Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 70 adingabe daude Gipuzkoan familiek harreran jasotzeko zain

70 adingabe daude Gipuzkoan familiek harreran jasotzeko zain

Gipuzkoako Harrera Familien XXI. Topaketak 200 familia eta profesional inguru bildu ditu. Harrera-familia babes-figura “finkatu” bat da Gipuzkoan

Harrera familiak

Gaur egun, Gipuzkoan, 409 haur eta nerabe bizi dira harrera-familiekin, eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak adierazi duenez Gipuzkoako Harrera Familien XXI. Topaketaren hasieran, “babes-figura hori finkatua dago Gipuzkoan”. Duela 34 urte Aldundiak abian jarri zuen babes-programa bat da, eta adingabeei etorkizunerako "alternatiba ezin hobe bat" eskaintzen die. Mendozak gogorarazi duenez, "harrera eskuzabaltasun handiko ariketa bat da" eta, familien sarea gero eta handiagoa den arren, ez da nahikoa egungo premia guztiak asetzeko. Une honetan 70 haur daude familiek harreran hartzeko zain.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Harrera Familien Beroa Elkarteak, Lauka familia-harrerari laguntza teknikoa emateko zerbitzuak eta Agintzari Familia Harrera Espezializatuko Programak antolatutako topaketa horretan 126 familiak eta 67 profesionalek hartu dute parte. Gaurko topaketan, babes neurriak dauzkaten haur eta nerabeekin traumari aurre egiteko gakoak landu dira, F. Javier Romeo Biedma psikologoaren eskutik. Maritxu Amenabarroren ‘Ez nago bakarrik’ ipuina ere aurkeztu da. Topaketa, urtero bezala, bertan parte hartu duten familien eta profesionalen arteko bazkari batekin amaitu da.

Jardunaldiaren hasieran, Eider Mendozak, Maite Peña Gizarte Politiketako foru-diputatuarekin eta Pedro Pérez Beroako presidentearekin batera egon denak, azaldu du haur eta nerabe batzuk babesgabetasun-egoeran daudela eta zailtasun handiko errealitateak bizi dituztela beren familietan. “Batzuetan, arazo horiek hain dira larriak, ezinbestekoa dela adingabe horiek beren familiatik kanpoko ingurune batean zaintzea. Guztiek ez dituzte behar berberak, baina familia baten berotasuna behar dute, eta, aldi berean, familia biologikoekin harremana izaten jarraitu ahal dute, nahiz eta familia horiekin bizitzerik ez izan.”, azpimarratu du.

Harrera espezializatuko 25 familia

Diputatuak zehaztu duenez, “gaur egun, 409 adingabe bizi dira harrera-familietan, eta horietatik 25 harrera-familia espezializatuekin daude”. Mendozak gogorarazi du duela gutxi inguruko beste lurralde batzuk errepikatzen ari diren harrera espezializatuko programa duela 15 urte baino gehiagotik dagoela martxan Gipuzkoan, eta iaztik hona beste lau familia gehitzea lortu dela. “Ahalegin berezia egiten ari gara harrera mota hori indartzeko. Kualifikazio espezifiko bat eta erabateko prestasuna behar dira harrera mota hori gauzatu ahal izateko”, zehaztu du.

Diputatuaren hitzetan, “gehien behar duten adingabeei, premia bereziak dituztenei, ingurune ezin hobe bat eskaintzen die beren garapen pertsonalerako eta bizi garapenerako”. Helburua da familiako kide batek, gutxienez, kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa izatea, esku hartzeko plan bat garatu ahal izateko. Hori dela eta, familia boluntario gehiago behar badira ere, “arreta berezia jartzen dugu harrera familia espezializatuak osa ditzaketen pertsonengan”. Gaur egun, 19 adingabe daude familia espezializatuek hartuak izateko bidean.

          Bestalde, Mendozak eskerrak eman nahi izan ditu harrera-familiek eta arlo horretan lan egiten duten elkarteek egunero egiten duten "lan aparteko eta oso beharrezkoagatik": Beroa, Lauka, Agintzari eta Baketik. “Familiek kontatzen digute egunerokoa maiz zailtzen dela eta erronka handiei egin behar izaten dietela aurre, baina aldi berean esperientzia ona eta oso positiboa dela”.   Horregatik aitortu nahi izan du familia horien lana, ardura eta elkartasuna, eta gogorarazi du edozein pertsona izan daitekeela harrera-familia. Hori dela eta, interesatuta egon litezkeen familiak deitu eta informazioa eskatzera animatu ditu, “hori baita egin beharreko lehen urratsa eta, askotan, zailena”.

Familia guztiek behar duten laguntza eta babesa jasotzen dute harreraren jarraipena egiten duten profesionalen talde baten bitartez. Profesional horiek familiaren eta adingabearen ongizaterako beharrezkoak diren erabakiak hartzen dituzte, eta ohiko gastu guztietarako laguntza ekonomikoa ere jasotzen dute, kasu bakoitzean aztertzen diren laguntza bereziak barne. Interesa izan dezaketen familiek lehenik prestakuntza bat egin behar dute, eta eskaera aurkeztu ondoren, elkarrizketa pertsonalak eta proba psikoteknikoak egiten zaizkie, baita bisita bat ere etxera, eta horrekin guztiarekin balorazio txosten bat prestatzen da. 

Familia-harrerari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero:

familiaharrera@gipuzkoa.eus
943112522

  

2176