Abian da kamioientzako AT bidesari sistema
Abian da kamioientzako AT bidesari sistema
Gaurtik aurrera 3,5 tonatik gorako kamioi guztiek kanona ordaindu behar dute N-1 errepidetik eta A-15 autobidetik igarotzeko.
Gauerditik goizeko 11:15 bitarte AT sistemak 10.901 transito identifikatu ditu. Gaurtik aurrera 3,5 tonatik gorako kamioi guztiek kanona ordaindu behar dute N-1 errepidetik eta A-15 autobidetik igarotzeko.
Gauerditik goizeko 11:15 bitarte AT sistemak 10.901 transito identifikatu ditu
Gaur goizeko 00:00etan indarrean sartu da kamioientzako AT bidesari sistema Beraz, gaurtik aurrera, 3,5 tonatik gorako kamioi guztiek kanona ordaindu behar dute N-1 errepidetik eta A-15 autobidetik igarotzeko. Sistema inolako arazorik gabe hasi da funtzionatzen eta gauerditik goizeko 11:15 bitarte 10.901 transito identifikatu ditu. Horietatik %75ek VIA-T edo antzeko gailua zuten eta zuzenean egin zaie kobrantza.
Sistema berria abian jartzea aurtengo lehenengo Diputatuen Kontseiluaren egunean egokitu denez, foru gobernuaren bilera Bidegi-ren egoitzan izan da. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok bertan esan du egun garrantzitsua dela gaurkoa, bai Foru Aldundiarentzat, bai gipuzkoarrentzat: "Uste dugu hau dela etorkizuna: erabileraren arabera ordaintzea. Europako Batasunaren aginduak dioen bezala, horixe da sistemarik bidezkoena errepideak egoera onean edukitzeko, batik bat Europa zeharkatzeko diren errepideak zaintzeko, N-1 eta A-15 bezalakoak. Horrela, errepide nagusi horien mantenimendurako lehen erabili behar izaten genituen baliabideak gipuzkoarren ongizaterako erabili ahal izango ditugu orain. Kamioientzako kanona gaurtik aurerra izango duten errepide zati horien mantenimendu arrunterako hiru milioi euro xedatzen genituen lehen, eta gizarte politiketarako eta ekonomia berraktibatzeko erabili ahal izango ditugu orain".
Kanon berri honekin 9 milioi euro jasotzea espero da. Horietatik, hiru milioi erabiliko dira errepidea bera hobetzeko (bihurguneak leuntzeko, proiektu berriak gauzatzeko...); beste hiru milioi erabiliko dira errepidearen beraren mantenimendu arrunterako, eta gainerako hirurak AT sistemaz arduratuko den enpresa kudeatzailearentzat.
Bidesariak Irun eta Etzegarate bitartean ibiliko diren kamioei eragingo die, hau da, N-1 errepidea erabiltzen duten 12.000 kamioilari baino gehiagori. N-1 errepidea Europa zeharkatzen duten bideen ardatzean dago eta, horrenbestez, erabiltzaile asko atzerritarrak ditu, batik bat garraiolarien artean. "Azken bi hilabeteotan sistema probatzen aritu gara, "martxa zuria" eginez, eta Irun, Andoain eta Etzegarateko arkuetan eskuratu ditugun datuak ezin esanguratsuagoak dira: kamioien % 60tik gora atzerrikoak dira. Gainerako % 40ak matrikula espainiarrekoak dira, baina horien artean ez dakigu zehatz-mehatz zenbat diren gipuzkoarrak, nahiz eta portzentaje handia izango den seguru asko. Kanon berri honekin, lehenbiziko aldiz, Gipuzkoakoak ez diren kamioilari guztiek lagunduko dute N-1 errepidearen mantenimenduan eta hobekuntzan", azaldu du Olanok. Eta erantsi du: "AT sistemak trafikoak orekatzen ere lagunduko du, zeren hainbat kamioik aurrerantzean N-1etik AP-8ra eta AP-1era joko du eta, jakina, horrek eragin positiboa izango du gure errepide sarean, N-1 errepideko trafikoa arindu eta besteetakoarekin banatuko baitu".
VIA-T sistemarekin bateragarri den gailurik ez badute, ibilbidea N-I eta A-15 errepideetan barrena egiten duten garraiolariek erregistratu beharra izango dute, Bidegiren web orria erabiliz (urtarrilaren 3an aktibatu zen horretarako), edo errepide sarean horretarako jarri diren bost kioskoetakoren batean. Lau puntutan (Alegian, Etzegaraten eta Oiartzunen, azken horretan bi aldeetan), Bidegiko lankideak egongo dira, behar duten garraiolariei informazioa ematen eta inskripzioa egiten laguntzen. Goizeko 8etatik ilunzeko 8ak arte egongo dira bertan, urtarrilaren 19 arte. "Hiru egunetan (urtarrilaren 3, 4 eta 5) 457 kamioilari geratu dira Bidegi-k ibilbidean zehar jarri dituen lau arreta guneetakoren batean. Garraiolari gehien geratu diren eta informazio eskara gehien jaso den gunea Alegikoa izan da. Guztira 343 pertsona geratu dira puntu horretan galdetzera, hiru egunotan", adierazi du diputatu nagusiak.
Bestalde, AT sisteman erregistratzeari dagokionez, urtarrilaren 3tik (abian jarritako datatik) atzo eguerdia arte, 97 bezerok 221 ibilgailu erregistratu dituzte, bidesaria ordaintzeari begira. Orobat, 167 ibilgailu erregistratu dira, ordanketatik salbuesteko (pertsonen garraiorako ibilgailuak).
Bidegi-ko bezeroarentzako arreta zerbitzuan 2.000 dei jaso dira azken aste honetan, sistemari buruzko informazio eske.
Gaur egun, Irungo bidesari orokorretik igarotzen diren garraiolarien % 92k VIA-T sistema edo bestelako sistema bateragarriren bat dute eta ez dute beste ezer egin behar. Gainerako % 8ak dira erregistratu beharra dutenak.
Kamioien bidesaria hiru puntutan kokatu da: Irunen, Andoainen eta Etzegaraten. Tarifak, beraz, egindako ibilbidearen luzeraren araberakoak dira. Tarifa txikiena (0,56 €) ordaindu behar dute Andoaingo arkua igarotzen duten 1 motako kamioi astunek (3,5 eta 2 tona artekoak); aldiz, tarifa handiena (6,89 €) ordaindu behar dute Irun eta Etzegarate ibilbide osoa egiten duten 2 motako kamioi astunek (12 tonatik gora).
Gogorarazi dute, baita ere, garraiolariek ezingo dutela diruz ordaindu Irungo ordainlekuan, sistemaren funtzionamendu egokia sendotzeko, zirkulazioaren segurtasuna eta fluxua bermatzeko, eta zirkulazioari ahalik eta gutxien eragiteko. Gaurtik aurrera, hilabeteko epea izango dute sisteman inskribatzeko edo VIA-T nahiz bestelako sistema bateragarria eskuratzeko.
2361