700.000 euro baino gehiago Azkarate gainean bide-zoruaren egitura birgaitzeko
700.000 euro baino gehiago Azkarate gainean bide-zoruaren egitura birgaitzeko
GI-2634 errepideko zati horretan kalte handiak sortu ditu neguak; bi hilabete eta erdi iraungo dute lanek
GI-2634 errepidean, 33,270 36,000 KP-en artean, bide-zoruaren egitura birgaitzeko proiektuaren obrak kontratatzeko prozesuari hasiera eman dio gaur Diputatuen Kontseiluak. 726.322,62 eurokoa izango da aurrekontua, guztira, eta lanak burutzeko gutxi gora beherako epea, berriz, bi hilabete eta erdikoa. Obrak irailean hastea espero da. Azkarateko gainean egingo dira, bi norabideetan, ia hiru kilometroko zatian.
Aipatutako zatian, zamen kargek eraginda, zoruaren egitura akitua dagoela zantzuak antzeman dira, hala nola luzerako arrail edo pitzadurak eta sare meheko eta lodiko zartadurak ageri dira. Hauek areagotu egin dira azken hilabeteetan izandako eguraldiaren ondorioz. Egitura birgaitzeko lanen bidez oraingo zoruak duen egituraren gaitasuna handitu nahi da, era horretan zerbitzu-aldian aurreikusitako trafikoaren eraginetara egokitzeko; aldi berean, egituraren funtzionaltasunaren ezaugarriak hobetu (segurtasunari eta erosotasunari dagokienez) eta zoru osoa babestu nahi da iraunkortasunaren, iragazgaiztasunaren eta uniformetasunaren ikuspegitik.
Imanol Lasa foru bozeramaileak azaldutakoaren arabera, neguko hilabeteetan zehar beharrezko gertatu da hainbat errepidetan aparteko bidezaintza lanak egitea. “Neguko klimatologiak nabarmen kaltetu ditu goi kotetan kokatutako errepideetako zoruak, gatzak azkarrago hondatu du haien egoera, eta presazko esku hartzeak egitera behartu du Aldundia”. “Kamioien eta ibilgailu astunen trafikoa” gehitu behar zaio horri, errepide honetan “ohikoa” dena. Haren esaneta, Azkoitia eta Elgoibar lotzen dituen bide azpiegitura horren erabiltzaileek azken aldian sarritan eskatutako aktuazioa da gaur onartutakoa, foru erakundearen konpromisoa berresten duena Gipuzkoako errepide sarearen “mantenuarekiko, zaintzarekiko eta segurtasunarekiko”.
Ildo horretan, foru bozeramaileak gogora ekarri du duela gutxi, Bide Azpiegituretako departamentuko aurrekontuetara 2.558.909 euroko kreditu gehigarria bideratzea erabaki zela, urgentziazko hainbat hobekuntza gauzatu ahal izateko, 2017ko abenduan eta 2018ko lehen lauhilekoan izandako ezohiko euriteak, eta oro har neguan izandako klimatologiaren dela eta. Obra horien artean dago gaur onartutakoa.1487