Abian da Fellows programaren aurtengo deialdia
Abian da Fellows programaren aurtengo deialdia
Aldundiak bilera egin du programari atxikitako ikertzaileekin, eta 480.000 euro bideratuko ditu 2020an.
Diputatu Nagusi Markel Olanok, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru diputatu Imanol Lasak eta Berrikuntzako zuzendari Jon Gurrutxagak lan topaketa bat egin dute CIC Nanoguneko instalazioetan Fellows Gipuzkoa programaren onuradun diren ikertzaileekin eta beren jarduera garatzen duten ikerketa zentroetako arduradunekin. Foru arduradunek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte abian dauden proiektuak, eta aurki programaren aurtengo deialdia egitekoa dela iragarri dute; 2020. urtean 480.000 euro bideratuko dituzte horretara. "Talentua, bikaintasuna eta ikerketa uztartzeak lurralde gisa indartzen gaitu, aurrera eginarazten digu, lehiakorragoak izaten laguntzen digu, eta garatzeko aukera berriak irekitzen ditu", nabarmendu du Olanok.
Fellows Gipuzkoa programaren helburua da doktoretza osteko prestakuntza duten ikertzaileak, nazioarteko ikerketa talde garrantzitsuetan lanean ari direnak, Gipuzkoako ikerketa taldeetara ekartzea, horrela horien maila zientifikoa handitzeko. Bi jardueraren bidez ekin zaio helburuari: batetik, talentua erakarrita, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren Gipuzkoako zentroetan sar daitezen; eta, bestetik, talentua atxikita, zentro horiei laguntza emanez, ikertzaile horiek hiru urtez lantaldeetan egon daitezen.
2020an, Aldundiak programaren zuzkidura ekonomikoari eutsiko dio, aurreko deialdian programa horrekin bat egin zuten ikertzaileei laguntzen jarraitzeko eta talentu berria erakartzeko. Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 30ean amaituko da. Fellows programaren bidez, ikertzailearen lehen urteko kontratazio gastuen % 100 finantzatzen da; bigarren urtean, gastuen % 80; eta hirugarren urtean, % 70. Horrela, ikerketa zentroek aukera dute ikerketa lanak epe luzeagoan egiten jarraitu ahal izateko.
2000. urteaz geroztik, Gipuzkoan 36 ikertzaile hartzeko laguntza eman da. 2016an, Aldundiak erabaki zuen bikaintasun ikerkuntzan aritzen diren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentro guztietara zabaltzea programa, eta zortzi zentrori eman zien laguntza. Era berean, egonkortasuna lortze aldera, hautagaiek lurraldearekin lotura izatea baloratzen da, egiten duten lana Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren barruan kokatzea, eta lurraldearen etorkizuneko erronkei aurre egiteko Aldundiak bultzatutako apustu estrategikoetara bideratzea.
Gaur egun, 10 ikertzailek garatzen dituzte beren proiektuak Fellows programaren laguntzarekin: Adria Gil eta Beatriz Martín García, CIC Nanogunen; Connie Josefina Ocando, BERC Polymat-en; José Antonio Fernandes, Azti Fundazioan; Carlos Sánchez, Iván Ramos eta Óscar Ferreira, CIC Biomagunen; Karin García eta Darya Chyzhyk, EHUn; eta Sonia Alonso Biodonostian. Gaurko topaketa CIC Nanoguneko instalazioetan egin da eta zentroetako eta proiektuetako arduradunek ere parte hartu dute. Bertan, egiten duten lanaren eta beren ikerketen bilakaeraren berri eman diete foru arduradunei, eta horiek, berriz, aurtengo deialdiaren eta Aldundiak talentuaren kudeaketan dituen ildo nagusien berri eman diete.
Fellows programako 10 ikertzaileek hainbat motatako proiektu zientifikoak garatzen dituzte, hala nola minbiziaren terapietarako farmako hobetuen diseinu konputazionala; landare biomasaren hondakinak balorizatzea material polimeriko funtzional eta adimendun berriak garatuz; arrantza ontzi eta floten erregai kontsumoaren murrizketa; nano-material bioaktibo berriak sortzea; aplikazio biomedikoetarako material eraginkorragoak diseinatzea; leukoaraiosia edo garuneko substantzia zuria hautematea eta horrek narriadura kognitiboko hainbat formarekin duen harremana ikertzea; edo muskuluaren zelula amen birsortze gaitasuna aztertzea Alboko Esklerosi Amiotrofikoan.
I+G+B arloko erreferentea
Aurreikusten da aurtengo Fellows-en deialdia aste bukaeran gauzatzea, GAOn argitaratzen denean, baldintza eta xehetasun guztiekin. Gipuzkoako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentroek parte hartu ahal izango dute: zentro teknologikoek, unibertsitateek, ikerketa kooperatiboko zentroek, oinarrizko ikerketa eta bikaintasun zentroek, osasun ikerketarako institutuek, enpresetako I+G unitateek... Euskadin, Gipuzkoa da buru I+G+B arloko gastuari dagokionez (BPGren % 2,37 xedatzen du horretara), eta Europari begiratuz gero, batez bestekoaren dezente gainetik dago -% 2,06-. Hori dela eta, Olanoren arabera, lurraldea "erreferenteetako bat" da alor horretan, baina "egiteko asko dago eta landu gabeko potentzial handia du oraindik". Erronka horretan kokatu du Fellows programaren eta pareko ekimenen jarraitutasuna.
Diputatuak adierazi du talentua behar bezala kudeatzea funtsezkoa dela ezagutza aurreratua sortzeko, "ezagutza horrek Gipuzkoari eta bere ehun ekonomikoari aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasun handiena duten sektore ekonomikoetan lehiakorragoak izateko eta sendotzeko aukera emango baitie. Etorkizuneko zutabeetako bat ikerketa da; era berean, ikerketa pertsonengan eta gure zientzia eta ikerketa ekosisteman oinarritzen da, eta egiten den lanari merezi duen balioa eman behar zaio". Ildo horretan, bi alderdi lantzeko deia egin du Imanol Lasa Diputatuak: "bata, Gipuzkoan talentuzko harrobi bat sortzea ahalbidetuko diguna, gizarte osoaren kualifikazioa eta gaitasunak landuz, eta, bestea, kanpoko punta-puntako talentua erakartzea, harrobi hori gure ikerketaren ekosistema zientifikoaren bikaintasuna hobetuko duten 'fitxaketekin' osatuz. Azken hori da, hain zuzen ere, Fellows programaren xedea", esan du amaitzeko.
2161