Briciole di pane

Aggregatore Risorse

Indietro A-15eko errepidea itxiko da ostiral gauean, San Lorentzo-Larre tuneleko lanen hasieran dela eta

A-15eko errepidea itxiko da ostiral gauean, San Lorentzo-Larre tuneleko lanen hasieran dela eta

Errepidea bi norabidetan egongo da itxita asteburuan zehar eta igande gauean irekiko da, Iruñea norabidean egingo den bypass bati esker

2019/06/12

Gipuzkoako Foru Aldundiak A-15 errepideko San Lorentzo-Larre tuneleko lanei ekingo die datorren ostiralean, ekainak 14, estaldura sendotu eta instalazioak Europako 2004/54/CE Zuzentarauak dionera egokitzeko. Lanek lau hilabete irautea aurreikusten da, eta sei milioi euro inguruko aurrekontua dute. Aurreikusitako lanak egin ahal izateko, nahitaezkoa izango da A-15 errepidea erabat ixtea 48 ordutan: ekainaren 14ko 22:00etatik ekainaren 16ko 22:00etara. Andoaingo noranzkoan Berastegiko lotunetik aurrera egingo da mozketa, eta Iruñeko noranzkoan Andoaingo Sorabillako lotunetik aurrera.

Asteburuan zehar egin beharreko lanen artean daude euspen hesi bat instalatzea eta tuneleko elementu guztien kontrol sistema aztertzea. Mozketak erabiltzaileak beste ibilbide batzuk hartzera behartuko ditu. Horrela, Nafarroatik Gipuzkoara egiten diren ibilbide luzeetarako, gomendatzen da N-I errepidea hartzea Altsasuraino, horretarako aurrez Irurtzunetik A-10 autobia hartuz (Sakanako autobia). Inguruko herrietara joateko, Berastegi, Elduain eta Berrobi besteak beste, A-15 autobideko erabiltzaileek Berastegiko lotunean irten beharko dute, GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza) dagokien jomugara iristeko.

Gipuzkoatik Nafarroara doazenek, bere aldetik, N-I errepidetik joan beharko dute Gasteizko noranzkoan Altsasuraino eta ondoren A-10 autobidea (Sakanako autobia) Irurtzuneraino hartzea izango da gomendatutako ibilbidea. Lekunberrira edo Leitzara doazenek, horren ordez GI-2135 errepidea (Tolosa-Lekunberri) erabili ahal izango dute, Tolosatik abiatuta.

Igandetik aurrera, Iruñea norabideko hodiaren irekieraren ostean, Donostia norabidekoa lau hilabetetan egongo da itxita, hori baita lanen iraupenaren aurreikuspena. Bitartean, lanak era seguruan gauzatzeko, eta segurtasun neurri egokiekin autobidea trafikoari irekita egon dadin, trafikoa beste hoditik desbideratuko da. Gainera, merkantzia arriskutsuen joan-etorrien zirkulazioa murriztuko da, eta mugak ezarriko dira galiboan ere: altueran 4,5 metro, eta zabaleran 3 metro.

  

1754