Aldaketekin ere onartu daiteke, betiere sei elementu hauetako bat baldin bada: etxebizitza, lokalen edo etxebizitza turistikoen alokairuen errendimenduak, alokairuaren kenkariak, dohaintzen kenkariak eta sindikatu kuotaren kenkaria. Bestelako edozein aldaketa Zergabidea plataformaren bidez ere egin daitezke. Aurreikuspenen arabera, 230.000 aitorpen aurkeztuko dira modalitate honen bitartez, pasa den urtean baino 13.021 gehiago.
Bigarren modalitatea aurrezko aurreko arretarena da eta Yarzak zerbitzu honek duen garrantzian jarri du azpimarra: “Badaude oraindik ere zerbitzu honen beharra duten pertsonak”. “Kalitatezko zerbitzua da, langileria propioarekin ematen duguna, eta etxe hau oso harro dago zerbitzu honetaz”, nabarmendu du. Egindako aurreikuspenen arabera, 65.000 izango dira kanpainan zehar Ogasunaren bulegoetan aitorpena aurkeztuko duten zergadunak, pasa den urtean baino 4.033 gutxiago. Horretarako, 11 arreta bulego irekiko dira lurraldeko 9 udalerritan, eta 120 pertsonako lan taldea izango du zerbitzu honetan.
Hirugarren modalitatea online egiten dena da, Zergabidea plataformaren bitartez. “Pandemiaren testuinguruan asko hazi zen modalitatea da, eta aurten ere, bultzada honi heldu nahi diogu, eta modalitate hau egonkortzen eta hedatzen jarraitu”, esan du foru zuzendariak, Zergabideak duen potentzialean jarriz arreta. Plataformara sartzeko moduak honako hauek dira: B@kQ, ziurtagiri elektronikoa edo BAK kodea. Azken hau da sinpleena, izan ere modu telematikoen lortzen baita, etxetik mugitu gabe, eta gainera aurreko urteetako
BAK kodeek balio dute. “Behin Zergabideara sartuta, proposamena baduzu deskargatu, aldatu eta aurkeztu dezakezu; aurreko aitorpenak berreskuratu daitezke; Ogasunak zutaz duen informazio fiskala egotzi… Ohiko aitorpenen kasuan, oso erreza da aitorpena aurkeztea, oso intuitiboa baita”, adierazi du, herritarrak animatuz bide hau erabiltzera.
Ondarearen gaineko Zerga
Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, Zergabidearen bidez bakarrik aurkeztu daiteke. Egindako aurreikuspenen arabera, 70 milioi euro jasoko ditu Aldundiak kanpaina honetan, aurreko urtean baino 2,4 milioi euro gehiago. “Dena den, kontutan eduki behar dugu lehengo urtean nazioarte mailako burtsak jaitsi egin zirela eta ondorioz, ikusiko dugu kanpaina amaitzean aurreikuspen hauek zenbateraino betetzen diren edo ez”, zehaztu du Yarzak. Foru Ogasunaren ustetan, 8.800 aitorpen jasoko ditu zerga honetan, eta bataz beste 7.955 euro ordainduko dituzte zerga hau ordaintzen duten zergadunek.
Lan taldea
Azkenik, langileei dagokionean, aurten 200 pertsona inguru egongo dira lanean 2022ko Errenta kanpainan. Kalitatezko zerbitzua da Ogasunak eskaintzen duena eta, honen adierazle, pasa den urteko zerbitzu kartako zenbait emaitza adierazgarri aipatu ditu Dominguez zuzendariordeak. 66.445 telefono dei jaso ziren pasa den urteko kanpainan, kontsulta konplexuak edota proposamena aldatzeko, aurreko urtean baino %12,6 gehiago. Denak lehenengoan erantzun ziren, 190 ezik (0,28%). Hau da, kanpainako egun bakoitzean 1.071 dei erantzun ziren. Proposamenen eta mekanizatuko aitorpenen itzulpen epea 1,57 egunekoa izan zen (193.332 aitorpen) eta, interneteko aitorpenen kasuan, %99,4 10 eguneko epean itzuli ziren.
“Azken urteetako kanpainek proban jarri dute Ogasuneko lan taldea, errealitate eta egoera berrietara egokitu behar izan baitugu; eta argi dago erantzuna oso ona izan zela. Denbora honetan, oso eskertzekoak izan dira lan talde guztiak, zailtasunak zailtasun, erakutsi duen jarrera eta konpromisoa”, azaldu du Dominguezek. “Aurten ere, ziur gaude antzeko emaitza lortuko dela, zergadunari eskaintzen zaion zerbitzuaren kalitatearen ikuspegitik behintzat”, gehitu du. Bukatzeko, Perona eta Yarzak egin bezala, herritarrei bide telematikoen aldeko hautua egitera animatu ditu Dominguezek, “modurik eroso eta eraginkorrena delako”.
2754