Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro 96.310 herritarrek parte hartu dute zuzenean Euskaraldian Gipuzkoan

96.310 herritarrek parte hartu dute zuzenean Euskaraldian Gipuzkoan

75.572 izan dira ahobizi eta 20.738 belarriprest; “indar eta ilusio kolektibo berria” piztu du ekimenak, Imanol Lasaren esanetan

96.310 gipuzkoarrek parte hartu dute zuzenean ‘Euskaraldia. 11 egun euskaraz’ ekimenean: 75.572 izan dira ahobizi eta 20.738 belarriprest, Imanol Lasa foru bozeramaileak plazaratutako datuen arabera. Eskualdeka, berriz, hau da aktiboki bi roletako bat hartu duten herritar kopurua:  Buruntzaldean 9.681, Bidasoan 5.434, Debabarrenean 6.992, Debagoienean 13.261, Donostialdean 17.649, Goierri 9.064, Oarsoaldean 7.899, Tolosaldean 8.055, Urola Kostan 9.885, Urola Erdian 5.880 eta Urola Garaian 2.510. Biztanle gehien dauzkaten bost udalerriei dagokienez, 17.649 lagunek parte hartu dute Donostian, 3.622 Irunen, 3.337 Eibarren, 2.759 Errenterian, eta 4.554 Zarautzen.

Gipuzkoan parte hartu duten herritarrak parte hartzaile guztien artetik ia % 44 izan dira eta horrek agerian uzten du hizkuntza kontutan Gipuzkoak duen “lidergoa eta ardura”. Hala, datuek erakutsi duten bezala, Gipuzkoak oso rol garrantzitsua du hizkuntzaren normalizazioan. “Oso irakurketa baikorra” egin du foru bozeramaileak. “Zalantzarik ez dago Euskaraldiarekin indar eta ilusio kolektibo berriak piztu direla gure lurraldean. Ikusi besterik ez dago herriz herri ekimena dinamizatzeko sortutako batzordeetan herritarrek erakutsitako inplikazioa eta gogoa. Benetan eskertzekoa da. Orain daukagun erronka da hartu ditugun hizkuntza ohiturak etorkizunera begira indartzea eta, batik bat, egonkortzea. Hemendik Aurrera, egin dugun urrats horrek balio behar digu euskara gure kaleetan, erabileraren ikuspegitik, sendotzeko”.

Euskaraldia tarteko, hizkuntza jarrerei buruzko “gogoeta” eta “praktika” egin dute gipuzkoar askok, “ulermena balioetsiz eta baliatuz euskaraz egiteko”.  Hori dela-eta, “Foru Aldundiaren asmoa da hemendik aurrera ere euskaraz egitea eta Euskaraldiari jarraipena ematea, euskaraz egiteko ohitura indartzeko eta zabaltzeko gure baitan eta gure inguruan. Gipuzkoarrei dei egiten diegu, etxean bezala kalean, lantokietan nahiz aisialdian, gurasoak elkarren artean eta seme-alabekin, gazteak gazteekin eta helduekin, euskaraz egiteko ohitura errotzeko, Euskaraldiak lortutako aktibazioa urte osoan iraun dezan”.

Lasaren esanetan, “eraldaketarako ariketa kolektibo arrakastatsua” izan da Euskaraldia. “Bi osagai nagusi eduki ditu: elkarlana, eta praktika. Erakutsi digu, gure hizkuntza biziberritzeko, erakundeak, gizarte eragileak, enpresak eta norbanakoak elkarrekin aritzea dela gakoa. Beste alor guztietan Aldundia ezartzen ari den laneko eskemarekin bat egiten du ekimenak, gobernantza molde berriarekin, eta horregatik, besteak beste, babestu genuen hasieratik konbentzimendu osoz. Ahaleginak batera joatea eta indarra elkarrekin egitea da bidea, euskara, ongizatea, berdintasuna, lehiakortasuna edo edozein beste alor bultzatzeko”, amaitu du.
  

1639