Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro A-15 autobidearen Gipuzkoako aldea erabat itxiko da elur-alertekin

A-15 autobidearen Gipuzkoako aldea erabat itxiko da elur-alertekin

Ibilgailu astunek N-I errepidetik edo Sakanako autobiatik zirkulatu beharko dute, eta arinek Berastegitik Tolosara doan GI-2130 errepidea erabili ahal izango dute.

2021/11/11

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu ditu 2021-2022 Neguko Bidezaintza Planaren xehetasunak. Plan horretan A-15 errepidea itxiko dela nabarmentzen da, Gipuzkoako aldean, betiere elur-arriskua 1. mailakoa edo handiagoa bada. Horixe iragarri du Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek. Aurreratu duenez, Belabietako tunelen estaldura sendotzeko eta instalazioak egokitzeko obrak direla-eta, eta elurra kentzeko kamioiekin trafiko-desbideratzeetatik ibili ezin denez, autobia ixteko erabakia hartu da. «Erabat itxiko dira, ibilgailu guztientzat, bi galtzadak, Berastegiko lotunearen eta Andoaingo lotunearen artean, betiere Euskalmeten alertek 700 metrotik beherako elurra iragartzen badute», diputatuak zehaztu duenez. «Horretarako, Nafarroako taldeekin koordinatuko da trafikoa beste ibilbide batzuetatik desbideratzea. Gainera, GI-2130 errepidetik kamioiak igarotzea debekatuko da, seinale bertikalak jarriz, eta Trafikoarekin koordinatuko da etenaldi hori eraginkorra izan dadin». Andoain-Iruñerako galtzada Andoainen moztuko da, eta ezin izango da ibilgailurik sartu. Iruña-Andoain norabideko galtzada errei batera estutuko da Berastegiko lotunearen inguruan, eta ibilgailuak lotunera desbideratuko dira. Lotunean, Ertzaintzak ibilgailuak diskriminatuko ditu, eta ibilgailu astunak Nafarroarantz A-15 errepidetik bideratuko ditu.

          Aintzane Oiarbidek, bere agerraldian, azaldu du, elurra ikusita, A-15 autobideko zenbait ekipo N-I errepidera jaitsiko direla eta beste bi ekipok laguntza emango dutela Tolosatik Leitzara doan GI-2130 errepidean. «1-4 arrisku-mailak aktibatzen direnean, A-15 errepidearen Berastegi eta Leitza arteko tartea irekita mantenduko da», argitu du Bide Azpiegituretako diputatuak, eta gehitu du A-15 errepidea trafikora ixten denean, autobia horretara bideratzen diren bide-ekipoak Berastegi-Leitza tartea mantentzeko erabiliko direla, GI-2130 errepidearen mantentze-lanetan lagunduko dutela eta A-15 errepidea ahalik eta garbiena mantentzen lagunduko dutela, hartara elur asko pilatu ez dadin eta errepidearen irekiera osoa zaildu ez dadin ireki daitekeenean. Orobat N-I errepidean egongo diren ekipoak indartuko dituzte.

 

87 kamioi eta 11.400 tona gatz

Oiarbidek jakinarazi du Planera bideratutako 3,1 milioiez gain, beste 1,7 milioi euro bideratuko direla (4,8 milioi guztira), Bergaran kokatutako neguko bide-zentro berria eraikita. Neguko bide-plana azaroaren 15etik apirilaren 15era bitartean egongo da indarrean, eta Meteorologiako Euskal Agentziak izotz (edozein mailatan) edo elur abisuak ematen dituenean ak tibatuko da (1.000 metrotik behera).

          Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak gaur zehaztu duenez, Planak Aldundiaren eta Bidegiren 87 kamioi izango ditu, eta horiei, urtero bezala, Eusko Jaurlaritzak N-I eta A-15 errepideetan dituen ahalmen handiko garabiak gehituko zaizkie. Garabi horiek ibilgailu astun batek errepidea oztopatzen badu edo arazoak baditu erabiliko dira.

          Bergarako silo berria kontuan hartuta, edizio honetan biltegiratutako gatzaren kopurua 11.400 tonaraino igo da, 39 gordailutan banatuta. Urtero bezala, erakundeen arteko koordinazioa izango da elementurik funtsezkoena Neguko Bidezaintza Planaren funtzionamendurako. Bide Azpiegituretako Departamentuak, beraz, lankide izango ditu erakunde hauek: Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaile etxeak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua, eta Arabako nahiz Bizkaiko aldundiak.  Mantendu egiten da arrisku koten aldaketa, iaz egin zena Eusko Jaurlaritzaren eta Euskalmeten kotetara egokitzeko. Hortaz, 0 arrisku maila aktibatuko da elurra 700 metroan egitea iragarrita dagoenen, bat eginez, horrela, Plana aktibatzen duenarekin eta gure errepideetako kotekin.

 

Bergarako bide-zentro berria

2021-2022 Neguko Bidezaintza Plan honek izango duen beste berritasunetako bat Bergarako zentro berria da. 7.000m2-ko azalera du eta GI-627 errepidearen ondoan dago, AP-1 errepidera sartzeko biribilgunearen parean; bigarren mailako partzela, berriz, Ondartzako kontrol-zentroaren ondoan dago, autobidearen sarreraren parean, Bergara Iparraldeko ordainlekuan.

          Oiarbide diputatuak azpimarratu du oso garrantzitsua dela elurra kentzeko makinak, gatz siloak eta neguan autobideak egoera onean izateko behar diren gainerako elementuak gordetzeko zentro berri hori izatea. «AP-8 eta AP-1 errepideetarako –eta orain, urtarriletik aurrera foru sozietateak kudeatuko duen A-636 errepiderako,– Bidegiko neguko bideen dispositiboak bi zentro izango ditu. Bata, AP-8rako, Zestoa-Zumaiako sarreran, eta bestea, Bergarako iparraldeko sarreraren ondoan eraikitzen ari garena, AP-1 eta A-636 autobideetako beharrei erantzuteko. Bi zentroek kokapen egokia dute makinek gure autobideen beharrei ahalik eta azkarren erantzun ahal izateko».

          Bergarako obra bi fasetan egiten ari dira. Lehen fase honek 1,7 milioi euroko aurrekontua izango du (gehi BEZa), eta neguko bide lanetarako zerbitzua eta lantegia zein bulegoak egongo dira.  Era berean, lurzatia urbanizatzeko lanak ere egingo dira, elektrizitate eta led argiteria instalazioa, eta saneamendu eta drainatze sareak.  Esparruak itxitura perimetral bat izango du, eta Ondartzako kontrol zentrotik monitorizatuta egongo da. Bigarren faseak 1,6 milioiko inbertsio-aurrekontua dauka, 2022ko bigarren seihilekoan hasiko da, neguko kanpaina amaitu eta egungo gatz-biltegiak eta -metaketak kendu ondoren.

          Instalazioek estalkipeko aparkaleku bat dute, markesina modukoa, Zestoa-Zumaiako AP-8 autobidearen sarreran dagoenaren antzekoa, eta 16 elurra kentzeko kamioientzako lekua. Aurrealdean, mantentze lanetarako eraikina egiten ari dira; bertan, biltegia, aldagelak, langileentzako zerbitzuak eta bulegoak egongo dira. 50 metro luze eta 12 metro zabal izango da. Lau ate baskulagarri jarriko dira kamioiak lantegira eta biltegira sartzeko, eta bertan gordeko dira kontserbaziorako elementuak, obretarako trafiko seinaleak eta euste-hesiak. Aurreikuspenen arabera, lantegia, biltegia eta aldagelak abenduan erabilgarri egongo dira. Lurzati berean hondakinak kudeatzeko eta gasolioa biltzeko esparru bat izango da.  

 

Kontu handiz ibili

Bidezaintza Planaren helburua da lurraldeko errepide sarea baldintza egokietan edukitzea: izotzik gabe eta elurrik gabe. Hala eta guztiz ere, diputatuak azpimarratu du garrantzi handikoa dela gomendioei jarraitzea eta arriskuak saihestea, ahal den neurrian. «Eguraldi baldintza oso txarretan, komenigarria da autoa ez hartzea, eta hori ezin bada, egiaztatzea ibilgailua egoera onean dagoela, eta baliabide egokiekin», azpimarratu du Oiarbidek. Orobat, dei berezi bat egin die ibilgailu astunak gidatzen dituztenei, eta gogorarazi die ezen, elurra badago, guztiz debekatuta dagoela aurrea hartzea eta ezkerreko erreitik joatea.  «Ertzaintza arduratuko da debeku hori kontrolatzeaz. Eskaera hori gainerako ibilgailuentzat ere egiten dut: errepidea egoera txarrean dagoenean, komenigarria da ezkerreko erreia hustea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietako ibilgailuek beren lana egin ahal izan dezaten», amaitu du. 

  

2196