8 hildako azken orduetan adinekoen egoitzetan eta 16k positibo
8 hildako azken orduetan adinekoen egoitzetan eta 16k positibo
Matia Fundazioarekin, Aldundiak prebentzio eta segurtasun aholkularitza indartu du egoitza zentro eta gizarte entitateentzako.
Eider Mendoza foru bozeramaileak, egunero bezala, Gipuzkoako adinekoen 65 egoitzetan jasotako azken datuetan oinarrituta, jakinarazi du zortzi lagun hil direla eta 16k eman dutela positibo. Gipuzkoako egoitza sarean guztira 5.425 pertsona artatzen dira eta orain arte, 26 lagun dira guztira hil direnak eta 143k eman dute Covid-19n positibo, 13 egoitzetan, azken orduetan Donostiako Berra egoitzan bi lagunek eman baitute positibo, eta horietako bat zendu da. Gainontzeko heriotzak eman dira Zarauzko Santa Anan (3), Ordiziako San Josen (2), Hondarribiako Caser Residencial Betharramen eta Zumaiako Otezurin. Guztira 29 dira Gurutzeko Gorrira eramandako pertsonak eta sei ospitaleratuta daudenak.
Beste alde batetik, bozeramaileak adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, “aurrekaririk ez duen egoera honi modu estrategiko eta partekatuan” erantzuteko martxan jarritako Txoke Planaren baitan, aholkularitza saioak eskaintzen ari dira, Covid-19aren aurrean hartu beharreko prebentzio, osasun eta segurtasun neurrien arloko ezagutza indartzeko. Saioak egoitza zentroei eta bizikidetza-unitate txikiei zuzenduta daude, eta bozeramailearen hitzetan, "saioek balio dute, batez ere, zalantzak argitzeko eta sareko gainerako eragileekin batera hausnarketak partekatzeko”.
Mendozak azaldu duenez, hiru prestakuntza saio egin dira dagoeneko modu telematikoan, Matia Fundazioko erizain profesionalen eskutik. Guztira 230 zentro eta entitate baino gehiagok parte hartu dute, hiru saiotan banatuta. Lehenengo biak zuzenduta egon dira, batetik, etxebizitzei eta bizikidetza-unitate txikiei eta, bestetik, gizarte inklusioko eta haurrak babesteko zentro eta entitateei. Saio horietan, Covid-19aren aurrean hartu beharreko prebentzio, osasun eta segurtasun neurriak jorratu dira, betiere egoera desberdinak bereizita eta egoera horietan guztietan higienea zorroztearen garrantzia azpimarratuta.
Hirugarren saioa gaur arratsaldean egin da, eta adinekoen egoitza zentroei eskaini zaie aholkularitza. Matia Fundazioko profesionalek, egoitza zentrokoekin batera, errepasatu egin dituzte hondakinen kudeaketan, birusak kutsatutako guneen kudeaketan eta eremu garbien mantentze-lanetan hartu beharreko segurtasun neurriak. Saio guztietan, hartu beharreko segurtasun neurrien errepaso labur egin ondoren, zentroetako profesionalen galderak erantzun eta zalantzak argitu dira, eta, halaber, haien hausnarketak eta esperientziak partekatu dira.
“Hurrengo saioa datorren astelehenean izango da, haurren babes esparruko eragileei zuzendutako jardunbide profesional egokien eta bizikidetzako jardunbide egokien topaketa batekin", azpimarratu du Eider Mendozak. Bertan, egoitza esparruko eta familia harrerako profesionalek azalpen labur bat egingo dute, eta, ondoren, zentroetako arduradunek hitza hartuko dute krisiaren testuinguruan zer praktika egiten ari diren azaltzeko, denon helburua baita "egunetik egunera bizikidetza hobetzea eta babesgabetasun egoeran dauden haur eta gazteentzako funtsezko laguntza hori izaten jarraitzea".
1431