Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 86 teknikarik indartuko dituzte Ogasun eta Finantza Departamentuaren kanpainak

86 teknikarik indartuko dituzte Ogasun eta Finantza Departamentuaren kanpainak

Aldundiak laguntzako erdi-mailako teknikarien lan poltsa irekirako deialdia egin du, 2023ko errenta kanpainarako bereziki.

2023/10/19
Ogasuna

Gipuzkoako Foru Aldundiak hautaketa prozesu ireki bat deitu du Ogasun Departamentuaren kanpainetan laguntzeko erdi-mailako teknikarien lan poltsa bat sortzeko, datorren urteko udaberrian egingo den 2023ko errenta kanpainarako bereziki. Deialdiari buruzko informazio guztia urriaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean dago (egoitza.gipuzkoa.eus). Eskaerak 15 egun balioduneko epean aurkeztu ahal izango dira, urriaren 17tik aurrera (asteartea).

Aldi baterako programa gauzatzeko 86 plaza eskainiko dira, gutxi gorabehera honela banatuta: 10 plazak sei hilabeteko iraupena izango dute, urtarriletik ekainera, eta BEZaren eta errentaren kanpainetan jardungo dute. Beste 30ek ere 6 hilabeteko iraupena izango dute, baina kasu honetan apiriletik irailera, errentaren kanpainan eta horren ondoriozko gorabeheren konponketan jarduteko. Azkenik, gainerako 46ek 3 hilabeteko iraupena izango dute, eta apiriletik ekainera bitartean lan egingo dute errentaren kanpainan.

Lan poltsan sartzeko, izangaiek proba bat gainditu beharko dute –ez da abenduaren 1a baino lehen egingo–, eta aurreko kanpainetako esperientzia ere baloratuko da. Urteroko deialdi honen bidez, aitorpenak izapidetzerakoan Ogasun Departamentuko langileek izaten dituzten aparteko beharrei erantzuten zaie, “zerbitzu eraginkor, bizkor eta kalitatezkoa bermatuz”. Izan ere, deialdiak aukera ematen du “giza baliabide gehiago izateko, besteak beste, lan teknikoak egiteko, jendeari arreta emateko, gorabeherak konpontzeko edo zalantzak kontsultatzeko”, azaldu du Ogasun eta Finantzetako diputatu Jokin Peronak.

Ildo horretan, Errentaren lantaldearen lana nabarmendu du. Izan ere, aurreko kanpainan 67.250 telefono dei jaso ziren, –historiako kopururik altuena–, eta 173 baino ez ziren galdu, hau da, dei guztien % 0,26. Bidalitako 269.344 autolikidazio proposamenetatik % 83,3 onartu ziren. Azkenik, itzulketak azkar egin zirela nabarmendu behar da: modalitate mekanizatuan 1,3 egunetan egin ziren batez beste; proposamenen kasuan, 1,47 egunetan; eta, azkenik, modalitate telematikoan, aitorpenen % 99,4 10 egun baino gutxiagoko epean itzuli ziren.

  

2404