Abbadia Saria jaso du Arantza Urretabizkaiak
Abbadia Saria jaso du Arantza Urretabizkaiak
Euskal literaturan “emakumeak duen presentzia eta iruditeria” aldatu ditu idazleak, Markel Olano diputatu nagusiaren esanetan.
Arantza Urretabizkaia (Donostia, 1947) idazleak Abbadia Saria jaso du gaur Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren eskutik, Foru Aldundiko jauregian egindako ekitaldian. Erakundeetako, eta euskal kulturari zein euskarari lotutako eragileetako 100 bat ordezkariren babesa izan du Urretabizkaiak, ohi bezala Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan egin den sari banaketan. Euskara aro modernora ekartzeko eta euskal literaturan emakumearen papera aldatzeko egindako lanagatik erabaki du epaimahaiak izendapena ematea. Baita bizitza osoan zehar euskararen alde egindako ekarpenagatik, eta euskara batua normaltzearen alde egindako guztiarengatik.
Aurtengoan ere, ordezkaritza zabala elkartu du Abbadia Sariak. Bertan izan dira, besteak beste, Imanol Lasa, Denis Itxaso, Aintzane Oiarbide, Rafi Romero eta Ainhoa Aizpuru diputatuak; Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidentea; Lorea Bilbao Bizkaiko Euskara diputatua; Miren Azkarate eta Lourdes Oñederra euskaltzainak; Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea; Irene Larraza Etxepare Instituko zuzendaria; Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria; Josu Waliño PuntuEus fundazioko zuzendaria; Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea; Rober Gutierrez Bai Euskarari elkarteko zuzendaria; Mariasun Landa idazlea; Aizpea Goenaga aktorea; Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia; edota Martxelo Otamendi kazetaria.
“Askatasunari eta naturaltasunari eutsiz”, euskal literaturan “emakumeak duen presentzia eta iruditeria” aldatu egin ditu Urretabizkaiak bere obrarekin, Markel Olanoren esanetan. “Sormen bide horietatik abiatu dira ondoren hainbat eta hainbat emakume idazle eta sortzaile. Horri esker, emakume idazleen begiradak asko eman dio euskarari, euskal letrei eta gure herriari. Gure literatura bezala, euskal gizartea errealago, anitzago, humanoago, berdinzaleago, osoago, benetazkoago da geroztik. Berdintasunaren aldeko zeregin konpartituan, oraindik ere gehiago nahi eta behar badugu ere”, dei egin du.
“Sortzaile askeen” garrantzia azpimarratu du Diputatu Nagusiak, “hizkuntza baten eta kultura baten arnasa” direlako. Euskara “lurralde berrietara” eraman dute Urretabizkaia bezalako emakume idazleek, haren esanetan: “Teknologiak ahalguztidun dirudien garaiotan, idazleen eta, oro har, sortzaileen askatasun hori aldarrikatu nahiko nuke. Euskara biziko bada, behar dugu Arantza Urretabizkaia bezalako emakume idazleen arnasa. Askatasuna oxigeno duen arnasa”.
Lur argitaletxea sortu zuen taldearen ekarpena ekarri du gogora, “euskara eremu guztietara” zabaltzeko, “atsedenik gabe, gaztetasunaren indarrez”. “Lanabes gisa hartu zuten sortu berria zen euskara batua. Eta beren jardunarekin hedatu, egikaritu, hezurmamitu egin zuten. Testuinguru sozial eta politiko latz eta arriskutsu batean, egin ere. Euskara eta euskal literatura, gainera, Europako korronte eta ideia aurreratuenekin lotu zuten”.
Urretabizkaiaren engaiamendua azpimarratu du Olanok. “Literaturan bezala kazetaritzan, euskal kultura eta euskarak defendatzaile jantzi eta aurrerakoia izan dute harengan. Ahoz eta ekitez. Bizitza konpromiso hori errekonozitzeko unea ere bada gaurkoa”.
Eta konpromiso hori berrituz, “gizarte aktibazioa, elkarlana eta berrikuntza” lantzen jarraitzeko deia egin du, euskara “biziberritzeko”. “Orain dela lau urte, hizkuntzaren ezagutzak asko egin duela aurrera genion, baina erabileran jauzi bat egiteko premiaz mintzatu ginen. Hiru oinarri horien inguruan, indar eta energia berri bat nabari zaio euskara biziberritzeko lanari”. Iragana eta etorkizuna lotuz amaitu du hitzaldia. “Orain dela 50 urte, ziur asko oraindik eta nahasiagoa zen egoera batean, belaunaldi batek euskararen aldeko hautu sendoa egin zuen. Aurrerantzean ere ez da etengo beren emaria”.
Udane Juaristi margolari azkoitiarrak okasiorako propio egindako obra jaso du Urretabizkaiak. Halaber, solasaldia egin du Yolanda Arrieta eta Uxue Alberdi idazleekin, eta euskal literaturan aditua den Mari Jose Olaziregirekin. Marga Altolagirre aktoreak eta Mayte Rodriguezek musikariak girotu dute Jaime Otamendi kazetariak aurkeztutako ekitaldia. Sarituaren ibilbidean mugarri diren izan diren izenburuen pasarteak irakurri dira: San Pedro bezperaren ondokoak (1972), Zergatik panpox (1979) eta Koaderno gorria (1998). Aurreko ekitaldietako saridun Kike Amonarriz, Antton Olariaga eta Moriartiko Jon Garaño eta Aitor Arregiren sostengua ere eduki du Urretabizkaia publikotik.
Anton Abbadia Saria 1996an sortu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, euskararen normalkuntzaren alde lan egiten duten pertsona, elkarte zein beste ekimenak bultzatu eta goraipatzeko. Urretabizkaia Abbadia saria jasotzen duen bigarren emakumea da. Lehenengoa Karmele Esnal idazle, irakasle eta ikastolen sustatzailea izan zen. Orain dela 20 urte, 1999an, eman zioten saria oriotarrari.
1956